2021/01/15

Jendartearen aktibazioa areagotzeko deia egin du Foro Sozialak, adostasunezko espazioak bilatzeko, eta gogoratu du erlojua presoen arazoaren konponbidearen aurka doala

Atzo, urtarrilaren 14an, osteguna, Foro Sozialaren Batzorde Iraunkorra bildu zen, eta presoen, iheslarien eta deportatuen auziaren konponbiderako lan-ildoaren egoera baloratu zuen, bai gizarte zibilaren inplikazioari dagokionez, bai akordio politiko eta sindikalen esparruan.

Joan den urtarrilaren 4an Bilbon esan genuen bezala, “Foro Sozialak egingarritzat eta arrazoizkotzat jotzen du presoen auzia 2021-22ean konponbideko bigarren fasean sartzea”.

Eragile guztiek ulertu dute aukera hau aprobetxatu behar dela. Hala ere, testuinguru politikoa hobea den arren, ez dugu erlaxatu behar. Erlojua konponbidearen kontra doa eta denborak tasatuta daude.

Gai honen konponbidearen alde dauden indar guztiak aktibatu behar dira. Alde horretatik, beharrezkoa da eragile politiko eta sindikal guztien artean adostasun-espazio berriak bilatzea dagoeneko dauden adostasun horiek gauzatu ahal izateko, ondo zehaztutako bi funtziorekin:

  • Espainiako Gobernuaren aurrean palanka-lana egiteko

  • Espainiako Gobernuari berari laguntzea, arazo hori konpondu nahi ez duten sektoreen aurrean.

Horregatik, Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratzen du gai horrek gizarte zibilaren agendan eta agenda mediatikoan leku garrantzitsua izaten jarraitzea. Adibide gisa, Covid-19 eta eguraldi txarra zirela medio, 50.000 lagun baino gehiago mobilizatu ziren joan zen larunbatean Euskal Herriko 238 herritan.

Urte hauetan guztietan, baita Mariano Rajoyren Gobernuaren inmobilismo garaietan ere, gizarte zibilak presoen auzia eztabaida politikoan mantentzea lortu du, eta, horri esker, duela hiru urte pentsaezinak ziren adostasun-guneak irekitzen joan dira. Askatu diren beste korapilo batzuetan bezala —armagabetze zibila eta ETAren desegitea—, gizarte zibilak maiz gripatzen zen motor baten olioaren papera jokatu du.

Ildo horretatik, nabarmendu nahi dugu Sare, Etxerat, Bake Artisauak-Bake Bidea eta sindikatuek gai hori gizarte-agendan eta mobilizazio-agendan mantentzeko egiten duten lan izugarria, baita gaur egungoa bezalako testuinguruan ere.

Bigarrenik, Foro Sozial Iraunkorrak bitartekari lanetan parte hartzen duen akordio instituzional, politiko, sindikal eta sozialen esparruak aztertu ditugu, gaurkoan Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean. Eredugarriak dira Ipar Euskal Herrian Bake Bidea bultzadari esker -Foro Sozialaren parte den erakundea- lortutako adostasunak, eta, une honetan, Nafarroan adostasun berriak lortzeko lanean ari gara, laster gauzatuko direlakoan.

Egiaztatu behar dugu aldarrikapen batek inoiz ez duela izan gai honek lortu duen adostasun zabala.

Bost puntu nagusi identifikatu ditugu gaur egun finkatutako adostasunak ezaugarritzeko:

  1. Egungo salbuespen fasea gainditu beharra, araudi arruntaren aplikazioa orokortuz; eta garai politiko berriarekin bat datozen araudi berrietan aurrera egin beharra.

  2. Helmugako espetxeek presoen familia- eta gizarte-errotzea bermatu behar dute, eta hori soilik Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetan bermatzen da.

  3. Banakako ibilbideek presoen erabateko birgizarteratzea ahalik eta azkarren bermatu behar dute.

  4. Presoen auzia alderdien arteko eztabaida politikotik atera behar da.

  5. Azkenik, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza berria eratu direnetik, protagonismo handia lortu duen, eta Foro Sozial Iraunkorrentzako funtsezkoa den, kontu bat dago: presoen auzia konpontzea ekarpen bat eta aktibo bat izango litzateke bizikidetza demokratikorako bidean aurrera egiteko.

Gaur egun, adostasun zabala dago instituzioen, sindikatuen eta gizartearen artean (Eusko Legebiltzarraren % 92), “familian eta gizartean errotzeak” birgizarteratze-ibilbiderako duen garrantziaren inguruan.

Gainera, adostasun zabala dago errotze hori Nafarroako eta Euskadiko lau kartzelek bakarrik bermatzen dutela. Adostasun zabal horren adibide dira: Euskalduna Jauregian 2020ko abenduaren 11n, Etxerat-ek sustatuko eta alderdiek eta sindikatu guztiek egindako adierazpen irmoa; udal desberdinetan abenduan zehar egindako osoko bilkuretan hartutako udal-akordioak; eta Sare-ren urtarrilaren 10eko ekitaldian gehiengo politiko eta sindikal bera egotea.

Foro Sozial Iraunkorraren ustez, adostasun horiek “oinarrizko kanpaleku” nahikoa dira lehenengo fasearen konponbideari berme osoz aurre egiteko. Horretarako, 2018ko irailean argitaratutako “Konponbiderako premiazko agendan” bost esparru hauek definitu genituen:

  • Preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak

  • Euskal kartzeletara hurbiltzea

  • Lehen gradutik bigarrenera igarotzea

  • Frantzian betetako zigorren metaketa

  • Espetxe-eskumenen transferentziak

Gure ustez, bost gai horiek konpontzeak ekarriko luke, behin betiko, salbuespenaren amaiera, 30 urte baino gehiago indarrean dagoena. Izan ere, pasa den urtarrilaren 4ean aurkeztu genuen dokumentuan (“Presoen auzia konpontzeko izandako aurrerapenei, blokeoei eta atzerapenei buruzko azterketa”) genion bezala: “premiazko agenda desblokeatzeak eta egungo egoera gainditzeak bakarrik ahalbidetuko du behin betiko konponbidea ekarriko duen borondate politiko osoa egiaztatzea”.

Adostasun horiek eraikitzea hari fin, zuhur eta diskretuz egindako ehun-lan baten emaitza izan da, fokuetatik urrun, bai erakundeen barruan bai kanpoan, eta topagune eta elkarrizketa publiko eta pribatuak sortu ditu.

Zailtasunak zailtasun, topagune hauek konfiantza-esparruak sortu dituzte, eta eragileak bereizten dituenaren aurrean batzen dituenari balioa ematen diote. Adostasun horiek testuinguru egokian hainbat modutan eszenaratzeko baldintza objektiboak sortu dituzte topagune hauek.

Foro Sozial Iraunkorrak uste osoa du, “sukaldaritzako” lan zuhur eta errazte luze hori gabe, zailagoa izango zatekeela egungo adostasunera iristea, eta horrek zaildu egingo luke gaur egun dugun “aukera” aprobetxatzea. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu, eskuzabaltasunez, adostasun horiek sendotuta egon daitezen lagundu duten eragile guztiei.

Hala ere, onartu behar dugu lan-metaketa horrek ez duela oraindik “palanka” eragin nahikoa izan “konponbiderako premiazko agendaren” bost puntuak gainditzeko.

Azkenik, Foro Sozial Iraunkorreko Batzorde Iraunkorrak berretsi egin nahi du diagnostikoak egiten jarraitzeko konpromisoa, esperientziak partekatuz, gomendioak proposatuz eta beharrezkoak diren errazte-lan diskretuak eginez. Presoen auzia ere konpontzeko irtenbide berritzaileak aurkitzeko aukera emango digun lana.