2019/07/01

Lluch, Manrique, Cabré, Lasa eta Txasko gaur Catalunyako Parlamentean

Institut Catalá Internacional per la Pau (ICIP) eta Foro Sozial Iraunkorraren eskutik, ETAren eta Estatuaren biktimek agerraldia egin dute gaur Kataluniako Parlamentuan.

Rosa Lluch, Robert Manrique, Rosa Maria Cabré, Axun Lasa eta Andoni Txaskok ordubeteko solasaldia egin dute ondorengo parlamentariekin: Josep Maria Forner (Junts per Catalunya), Jose Rodríguez eta Ferran Civit (ERC), Esther Niubó (PSC), Marc Parés (Catalunya en Comú-Podem) eta Carles Riera eta Aina Tello (CUP). Era berean, Xavier Masllorenç (ICIPko Presidentea) eta Kristian Herbolzheimer (ICIPeko Zuzendaria) egon dira, eta Agus Hernan, Tasio Arrizabalaga eta Teresa Toda, Foro Sozialaren izenean.

Parlament-eko Giza Eskubideen Batzordean egin da bilera. Hasieran, Xavier Masllorenç-ek saioaren nondik norakoak azaldu ditu eta, ondoren, biktima bakoitzak bere esperientzia propioa azaldu du, izan dituzten zailtasunak eta pairatu duten mina nabarmenduz. Etorkizuneko hausnarketak ere egin dituzte eta elkarri entzuteko beharraz aritu dira. Zentzu honetan, mota honetako saioek maila pertsonalean eta elkarbizitzaren eraikuntzan jokatzen duten papera azpimarratu dute.

Rosa Lluchek eta Rosa Maria Cabrék “entzuten zaituztela sentitzea” oso garrantzitsua dela adierazi dute, eta zentzu honetan Instituzioen aldetik dauden hutsuneak nabarmendu dituzte, hauek ere “mina sortzen” dutelako. Roberto Manriquek, bere aldetik, “biktimen aniztasuna errespetatu” behar dela adierazi du. “Indarkeria mota askotariko biktimak daude, baita Estatuaren biktimak ere” azaldu du, eta indarkeria mota desberdinetako “Kataluniako Biktimei Arreta Bulegoa” zabaltzea eskatu die parlamentariei.

Axun Lasak Glencreen egindako ariketak suposatu zuena azpimarratu du, “elkarri entzutea eta pairatutakoa konpartitzea”, alegia. “Egitea posible zela ikusi genuen, gerturatzea posible zela, biktima bezala, gure mina eskuetan hartu eta beste biktimengana joatea” adierazi du Lasak.

Andoni Txaskok, azkenik, biktimen eskubideak onartzeko eta Egia ezagutzeko Estatuak ezartzen dituen ezberdintasunak azaldu ditu, aitortuak izateko aurkitu dituzten trabak eta ukazioak nabarmenduz.

Agus Hernanek, Foro Sozialaren koordinatzailea, adierazi du “ohorea” dela bost biktima hauen ondoan egotea, eta Talde Parlamentarioei eskatu die pasa den urtean sinatu zen Bartzelonako Adierazpena Parlamentera eramateko, Euskal Herriko bake prozesua sustatzeko eta, aldi berean, azken hamarkadetan gertatukoaren inguruan batzuek egiten ari diren erabilpena ekiditeko.

ICIPren aldetik, Foro Sozialarekin batera egiten ari diren elkarlana azaldu dute. Izan ere, bi elkarteon ekimenez Bartzelonako Adierazpena sinatu zen orain justu urtebete Bartzelonako udalean.

Ondoren, talde parlamentarioek ICIPri eta Foro Sozialari biktimei entzuteko aukera eskertu diete, biktimei bere babes eta errespetu osoa adieraziz. Egindako eskaerak aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Bihar, 18:30ean, Bartzelonako Kazetarien Elkargoan solasaldi publikoa egingo dute, ICIPk eta Foro Sozialak antolatua, Rosa Lluch, Robert Manrique, Axun Lasa eta Andoni Txaskok.

Bartzelonan, 2019ko uztailaren 1ean