2021/06/18

Lobby-ak ezin izan du espetxe-politikaren aldaketa gauzatzea eragotzi

Gaur, Bilboko Abokatutzaren Elkargoan, Teresa Toda eta Aitzol Aslak sei hilean behin argitaratzen den Behatokiaren hirugarren alea aurkeztu dute. Zenbaki honetan, "lobby-aren" oztopoak izan arren espetxe politikaren aldaketan izandako aurrerapenak datuekin egiaztatzeaz gain, GarbiƱe Biurrun epaileari egindako elkarrizketa ere nabarmendu nahi dugu.

Behatokia 3. zb PDF

Teresa Todaren hitzartzea

Bihar, ekainak 19, urtebetea beteko da presoen lekualdaketak gauzatzen hasi zirenetik. Gogoratuko denez, 2020ko apirilean eta maiatzean, konfinamenduaren garaian, Gobernuak iragarri zituen, baina ekainaren 19 arte ez ziren gauzatzen hasi.

Gaur Behatokiaren 3. seihileko honetan aurkezten ditugun datuek Pedro Sánchezen Gobernuak espetxe-politikan eman duen aldaketa erakusten dute, batez ere lekualdaketei dagokionez. Aitzol Aslak datuak azalduko ditu jarraian. Nik, besterik gabe, esango dut jada ez dagoela motibazio politikoko delituengatik euskal presorik ez Levanten, ez Galizian, eta 3 bakarrik daudela Andaluzian, eta bat ere ez isolamenduan. Preso gehienak EAErekin eta Nafarroarekin muga egiten duten espetxeetan daude. Beste gauza batzuez gain, presoen familia eta inguruko pertsona askorentzako honek suposatu duen lasaitasuna azpimarratu nahiko genuke.

Hala ere, oraindik konpondu gabe daude 2018ko irailean Foro Sozialak planteatutako “Konponbiderako Premiazko Agendaren” zenbait puntu. Horien artean, zigorren pilaketaren arazoa nabarmendu behar da, oraindik askatzeke dagoelako eta berrogeita hamar pertsona baino gehiagori eragiten diolako.

Baina, zalantzarik gabe, aurrera urratsak ematen ari dira, gauzak ez daude orain dela 3 urte bezala, eta, aldaketaren aurkako “lobby” indartsu bat egon arren, presoen birgizarteratzeko lehen fasea amaitzear dago.

Esan bezala, dena ez dago eginda, eta urrats batzuk motz geratzen dira oraindik. Hilabete erabakigarriak ditugu aurretik falta diren korapilo horiek askatzeko, presoen auzia oraindik ere erabat konpondu gabe baitago. Beti ere, EAE eta Nafarroako gizartean bizikidetza demokratikoa eraikitzeko helburuarekin.

Presoen auzia konpontzeko, hiru esparru definitu genituen: Lehenik, Espainiako Gobernuak salbuespeneko espetxe politikaren aurreko fasea gainditzeko borondatea; bigarrenik, presoen inplikazio argia urrats garrantzitsuak emanez; eta hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuen eta inplikatutako gizarte zibileko erakundeen borondatea birgizarteratze-prozesuei ekarpenak egiteko. Hiru esparruetan emandako aurrera pausuak finkatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka.

Nafarroako eta EAEko gobernuen eta erakundeen inplikazioa egiaztatu dugu, eta, batez ere, EAEren kasuan. Izan ere, espetxe-eskumenen transferentzia sinatu ondoren, indarrean dagoen araudiaren barruan EAEn kudeaketa modu gizatiarrago eta irekiago bat egingo dela iragarri da.

Beraz, elementu positiboak daude balantzean. Baina, agertzen ari diren zenbait arazo ikusita, berriz ere errepikatu behar dugu urtarrilean ohartarazi genuena: birgizarteratze-ibilbideek bermeak izan behar dituztela. Hau da, ibilbidea hasten duten presoek prozesua amaieraraino eraman ahal izatea ustekabeko trabarik gabe, presoei normaltasunez aplikatu beharko litzaiekeen araudi arruntean ez dauden eskaerarik gabe. Eta birgizarteratzearen bigarren faseari heltzerakoan, gure kezka berretsi behar dugu.

Aipatutako “lobby” horren aldetik erresistentziak identifikatzen ari gara: espetxe-zigorren ikuskera mendekatzailea, motibazio politikoko delituengatik zigorrak bete dituzten pertsonek bizikidetza demokratikoari egin diezaioketen ekarpenak baztertzea eta planteamendu aurreratuenen aurka egitea. Egia da gero eta gaitasun txikiagoa duela lobby horrek espetxe-politikaren aldaketa baldintzatzeko. Ez da txikia, ordea, komunikabideetan duten presentzia eta gai horien inguruan zenbait indar politikoek egiten duten erabilera. Eta egiaztatu behar da “lobby” honen planteamenduek estamentu judizial garrantzitsuetan eragina dutela, adibidez Auzitegi Nazionalean, eta zailtasunak sortzen dituztela espetxe-ibilbide arruntetan. Hain zuzen, Auzitegi Nazionalean hain ondo txertatua dagoen “lobby” honen inguruko Behatokiaren ale monografiko batean lanean ari gara.

Estatu espainiarrean giro politikoa oso krispatua dago, eta presoen hurbilketen legezkotasuna defendatzen duten ETAren biktimen elkarteak eta haien izenean jarduten duten biktimak irainduak izan dira. Horregatik, gero eta beharrezkoagoa da iritzi korronteak sortzea eta indartzea eremu mediatikoan, juridikoan, sozialean eta bere izenean aritzen diren pertsonen artean, Espainiako Kongresuan dagoen %55eko gehiengo horri laguntzeko eta EAEn eta Nafarroan bizikidetza demokratikoa erakitzeko neurriak bultzatzeko.

Horixe izan zen, hain zuzen ere, Foro Sozial Iraunkorrak Behatokia sortzeko zuen helburuetako bat. Iaz, baldintza zailetan, irailean Madrilen jardunaldi batzuk antolatu genituen, eta urrian Andaluziarako bidaia. Pandemia amaitu ondoren, Espainiako Estatuari begirako lan-ardatz horri ekingo diogu berriro.

Ildo horretatik, azken datuekin batera, Behatokiaren ale honetan elkarrizketa sakona egin diogu Garbiñe Biurrun epaileari. Epaileak ekarpen interesgarria egiten du azpimarratzen duenean erakundeek lan pedagogikoa egin behar dutela gertaera faltsuetan, manipulatuetan edo gaizki ulertutakoetan oinarritutako aurreiritziak eta iritziak desaktibatzeko. Beharrezkotzat jotzen du hartutako erabakien helburua eta lege-oinarria argi azaltzea: “Gobernuak behin eta berriz azaldu beharko luke zergatik erabaki duen presoak hurbiltzea, txertoak eta beste gauza batzuk azaldu dizkiguten bezala”. Uste du jendeak ez dakiela zer den erantzun penala eta espetxea bera; izan ere, gizarteak bere bizitzatik “kanpora” bota du kartzela, bai fisikoki bai mentalki. Era berean, interesgarriak dira biktimei, justiziaren aplikazioari edo Espetxeak Zaintzeko Epaitegi Zentralari buruz Biurrunek egiten diten gogoetak.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu Foro Sozial Iraunkorraren helburua dela motibazio-delituengatik preso dauden pertsona guztiek euren birgizarteratze-ibilbideak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetan egitea, hirugarren graduan, estatu frantsesean dagoeneko bete diren zigorrak metatzen dituzten kasuetan dagozkien onurak jasoz eta, batez ere, bizikidetza demokratikoa eraikitzen lagunduko duen birgizarteratze-ibilbide batean aktiboki parte hartuz.
 

Aitzol Aslaren hitzartzea

Teresak aipatu duen bezala, niri dagokit datuak aurkeztea eta aztertzea. Jarraian zehaztuko ditudan datuak ekainak 14koak dira.

Motibazio politikoko 210 preso daude gaur egun, gehien gehienak EPPKren planteamenduarekin bat datozenak. 30 emakumezkoak dira eta 180 gizonezkoak. Haietako 57 EAEko eta Nafarroako espetxeetan daude; 128 Estatu espainoleko beste espetxeetan, eta 25 Estatu frantseseko kartzeletan. Portzentaietan, zenbaki hauek adierazten digute kolektibo horren %13 “0 km” eremuan daudela, haien senide eta ingurune sozialetik gertu. Beste % 61 EAEtik eta Nafarroatik 150-400 kilometrotara dauden espetxeetan dago. %7k 400-600 km-tara dauden kartzeletan jarraitzen du eta %1ek 600 km baino gehiagotara.

Hauek horrela, aldaketa prozesuaren lehenengo fasearen bukaeran egongo ginateke, presoak hurbiltzeari eta lekualdatzeari dagokionez. Gehiengo zabal bat EAE eta Nafarroako periferian dauden espetxeetan daude, preso hauek gaur egun daukaten jarrera politikogatik diskriminatuak izan gabe.

Datu esanguratsuak dira, eta are gehiago duela sei hilabete argitaratu genituen datuekin alderatzen baditugu:

Urtarrilean, 25 pertsona besterik ez zeuden Euskal Herriko espetxeetan, presoen %13. Gaur egun, esan dudan bezala, 57 dira, %31. 150-400 km-tara dauden espetxeetan, %41 zegoen urtarrilean, eta %61 gaur egun. 400-600 km-tara, %18a urtarrilean, %7 ekainean. Eta 600 km-etara baino gehiagora dauden espetxeetan %1 dago gaur, urtarrilean %28 zeudenean.

Baieztatu dezakegu, beraz, orain duela hiru urte Pedro Sanchezek iragarri zuen espetxe politikan eman nahi zuen aldaketa gauzatzen ari dela. Hori bai, azken hilabete hauetan prozesua azkartu arren, gauzak espero genezakeen baino erritmo mantsoagoan joan dira. Dena den, azpimarratzekoa da, gaur egun, EPPK-ko 3 preso besterik ez dela geratzen Andaluzian, jada inor ez dagoela Galizian edota Levanteko espetxeetan, eta, beraz, ehunaka senide eta lagunentzat hain gogorrak ziren bidaia luzeak bukatu direla, edo bukatzear daudela.

Balantze orokorra alde positiboak izan arren, aipatu behar da “Konponbiderako Premiazko Agendan” planteatu genituen puntu batzuk ez direla oraindik bete, eta ez dirudi haien gauzatzeak bide erraza izango duenik. Hor daude gradu progresioan edo baldintzapeko askatasunetarako salbuespenezko legediek ezartzen dituzten zailtasunak, lege arruntak eskatzen duenetik harago doazenak. Hor daude, baita ere, beste estatuetan bete diren kondenen batuketa ez onartzea, horrek suposatzen duen guztiarekin. Arau horrek 50 pertsonari eragiten die Estatu espainiarrean. Bestalde, 60 dira 7/2003 salbuespenezko legediarekin kondenaturik daudenak.

Jadanik ari gara gradu progresioan eta, bereziki, hirugarren gradura pasatzeko prozesuetan oztopo berriak aurkitzen. Behatokiaren 3. Monografikoan, Zuerako espetxearen egoerari buruzkoan, adibide batzuk aztertzen genituen. Egoera ez da hobetu orduz geroztik, eta Monografiko berri bat prestatzen ari gara Audientzia Nazionalean finkatuta dauden jarrera oztopatzaileen inguruan. Espainian dagoen “lobby”-aren planteamenduekin bat datozen espetxe politikaren aldaketaren aurkako jarreren inguruan, alegia.

Zentzu horretan, EPPK-rekin bat egiten duten presoen jarrera azpimarratu nahi genuke. Kolektiboak 2017an ireki zuen bidea garatzen ari dira, hau da, gradu progresiorako espetxe araudi arruntak planteatzen dituen urratsak ematen ari dira, Tratamendu Batzorde batzuek eta Auzitegi Nazionalak zailtasunak jarri arren. Preso hauek idatzi indibidualak aurkeztu dituzte, beraien ibilbideei buruzko gogoetak egiten, egindako kaltea onartuz eta biktimekiko enpatia azalduz.

Hurbilketekin egin dugun ariketa bera egiten badugu gradu progresioekin, nabarmentzekoa da lehen graduan, baldintza gogorrenak ezartzen dituenean, 6 preso besterik ez daudela gaur egun, eta haietako 3ri gradua leuntzen den 100.2 artikulua aplikatu zaiela. Urtarrilean, ordea, 78 ziren lehen graduan zeuden presoak, haietako 34 100.2 artikuluarekin.

Gaur egun, kolektibo honen gehiengoa, 157 pertsona, bigarren graduan dago, haietako 5 100.2 artikuluarekin. Urtarrilean, 100 ziren, 3 100.2-rekin.

Aldaketa txikiena 3. graduan eman da: urtarrilean 11 ziren gradu horretan zeudenak (haietako 5 espetxealdi arinduan) gaur egun 13 dira (haietako 8 espetxealdi arinduan).

Kontuan hartzen badugu estatu espainiarrean dauden presoen artean 53 direla jada kondenaren 3/4ak bete dituztenak, eta, beraz, hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egoteko aukera izango luketela, pentsa dezakegu non egongo diren arazoak edo oztopoak hurrengo fasean.

Badakigu bidea ez dela erraza izango, baina ziur gaude emandako pausoak ez direla hutsean eroriko. EAEn eta Nafarroan oso zabalduta dago presoen auzia konpontzea bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ekarpen garrantzitsua izango dela. Eta espainiar estatuan gero eta gehiago dira aldaketa horien aldeko ahotsak, nahiz eta “lobby”-ak bere indarra erakutsi. Foro Sozial Iraunkorrak beharrezko ekarpen guztiak egiteko prest jarraitzen du.