Aiete jauregian, Konferentziaren VII. urtemugan, Anaiz Funosasek egin duen hitzartzea
Nazioarteko Harreman Taldeko hiru kideen hitzak entzun ditugu, konferentzian lehenik eta Paul Riosen eta Brian Currinen mintzaldietan orain, eta, hutsunea gorabehera, gogobeterik sentitzen gara.
Gogoan daukagu iaz Brianek hementxe bertan esan ziguna: “sarri askotan sentitu genuen bakarrik ari ginela gurditik tiraka”.
Eta, hain zuzen ere, haiengandik ikasi duguna hitz bakar batean laburbildu behar badugu, “pertseberantzia” da burura datorkigun lehena. Bidea ez da erraza izan. Ez Aieteren aurretik, ezta, oraindik ulergaitza den arren, Aieteren ondoren ere.
Nolanahi ere, haiek beti egon dira “hor”, laguntzeko eta bidea errazteko prest. Eta hemen garen guztiok ondotxo dakigu zeinen zaila den gure herrialdean “errazte” lana egitea.
Foro Sozial Iraunkorrak bere egin du Lokarrik eta Bake Bideak 2013an bultzatu zuten lehen Foro Sozialaren energia.
Hasiera-hasieratik, hiru izan dira gure proposamenen ezaugarri nagusiak: beste prozesu batzuetan aplikatu diren nazioarteko estandarrak aztertzea, gure herrialdeko egoeraren diagnostikoa egitea, eta gure konponbide proposamenak ahalik eta inklusiboenak eta transbertsalenak izatea. Aspaldi honetan, gainera, errazte lana ere egin dugu, mugaren bi aldeetan.
Hala ere, hauxe da gaur egun geure buruari egiten diogun galdera: gure prozesua hain berezia izanik, posible zatekeen hura aurrera eramatea nazioarteko komunitatearen laguntzarik gabe?
Erantzuna zaila da, baina ziur gaude gure prozesua askoz ere zailagoa zatekeela Brian Currinen, Alberto Spektorowskiren, Raymond Kendallen, Nuala O’Loanen, Pierre Hazanen eta Silvia Casalleren laguntza eskuzabala izan ez bagenu.
Gauza jakina da askotariko blokeoak egon direla Aieteko Nazioarteko Konferentziak 2011n ireki zuen prozesuan. Hainbat urtez, blokeo horiek frustrazioa eragin digute guztioi. Blokeo nagusia, eta Nazioarteko Harreman Taldea lanean aritu den zazpi urte eta erdi hauetan zailtasun ugari sortu dituena, Estatuek ezarri dute, Espainiakoak nagusiki eta Frantziakoak garai batean, Espainiaren esanetara jokatzen zuenean.
Bestelako blokeoak ere egon dira, hala nola auzi semantikoetan gorpuzten ziren eztabaidek eragindakoak, metodoaren ingurukoak edo protagonismoari lotutakoak. Gure herrian bertan sortutako blokeoak izan dira.
Hala eta guztiz ere, nazioarteko estandarrak erreferentziatzat harturik, apurka-apurka aurrerapausoak egin ditugu konponbidearen hainbat arlotan. Zehazki, honakoak nabarmendu behar ditugu: egia, justizia eta erreparazioa indarkeria adierazpen guztien biktima guztientzat; armagabetze zibilerako, ETAren desegiterako eta erakundeko kide ohien birgizarteratzerako DDR prozesua; justizia trantsizionalean sakontzea gatazkaren konponbide osorako tresna transbertsal gisa; eta, azkenik, Estatuko segurtasun indarren kopurua eta funtzioak egoera berrira egokitzea helburu duen eta apurka-apurka agendan sartzen ari den SSR prozesua.
Gure konponbide prozesuan garrantzi handia eman diegu arlo horiei guztiei, eta haien lanketa lagungarria izan da urratsak egiten jarraitzeko.
Zalantzarik gabe, gure prozesuan funtsezkoa da gobernuen, nazioarteko komunitatearen eta gizarte zibilaren arteko triangulazioa, ETAren armagabetzean eta desegitean frogatu den bezala. Metodo hori guztiz beharrezkoa da eta, egokiturik, aplikatzen jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere.
Nazioarteko komunitateak prozesu horietan guztietan lagundu du, diskretuki askotan eta publikoki beharrezkoa izan denean.
Gogoan ditugu duela gutxi desegin den Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eta egin duen lanaren zailtasuna. Gogoan ditugu Henri Durant fundazioa eta hainbat urtez fokuetatik urrun egin duen lan diskretua. Gogoan ditugu Jonathan Powell buru zuen taldea eta Kofi Annan bera, beti hurbil eta laguntzeko prest. Eta, nola ez, gaurkoan gogoan ditugu Nazioarteko Harreman Taldea eta urte hauetan egin duen lan nekeza.
Haiek guztiek gure esker ona merezi dute, egin duten lanagatik.
Baina lana ez da bukatu. Orain, hemen bildu garenok koponbidean jarri behar ditugu gaur egun lehentasuna duten hiru gaiak: indarkeria adierazpen guztien biktima guztien aitortzarako aurrerapauso sendoak egitea; preso, iheslari eta deportatu guztien egoerari irtenbide integrala ematea; eta errelato guztiak errespetatuko dituen memoria inklusiboa lantzea.
Hiru gai horiek funtsezkoak dira gure herrialdean behin betiko finkatzeko giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarritutako bizikidetza demokratikoa.
Eta lanean jarraituko dugu norabide horretan.