2021/08/17

Kortserik gabeko Sekretu Ofizialen Legea eskatu du Foro Sozialak

Joan den martxoan Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran mozio bat onartu zen, 1985ean Zabalzaren heriotzaren inguruko xehetasunak gardentasunez ezagutu ahal izateko Espainiako Gobernuari Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatzen ziona.

Azken egunotan prentsan agertu diren informazioen arabera, Espainiako Gobernuak Sekretu Ofizialen Lege berritik kanpo utzi nahi ditu zenbait gai, besteak beste, GAL auzia. Joan den apirilean hasi zen tramitatzen legearen erreforma, egungoa frankismo-garaikoa baita, eta horretarako lantalde bat eratu zen Defentsa, Barne eta Kanpo Arazoetako ministerioekin, Presidentziatik zuzendua.

Foro Sozialak, nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, giza eskubideen urraketen biktimen arteko bereizkeriarik ezaren printzipioa defendatzen du. Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea, eta ez errepikatzeko bermeak izateko eskubidea.

Alde horretatik, argitaratutako informazioak baieztatuz gero, GALen eta torturaren biktimek, besteak beste, diskriminatuak izaten jarraituko lukete eta egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideak urratua jarraituko luke. Sekretu Ofizialen Legearen erreformak ez luke kortserik izan behar eta nazioarteko ohiko parametroak jaso beharko lituzke, biktima guztien eskubideak bermatu ahal izateko.

Estatuak eragindako indarkeriaren biktimek, Mikel Zabalzaren senideek adibidez, lege honen erreforma bere kasuetako egia agerian jartzeko modu bideragarrietako bat dela defendatu dute.

Gogoratu behar da joan den martxoan Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran mozio bat onartu zela, 1985ean Zabalzaren heriotzaren inguruko xehetasunak gardentasunez ezagutu ahal izateko Espainiako Gobernuari Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatzen ziona, beste demokrazia aurreratu batzuek egin duten moduan, hala nola Erresuma Batuak, Italiak edo Alemaniak.. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Ek aldeko botoa eman zuten. Navarra Suma aurka agertu zen talde bakarra izan zen.

Espainiako Kongresuko jarduera berriro hasten denean, Foro Sozial Iraunkorra parlamentuko gehiengoa osatzen duten talde parlamentarioei zuzenduko zaie (PSOE, Unidas Podemos-En Comun Podem, ERC, Junts per Catalunya, CUP, EAJ-PNV, EH Bildu eta Más Pais-Compromis) martxoaren 18an Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakiaren berri emateko eta gai horren inguruko nazioarteko parametroak bilduko dituen Sekretu Ofizialen Lege berri bat bermatuko duen adostasunaren alde lan egiteko eskatzeko.