2022/08/30

Informazio Sailkatuaren Legea hobetzeko eta Egia ezagutzeko baldintzak daude, baita desagertze behartuen biktimen kasuan ere

Agus Hernan eta Nekane Altzelaik prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko eguna dela eta.

Aurten ere Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela-eta agerraldia egingo dugu. Izan ere, Foro Sozial Iraunkorrak bere egin du Nazio Batuek babestutako data hori, eta bost urte daramatza bere lan-egutegian.

Behartutako desagertzeak giza eskubideen urraketa larriak dira, Nazio Batuen Gutunean jasoa.

Tamalez, beste urte bat igaro ondoren, ez da inolako aurrerapenik izan euskal kasuan indarkeria erabili duten hainbat eragileen eskuetan desagertu ziren eta oraindik desagertuta dauden 7 kasu dokumentatuetan.

Kasu hauei buruz ari gara:

  • A Coruñako hiru gazteak, José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga, Irunen bizi zirenak eta 1973an Biarritz eta Donibane Lohizune artean desagertu zirenak.

  • Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur”, 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertutakoa.

  • Tomás Hernández, Hendaian 1979ko maiatzaren 15ean desagertutakoa.

  • José Miguel Etxeberria Álvarez “Naparra”, 1980ko ekainaren 11n desagertua.

  • Jean Louis Larre 1983ko abuztuaren 7an desagertu zen Léonen (Landak).

Hala eta guztiz ere, euskal kasuan behartutako desagertzeen 14 kasu dokumentatu daudela esan ohi da, gero aurkitu ziren beste zazpi pertsona ere desagertu baitziren. Desagerpenik luzeena Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena izan zen, 13 urte luzez desagertuta egon zirela. Lasa eta Zabalaren kasuak erakusten du familien, abokatuen eta gizarte zibilaren lanak fruituak eman ditzakeela, familiek Tolosan lurperatzea lortuz.

«Dokumentatutako» kasuez ari gara, jakin badakigulako beste kasu batzuk egon daitezkeela, zenbait eragilek ikertzen jarraitzen baitute.

Bi premisa nagusi ditu Foro Sozial Iraunkorrak:

  • Biktima guztiek, eta «guztiek» kontzeptua azpimarratu nahi dugu, egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dute.

  • Giza eskubideen urraketa beraren aurrean, aitortza bera.

Kasu hauetan, egiarako eskubideak erabateko garrantzia hartzen du. Hori dela eta, egiarako eskubidea da, hain zuzen ere, agerraldi honetako ardatza.

Biktima askok adierazi dute egia elementu sendagarria izango litzatekeela haien minarentzat. Biktima hauek uste dute egiarako eskubidea elementu nuklearra dela, abiapuntua, justiziaren adierazlea, benetan behar dutena.

ETAren biktimen kasuan, egia ezagutzeko hainbat tresna dituzte —adibide bat aipatzearren, Audientzia Nazionaleko «Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko eta Informazioa emateko Bulegoa» dute—, baina ezin dugu gauza bera esan Estatuaren biktimekin.

Estatuaren biktimen kasuan, % 38 dira argitu gabeko kasuak. Tamalez, haientzat ia ez dago egia ezagutzeko itxaropenik.

Hala ere, egia ezagutzeari dagokionez, une honetan hiru esparru daude argi pixka bat ematen dutenak tunelaren amaieran:

Lehena, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea egiten ari den lana. Egiten ari den kalitate handiko txostenei esker, Estatuko 81 biktima aitortu eta erreparatu ahal izan dira. Aurreko 107/2012 Dekretutik eratorritako 187ei gehituz gero, Estatuaren 268 biktimek lortu dute dagoeneko aitortza.

Balorazio Batzordeko kideak baliabide mugatuekin egiten ari diren lana txalotu eta eskertu nahi dugu Foro Sozial Iraunkorretik.

Zehazki, gure babesa adierazi nahi diegu Balorazio Batzordeak ekainaren 29an Eusko Legebiltzarrean egindako sei gomendioei.

Horietako bi nabarmendu nahi ditugu gaurkoan:

Joan den otsailean Foro Sozial Iraunkorrak proposatu bezala, espedienteak aurkezteko bigarren epe bat ireki baino lehen, Legearen beraren lege-erreforma egin behar da, eta, bereziki, “premiazko aldaketa” bat egin behar da: Estatuaren biktimen kalte-ordainak ETAren biktimenekin parekatu behar dira.

Giza Eskubideen urraketa larrien kasu aitortuei ahalik eta publizitate handiena eman behar zaie. Biktima horiek babestu eta lagundu egin behar ditugu, hainbat hamarkadatan izan den isiltasun-mantua hausteko. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzari iradoki nahi diogu abian jar ditzala, egoki iruditzen zaion moduan, Balorazio Batzordeak onartutako kasuak gizartean zabaltzeko dinamikak. Urrats horrek, besteak beste, gaur egun gizartean dagoen pertzepzio okerra eraistea ahalbidetuko luke, biktimez hitz egiten denean soilik pentsatzen baita ETAren biktimengan.

Bigarrena, irailean bertan abian jarriko dela antzeko lege bat Nafarroan.

Eta hirugarrena, Informazio Sailkatuari buruzko Lege Proiektua eztabaida Diputatuen Kongresuan.

Aurreproiektua etsigarria da, eta ez die erantzuten, inola ere, GAL eta torturaren biktima batzuek artxibo sekretu horiek eskuratzeko dituzten itxaropenei. Hala ere, gure ustez, Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioek adierazitako balorazioen arabera, nahikoa baldintza daude, legearen eztabaidaren oraingo fasean, akordio baten alde lan egiteko. Akordio horren oinarriak argia izan behar du: Giza Eskubideen urraketa larrien biktimek egia ezagutu ahal izatea.

Ez da bidezkoa eta ez da humanoa biktimei egia ezagutzeko eskubidea ukatzea, eta, alde horretatik, pozten gara Espainiako Estatuaren hainbat eragilek legeari egindako dozenaka alegazioengatik. Horien bitartez aurreproiektu hau hobetzea espero dugu.

Ildo horretan, ziur gaude talde parlamentario gehienek datozen asteetan beharrezko zuzenketak adosteko lan egingo dutela, Giza Eskubideen urraketen biktimen arteko diskriminaziorik ezaren Nazioarteko Zuzenbidean oinarrituta eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzeko helburuarekin.

Biktimei, eta bereziki behartutako desagertzeen biktimei, dagokien egia ematea ezinbestekoa da. Eta hori euskal gizarte osoaren erantzukizuna da, jendartearena, eragile instituzional eta politikoena eta eragile sozialena.

Izan ere, bakarrik bide horretatik egin ahal izango da aurrera bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan.