"País Vasco: una nueva política penitenciaria para una nueva normalidad" jardunaldiaren aurkezpena (Madril, irailaren 24a)
Foro Sozial Iraunkorraren helburuetako bat Espainiako Estatuan espetxe-politikaren aldaketaren aldeko iritzi-korronte bat aktibatzea da.
Lan horren lehen fasea Katalunian burutu zen, eta emaitzarik nabarmenenak Bartzelonako Udalak 2018ko ekainaren 29an eta Kataluniako Parlamentuak 2020ko urtarrilaren 13an egindako adierazpenak dira.
Parlament-eko adierazpenaren ondoren iragarri genuen une horretatik aurrera gure lehentasuna Madrilen egin beharreko lana izango zela. Duela hilabete batzuetatik hona, aliantza berriak ehuntzeko artisau-lana egin dugu bertan. Pandemiak joan den martxoan egitekoa zen lehen ekitaldia atzeratzera behartu gintuen.
Honen bidez, "País Vasco: una nueva política penitenciaria para una nueva normalidad" izeneko topaketaren aurkezpen publikoa egin nahi dugu. Madrilen izango da, irailaren 24an (16:00etatik 20:00etara). Jardunaldi hau Ezkerreko Abokatuen Foroarekin (FAI) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Sindikatuarekin (SISEJ) elkarlanean antolatu dugu.
Irekiera hitzaldia Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak egingo du. Erantsita programa osoa doa.
Baina prentsa-ohar hau baliatu nahi dugu ere kezka sortzen digun hausnarketa bat partekatzeko.
Euskal Herrian bizi den bake-egoera berriarekiko estatu espainiar osoan dauden ulertezintasun izugarriez jabetzen ginen eta gara. Eta aurreikusi genuen, baita ere, sektore batzuk aldaketa hori oztopatzen saiatuko zirela. Izan ere, boteretsuak dira garaile eta galtzaileen logika elikatzen jarraitzen duten eragileak, eta logika horrek ez du laguntzen bizikidetza demokratikoa eraikitzen, kontrakoa baizik.
Zentzu horretan, egiaztatu behar dugu gero eta kezka handiagoa dugula presio handiko "lobby" batek gero eta eragin handiagoa duelako. Lobby hau iraganeko logiketan oinarrituta dago, eta gai honetan eman beharreko urratsak baldintzatu nahi ditu, batez ere politika instituzionalean, baina baita ebazpen judizialak edo administratiboak ere. Jakina den moduan, espetxe-araudi arruntarekin bat etorriz, ebazpen horiek hainbat prozesu errazten dituzte, hala nola graduan aurrera egitea, presoak erabat bergizarteratzeko helburuarekin.
Lobby horrek, interes desberdinek bultzatuta, eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak biltzen ditu.
Biktima bakoitzak bere minaz egiten duen kudeaketarekiko erabateko errespetutik, kezkatuta gaude elkarte batzuk interes partikularra eta interes orokorra nahasten ari direlako.
Gainera, azken hilabeteetan eztabaida politikoa gogortu egin da Madrilen. ETA desagertu zenean irekitako testuinguruan imajinaezina zirudien halakorik gertatzea.
Aitzol Asla abokatuak datorren ostegunean, Madrilen, Behatokia-ren1 izenean aurkeztuko duen erradiografiak berretsi egiten du Foro Sozial Iraunkorrak urtarrilaren 2an Bilbon egin zuen proposamena: "Guztion eta guztiontzako euskal bidean" definitutako bergizarteratze-ibilbidea, dagoeneko lehen kasuetarako eraginkorra dela frogatzen ari dena.
Urteetan zehar, banakako ibilbidea egitea eskatu zaie presoei, espetxe-araudiaren baldintzak errespetatuz bermeekin pausoak ematea ahalbidetuko ziena. Besteak beste, eragindako kaltea aitortzea eta erantzukizun zibileko kalte-ordainak ordaintzea eskatu zaie.
Datorren ostegunean aurkeztuko dugun erradiografiak berretsi egiten du EPPK osatzen duten preso gehienak pauso sendoak ematen ari direla ibilbide horretan. Baina orain, lehen emaitzak ikusten hasi garenean, jakin dugu aipatutako lobby-a modu diskretuan eta publikoan eragiten saiatzen ari dela, bakoitza bere presio-espaziotik.
Egoera hori iraultzeko, iritzi demokratikoaren korronte bat sortu behar dugu. Iraganean bahitutako dinamikak gainditzeko unea iritsi dela pentsatzen duten hainbat demokrata espainolek pentsatzen dutena ozen eta argi adieraztea behar dugu. Ireki den aukera-leiho honetan bidelagunak izatea nahi dugu.
Gure aldetik, hemen beharrezkoak diren adostasunak lortu ondoren, konpromisoa hartzen dugu datozen hilabeteetan erraztasun-lanetan sakontzeko, presoen gaia espetxe-politika normalizatu baten aplikazioaren barruan konpon dadin. Espero dezagun Madrilgo jardunaldiak norabide horretan ekarpen bat egitea.
1 “Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokia”