2021/10/18

Konpromiso multilateralak lor daitezen, ekosistema egokia sortzeko unea da

Gaur Ezker Independentistak egin duen adierazpenari burukzo prentsa oharra.

Foro Sozial Iraunkorrak urrats garrantzitsu eta beharrezko gisa baloratu nahi du ezker independentistak gaur egin duen “Urriaren 18ko Adierazpena”, duela hamar urteko erabakia berretsiz, eragindako kaltea onartuz, ETAren biktimekiko enpatia eta hurbiltasuna adieraziz, biktima guztiek errekonozimendu eta erreparaziorako duten eskubidea onartuz eta presoen auziari konponbidea ematearen garrantzia azpimarratuz.

Eragile instituzional, politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egiten diegu dagokien balioa eman diezaioten adierazpen honi, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren X. urteurreneko testuinguru sinbolikoan egindakoa, urriaren 20aren bezperetan, ETAk “bere jarduera armatuaren amaiera” iragarri zuen egunean, alegia.

Aieteko Nazioarteko Jardunaldietan, Foro Sozial Iraunkorrak behin eta berriz adierazi du iritsi dela “kontakizunaren bataila” delakoaren inguruko eztabaida politiko katramilatua eztabaida sosegatu eta konstruktibo batera igarotzeko unea. Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren ondoren argi eta garbi agertzen den erronketako bat da hau.

Gaurko adierazpen hau Agus Hernan gure bozeramaileak atzo Bartzelonan egin zuen proposamenaren eta hartu zuen konpromiso publikoaren norabidean doa. Izan ere, Eneko Anduezak euskal irrati publikoan ekainaren 14an (1) eta Rufi Etxebarriak atzo Gipuzkoako komunikabide batean (2) egindako adierazpenetan oinarritzen zen Hernanek atzo adierazitakoa.

Urrats erabakigarriak egiteko unea iritsi dela uste dugu. Indarkeria erabili duen agente bakoitzaren erantzukizunak, jakina, banakakoak eta besterenezinak dira.

Garaia da ekosistema egoki bat sortzeko, arrazoizko epe batean, konpromiso multilateralak lor daitezen, bakoitzak bere erantzukizunak bere gain hartuz, alde bakoitzak bere erantzukizuna har dezan eragindako indarkerien aurrean. Erantzukizun propioa hartzeak kritikoa, partekatua eta konstruktiboa izan behar du.

Espero dugu eragile guztiek erantzukizunez jokatuko dutela gizarte bezala aurrean dugun erronka garrantzitsuaren aurrean: memoria kritiko inklusibo batetik abiatuta, bizikidetza demokratikoa eraikitzea, gizarte-adiskidetzearen beharrezko oinarriak sentitzeko. Hori baita gertatutakoa ez errepikatzeko berme bakarra.

---

1 Eneko Andueza: "GALen historia nazkagarria iruditzen zait, eta, nire alderdiak zerikusirik izan badu, egindakoak ordain dezala".

2 Rufi Etxeberria: “Aurpegiratze-lokazti horretatik atera, gidoia aldatu eta jarrera eraikitzaileak hartu behar dira. Ezker abertzalea prest dago. Elkarri aurrez aurre begiratu behar diogu, elkarri eragindako kaltea aitortzeko”; eta biktimen parte-hartzea duen mekanismoak eratzea proposatu zuen.