2018/03/28

Lokarrik Foro Sozialaren gomendioak aurkeztu dizkio Eusko Legebiltzarreko presidenteari

Gaur Lokarriren ordezkaritza batek Foro Sozialaren gomendioak eskura eman dizkio Eusko Legebiltzarreko presidenteari.

Lehenik eta behin, Lokarrik Presidenteari, Eusko Legebiltzarreko ordezkari gorenari, Foroaren gomendioak eskura emateko aukera eskeini izana eskertu nahi dio.

Bigarrenik, Presidenteari helarazi dioguna azpimarratu nahi dugu: gomendio hauek duten helburu nagusia bake prozesua eta elkarbizitza bultzatzeko ekarpen eraikitzaile bat  izatea dela, gizartearen parte-hartzearen ondorio den ekarpena alegia.

Hirugarrenik, Foroaren beraren gomendioetako bat nabarmendu nahi dugu, zehazki lehenengoa, “erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte zibilaren partaidetza zabal eta aktiboaren bidez etorkizuneko elkabizitzarako oinarri sendoak ezarriko dituen elkarrizketa eta berradiskidetze ariketa bat” martxan jartzearen garrantzia nabarmentzen duena. Zentzu horretan, erakundeetan ematen den elkarrizketa, eta zehazki Legebiltzarrean, funtsezkoa da elkarbizitza eraikitzeko. Horregatik, talde parlamentarioen arteko lankidetza, elkarrizketa eta adostasuna sustatzeko indarrak bikoiztera animatu dugu Legebiltzarreko presidentea.

Azkenik, eta arrazoi horregatik,  Bake eta Bizikidetza Batzordean edota Giza Eskubideen Batzordean agertze bat eskatzeko gure asmoa partekatu dugu Eusko Legebiltzarreko Presidentearekin, gomendioak legebiltzarrean aurkezteko helburuarekin.