2022/01/02

Iragarritako azken lekualdaketak gauzatzen direnean EPPK-ko presoen erdia Nafarroa eta EAEko espetxeetan egongo da

Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratu nahi du 7 preso Euskal Herrira ekartzeko aste honetan egin den iragarpena. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak iragarritako lekualdaketa horiek gauzatzen direnean, EPPK-ko presoen erdia EAEko eta Nafarroako espetxeetan egongo da.

Hala ere, fase honetan egiten ari diren lekualdatzeen erritmo motelean jarri nahi dugu arreta. Inplikatutako alde guztiek etapa hau aldi baterako dela ulertzen dute, eta beraz, lekualdatzeak ezin dira tantaz tantakoak izan, eta ezin da egon Madrilen eztabaida politikoan eta etengabeko krispazioaren mende. Irmoki ekin behar zaio gaiari, arrazoizko epe batean eta modu iraunkorrean.

Foro Sozial Iraunkorrak uste du premiazkoa eta zentzuzkoa dela aipatutako aldi baterako etapa hau gainditzea, eta arestian aipatutako baldintzetan aurrera egin behar dela. Horrek aukera emango luke gai honetan behar den konfiantza giroa finkatzeko.

Preso guztiek EAE eta Nafarroako espetxetan zigorra betetzen duten behin betiko agertokirantz irmoki aurrera egiteak aukera emango luke presoen auziari konponbide integrala ematea baldintza hobeetan. Une honetan funtsezko bi eztabaida daude irekita:

Presoei ezartzen zaien salbuespeneko legea gainditzea eta araudi arrunta aplikatzea beharrezkoa da. Horren ondorioz, irteteko baimen arruntak eskuratzeko, hirugarren graduan espetxean aurrera egiteko eta baldintzapeko askatasuna izateko eskubidea izango dute, horretarako eskubidea ematen duten banakako baldintzen arabera.

Birgizarteratze-plan orokor bat definitu behar da, erakunde publikoek gidatua eta hainbat eragilerekin adostua (presoak barne). Plan horri esker, presoei euren banakako birgizarteratze-ibilbidean lagunduko litzaieke, bai baldintzapeko askatasunerako bidean, bai ondoren gizarteratzeko eta laneratzeko bidean. Birgizarteratze-ibilbide honek bermatu beharko du presoek emandako urratsek errekorridoa izango dutela eta Espetxe Agintaritza, Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde eskudunen aldetik lagunduak izango direla, baliabide eta politika koherenteak abian jarriz.

Azkenik, gai honetan erantzukizuna duten eragile instituzional, politiko eta sozial guztiei dei egin nahi diegu beren ekarpenak biderkatzera, bizikidetza demokratikorako hain garrantzitsua den gai honek konponbide integralerako bidean aurrera egiteko.