Antolatzaileak: Foro Sozial Iraunkorreko Genero Lantaldea eta Justizia Feminista Mintegia
Prentsa oharra
Honen bidez, Ekainaren 1ean, larunbatarekin, antolatu dugun “Justizia Feminista Eztabaidagai” jardunaldiaren berri helarazi nahi dizuegu.
Jardunaldia Bilboko Arrupe Etxean (P. Lojendio, 2), goizeko 10:15etatik arratsaldeko 19:00ak arte.
2017an ekin genion Foro Sozial Iraunkorrean ikuspegi feministatik eragiteko asmoz sortutako lan taldeari. Ordutik hona, lan dezente egin dugu, baina, batez ere, 2017ko urriaren 8an, Bilboko Solokoetxen, antolatu genuen “Nik sinisten dizut. Emakumeen egia aitortu” ekimena mugarri bilakatu zen bakegintzaren eraikuntza kolektiboan feminismotik eragin nahi dugunontzat.
Abiapuntuko aitortza ekimen horretatik tiraka, azkenaldian ondoko gogoetari bueltaka ari gara: Zer da justizia guretzat? Zein da eta nolakoa izan beharko lukeen justiziaren kontzeptua eta eredua guretzat? Nondik has gaitezke berau eraikitzen?
Galdera potolo hauek erantzuteko, “Justizia Feminista Mintegia” sortu dugu aurten, non esparru askotako emakumeak bildu garen: Mugimendu Feministan gabiltzanak eta eremu ezberdinetan feminismotik eragiten ari garen kideak: Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioak landu eta bakearen eraikuntzan gabiltzan eragileak, herri-mugimenduetakoak edo lankidetza eta zuzenbide arlokoak.
Mintegi honetan kezka, gogoeta eta jakintzak partekatu ditugu: justizia patriarkal eta punitiboari egindako kritika feminista, testigantzen balioa, biktimaren izaera eta papera prozesuetan, errestaurazio justizia, birgizarteratzea, ez errepikatzeko bermeak, komunitatearen rola gatazken kudeaketan…
Hausnarketa hauek guztiak jende gehiagorekin partekatzeko, sakontzeko eta esperientzia ezberdinetatik ikasten jarraitzeko antolatu dugu egun osoko jardunaldia ekainaren 1ean.
Jardunaldia emakumeentzat bakarrik izango da. Itzulpengintza zerbitzua eta bertan bazkaltzeko aukera egongo da.
Izena aldez aurretik eman behar da.
Komunikatiboki jardunaldiak jarraitzeko asmoa izanez gero, kontaktatu gurekin telefono honetan:
Maite 666374294
Amaia 654098383