IV. Foro Sozialaren bigarren partean aurkeztutako datuak eta txostenak aztertu ondoren, eta Foro Sozial Iraunkorrak eremu honetan bultzatzen duen lan ildoari jarraituz, beharrezkotzat jotzen dugu adostasun transbertsal nahikoa sustatzea eta lortzea euskal gatazka deritzonaren baitan motibazio politikoz egindako delituengatik preso edo ihesean dauden pertsonen gizarteratzearekin zerikusia duten gaiei irtenbide integrala emateko.
IV. FORO SOZIALAREN BIGARREN PARTEAN ATERATAKO ONDORIOAK
Irun, 2018ko urtarrilaren 25a eta 26a
Atarikoa
IV. Foro Sozialaren bigarren partean aurkeztutako datuak eta txostenak aztertu ondoren, eta Foro Sozial Iraunkorrak eremu honetan bultzatzen duen lan ildoari jarraituz, beharrezkotzat jotzen dugu adostasun transbertsal nahikoa sustatzea eta lortzea euskal gatazka deritzonaren baitan motibazio politikoz egindako delituengatik preso edo ihesean dauden pertsonen gizarteratzearekin zerikusia duten gaiei irtenbide integrala emateko.
Lehenik eta behin, adostasun hori maila sozial, politiko eta instituzionalean artikulatuko litzateke hala Euskal Autonomia Erkidegoan nola Nafarroako Foru Erkidegoan, eta iheslarien zein preso ohien parte-hartzearekin garatu beharko litzateke.
Euskal eta nafar gizartean premiazkoa den adiskidetzearen esparruan, adostasun horrek motibazio politikoko delituengatik preso edo ihesean dauden pertsonen itzulerari buruzko bide orri bat prestatu, adostu eta inplementatu beharko luke. Bide orri hori jarduera gida izango da gai honekin zerikusia duten eragile guztientzat, eta genero ikuspegitik eta modu espezifikoan kontuan hartu beharko du emakumeek kartzelan, ihesean nahiz gizarteratze prozesuan pairatzen duten desberdintasun egoera.
1. atala:
Motibazio politikoko delituak leporatuko zizkieten beldurrez ihes egindako pertsonak
Gatazkak iraun duen urte hauetan guztietan, pertsona askok beren herritik ihes egin dute motibazio politikoko delituak leporatuko zizkieten beldurrez. Tortura eta tratu txarrak modu orokortuan erabili izan dira inkomunikazio erregimeneko atxiloaldietan –praktika hori hainbat hamarkadatan zehar salatu da eta Eusko Jaurlaritzak egin berri duen txostenak egiaztatu eta zehaztu egin du– eta, hain zuzen ere, tratu txarrak eta torturak pairatzeko beldurrak ihes egitera behartu du jende asko.
Atxilotuei eginarazitako autoinkulpazioen nahiz heteroinkulpazioen ondorioz kondenatuak izateko arriskuak beldur hori areagotu du. Horri dagokionez, komeni da gogoratzea kondena asko poliziak torturapean edo tratu txarren bitartez eginarazitako deklarazio inkulpatorioetan oinarritu direla. Izan ere, hainbat hamarkadatan zehar auzitegiek kondena oinarritzeko froga nahikotzat jo dituzte poliziari egindako deklarazioak, eta halaxe jokatu dute Auzitegi Gorenak beste doktrina bat finkatu duen arte. Aspaldi ez dela aplikatzen hasi den doktrina berri horren arabera, poliziari egindako deklarazioak ezin dira frogatzat hartu eta, beraz, ezin dira kondena bat ezartzeko oinarri gisa erabili.
Urte askoz bizi baldintza gogorretan eta muturreko prekarietatean bizi ondoren, gaur egun iheslarien kolektiboa adin handiko pertsonez osatuta dago eta, gainera, haietako askok gaixotasunak dituzte, zenbait kasutan larriak.
Gure ustez, gaur egun abian den normalizazio eta adiskidetze prozesuak kolektibo horren espezifikotasunari ere erantzun behar dio, beharrezkoak diren irtenbideak bilatuz. Herrialdearen normalizazioak hala eskatzen du.
Norabide horretan, beharrezkotzat jotzen dugu adostasun zabal bat erdiestea iheslari guztien itzulera ahalbidetuko duen prozesu mailakatu eta ordenatu bat definitzeko. Justizia trantsizionalak prozesu hori erraztu beharko luke.
Lehen esan dugun bezala, adostasun hori Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko instituzioen, gizarte zibilaren eta iheslari nahiz deportatuen artean eraiki beharko litzateke, eta Foro Sozial Iraunkorretik proposatzen dugu honako irizpide hauek hartzea oinarritzat:
Prozedura judizialik ez daukaten edo dagoeneko preskribatu diren prozedurak dauzkaten iheslarien itzulera erraztea dagokien instituzioen aldetik.
Torturaren bidez lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak soilik dituzten pertsonen itzulera bermatzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz.
Justizia trantsizionala baliatuz, irtenbide juridiko bat artikulatzea oraindik ere “deportazio zigorra” pairatzen ari diren guztientzat. Deportazioa esaten diogu hirugarren herrialde batean halabeharrez egiten den egonaldi luze eta murriztuari, eta nabarmendu beharra dago zigor hori pairatzen dutenak inolako prozedura judizialik gabe eta, beraz, egoera hori ezarri dien inolako ebazpenik gabe izan direla deportatuak.
Preskibatzear dauden prozedura judizialak errepresio helburuekin ez erabiltzea (preskribatu baino zenbait egun lehenago berraktibatuz –hainbatetan gertatu den bezala–, itzulera eragotziz edo espetxe zigorrak luzatuz).
Auzitegi Nazionalak iheslarien abokatuei haien egoera juridikoaren inguruko informazioa ukatzeari uztea, ukatze horrek eragotzi egiten baitu iheslarien erregularizazio juridikoa lortzeko egon litezkeen aukerak aztertzea.
Halaber, presoak, preso ohiak, iheslariak eta deportatuak bake eta normalizazio prozesuan partaide aktiboak izatea gomendatzen dugu.
Legedi arruntaren esparruan, irizpide humanitarioetan inspiratutako irtenbideak bilatu beharko lirateke adin handikoak direnentzat edo gaixotasun larri edota sendaezinak dituztenentzat, haien etxeratzea erraztuz.
Gainerako kasuei dagokienez, justizia trantsizionaleko neurriak zehaztu beharko lirateke bake eta adiskidetze prozesuaren baitan itzultzea erabakitzen dutenentzat. Akusazio eta egoera pertsonalen arabera, alternatibak bilatu beharko lirateke, hala nola kartzelaren ordezko zigorrak, kaleratze goiztiarrak edo espetxealdi arinduak.
2. atala:
Preso ohien eta iheslarien gizarteratzea
Zigorren eta haien exekuzioaren ondorio kaltegarriak direla eta, gizarteratzea zailagoa izaten da motibazio politikoko delituengatik ezarritako zigorra bete ondoren kartzelatik irteten direnentzat.
Gainerako herritar askeen aldean, pertsona horiek diskriminazioa eta berdintasunik eza pairatzen dute eskubideen arloan, gizarteratzeak berez dakartzan zailtasunez gain.
Nazio Batuek onartutako “Estandar Integratuen” arabera, “gatazka armatuekin lotutako bake prozesu guztietan bada etapa bat zeinean borrokalariek armak uzten dituzten eta bizitza zibilean integratzen diren”. Etapa konplexu horri DDR esaten zaio (Armagabetzea, Desmobilizazioa eta Gizarteratzea) eta bake prozesu guztietan bete behar da.
Estandar horien arabera, DDR deritzon etapa bakea eraikitzeko estrategia zabalago baten barnean kokatu behar da. Egonkortasuna lortzeko eta bakea eraikitzeko ezinbestekoak diren osagaietako bat da. Oinarrizko beste elementu batzuk honako hauek dira: dagokion herrialdeko herritarrak ordezkatzen dituzten indarren arteko akordio politikoak, segurtasun sistemen eta arlo horretako legediaren erreformak, eta gatazkaren biktimei egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ziurtatu behar dizkien prozesu osoa.
Bake prozesuak askotariko ekimenez osatutako prozesu konplexuak dira, eta DDR ekimen horietako bat da.
Nazio Batuen arabera, DDR prozesuek arrakasta izan dezaten, haien xedea ezin da inola ere izan klaudikazioa, despolitizazioa, demonizazioa, marjinazioa, sobornoa, subordinazioa edo, batez ere, umiliazioa. Prozesua abian jartzen denean, gauza jakina da indarkeriazko ekintzen amaiera boluntarioa gauzatu dela eta armagabetze urratsak egiten ari direla. Beraz, era egokian garatuta, DDR prozesuak etorkizunari begira indarkeria adierazpenak prebenitzeko eta adiskidetze soziala bultzatzeko balio behar du.
DDR prozesuak ez dira formula bakar baten arabera gauzatzen. Herrialde bakoitza eta testuinguru bakoitza bakana da eta bere berezitasunak ditu. Esperientzia guztiak ezberdinak dira, baina asko ikasi ahal da beste kasu batzuetatik eta iraganeko irakaspenetatik.
Gizarteratzea DDR prozesuen atal bat da. Desmobilizazioa burutu ondoren, inplikatuta egon diren pertsonak (gure kasuan, ETAko kideak) eta horretaz akusatuta espetxean edo ihesean egon direnak “zibil bilakatzen dira eta enplegu iraunkorra nahiz diru sarrera erregularrak lortzen dituzte”, Nazio Batuen Erakundearen hitzetan. Horrez gain, osasunaren arloan dituzten beharrei eta behar psikosozialei ere erantzuten zaie.
Nazio Batuen definizioak dioenez, “lehenik eta behin komunitateetan gauzatzen den prozesu sozial eta ekonomiko bat da”, eta marko kronologiko ireki baten arabera garatzen da.
Gizarteratzea dagokion herrialdeko bake prozesuan kokatzen da, ardura nazionala da eta kasu askotan epe luzeko laguntza jasotzen du atzerritik.
Bi fase izan ohi ditu. Lehen fasean, ekonomiaren eta osasunaren arloko oinarrizko beharrei erantzuten zaie, epe laburreko egonkortasuna lortuz. Fase hori presazkoa eta laburra da. Bigarren fasearen helburua bizibide iraunkorrak ematea da, eta, horrekin batera, laguntza soziosanitario eta ekonomikoa, heziketa eta lanerako prestakuntza.
Gatazkaren biktimei egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ziurtatzeko prozesuarekin batera, gizarteratze prozesua funtsezkoa da indarkeria atzean utzita bakea eraikitzen diharduen herrialde batean adiskidetzea bermatzeko.
Euskal Herriko prozesuari dagokionez, bere ezaugarriak kontuan izanik, motibazio politikoko delituak leporatuta preso edo ihesean dauden pertsonen erabateko gizarteratzea izan behar da helburu nagusia. Espetxetik irteten diren pertsonen edo Euskal Herrira itzultzen diren iheslarien gizarteratzeaz ari gara.
Gure ikuspegitik, erabateko gizarteratzeak honako ezaugarri hauek ditu:
1.- Ekonomiaren, lanaren eta prestakuntzaren arloko beharrei erantzuten die.
2.- Laguntza sanitario, psikologiko eta soziala ematen du.
3.- Eskubide zibil eta politikoak bermatzen ditu.
Adiskidetze soziala eta normalizazio osoa bultzatzeari begira, erabateko gizarteratzea –eskubide berdinekin eta diskriminaziorik gabe– gizarte osoaren helburua izan beharko litzateke, eta ez soilik kolektibo zehatz horren helburua. Hori kontuan hartuz, beharrezkotzat jotzen dugu honakoa:
Preso ohiek eta iheslariek aurkitzen dituzten traba eta zailtasun legalak nahiz sozialak zehazki jasoko dituen txosten zorrotz bat egitea. Bigarren fase batean, txosten hori oinarritzat harturik, eremu publikotik nahiz pribatutik bideratu beharreko esku-hartze instituzional eta sozialak zehaztuko lirateke.
Txosten horrek genero ikuspegi espezifikoa izan beharko du, nabaria baita desberdintasunak gizarteko arlo guztiak zeharkatzen dituela eta, beraz, eragin espezifikoa duela emakumeen gizarteratze prozesuetan eta prozesu horiek garatzeko proposamenetan.
Elkarlanerako marko bat sortzea. Marko horrek eragile publikoak (herrialdeko instituzio publikoak), pribatuak (enpresak, sindikatuak, elkarteak) eta aipatutako kolektiboak gizarteratzeko lan egiten duten erakundeak bilduko lituzke eta haren helburua hauxe izango litzateke: lehen aipatutako txostena oinarritzat hartuz, pertsona horien erabateko gizarteratzea eta eskubide berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeak eta planak diseinatzea, bideratzea eta haien jarraipena egitea.