2020/09/29

«Gure proposamenak zirimiria bezala ari dira posizio politikoak bustitzen»

[ELKARRIZKETA] Madrilen egindako topaketaren balantzea egin du Agus Hernanek Berrian

AGUS HERNAN. FORO SOZIAL IRAUNKORREKO BOZERAMAILEA

«Baldintzak badaude: borondatea behar da, eta ausardia»

Madrilen egindako topaketatik pozik atera da Agus Hernan. Uste du foroa arrastoa uzten ari dela: «Gure proposamenak zirimiria bezala ari dira posizio politikoak bustitzen».

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Berriemaile berezia

Argazkia J. DANAE / FOKU 

2020ko irailak 29

Euri jasarik ez, baina zirimiria bai akaso. Eta zirimiriak, sarri egiten duenean, busti egiten du, azkenean. Hala uste du Agus Hernan (Irun, Gipuzkoa, 1962) Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak: pixkana ari direla eragileak haien ideiaz «blaitzen». Madrilen hainbat juristarekin batera egindako Euskal Herria: espetxe politika berri bat normaltasun berri baterako jardunaldien biharamunean erantzun die BERRIAren galderei, Espainiako hiriburuan.

Zer moduz atzokoa [ostegunekoa]?

Oso baldintza txarretan egin dugu, COVID-19a dela eta: antolakuntza teknikoa oztopo lasterketa bat izan da. Baina emaitza oso ona izan da. Bederatzi hizlarik parte hartu dute, guztiak izugarrizko gaitasunekin, eta batzuk oso ezagunak: Jose Antonio Martin Pallin, adibidez. Entitate batzuek gai honen inguruan gutxitan edo sekula hartu ez duten posizio bat hartu dute. Lortu dugu genuen helburuetariko bat: sektore horretan, Madrilen, presoen aldeko iritzi korronte bat sortzea.

Lortu duzuela uste duzue? Edo urrats bat da? Aurretik egonak zarete Katalunian ere…

Horrelako ekitaldi batera ailegatzen zarenean, badago aurretik lan bat: hilabeteak daramatzagu. Katalunian egon dira bi elementu inportante: Kataluniako Parlamentuaren eta Bartzelonako Udalaren adierazpenak. Baina beste adierazpen asko ere bai: Fede GKEarena, adibidez. Prozesu bat da, azkenean: ekitaldi bat egiteagatik ez dugu sortu iritzi korronte bat, baina lanean ari gara, eta pandemiak uzten baldin badigu, espero dugu epe motzean sortuko direla beste aukera batzuk.

Martxoan egin behar zenituzten jardunaldi hauek, berez. Pandemiaz gain, izan dituzue oztopo gehiago?

Egia da pandemiak atzeratu egin duela, baina uste dugu Madrilen garai egokienean antolatu dugula. Eztabaida orain dago Kongresuan: azken hamar egunetan. Eta Euskal Herrian, batez ere EAEn, urrats kualitatiboak egin dira kontsentsuan.

Zein urrats?

Bat: alderdi politikoen programen artekoa. Ikusi dugu %75ekoa dela akordio espazioa, eta hor barruan presoena. Eta bi: Eusko Jaurlaritzako gobernu akordioan integratu dira hiru elementu berri. Bata humanitarioa da: gaia eztabaida politikotik ateratzea. Bigarrena, sustraitze sozialarena: Foro Sozialarentzat horrek esan nahi du kondenak Zaballako, Martuteneko, Iruñeko eta Basauriko kartzeletan betetzea. Eta hirugarrena, presoen gaia konpontzea ekarpen bat izango litzatekeela bizikidetza demokratikorako. Hiru elementu berri dira, eta gure kontzeptuak ziren. Ikusten ari gara Foro Sozialak egiten dituen proposamenek askotan ez dutela ondorio handirik hasieran, baina gero zirimiria bezala lortzen dutela posizio politiko, sindikal eta instituzionalak bustitzea eta blaitzea.

Horregatik esaten duzue hau izanen dela «bizikidetza demokratikoaren» legealdia?

Bai. Iaz esan genuen Nafarroan: hor sortu zen gehiengo politiko berri bat, gai horren inguruan aurreko gobernuaren programaren segida inportante bat zena, baina orain bizikidetza plan estrategikoarekin urrats inportante bat egiten ari dira. Eusko Legebiltzarrean biktima guztien aitortza falta da: asko diskriminatuak sentitzen dira oraindik, baina bidea jarrita dago. Presoen inguruan ere adostasunak daude. Eta memorian, Legebiltzarrak kritika inklusiboaren gaia dauka bideratzeko. Madrilen, azkenik, lehendik esan dugu: hemen badago aukera leiho bat, eta aprobetxatu behar dugu, batez ere presoen gaian.

EH Bilduk Espainiako aurrekontuen negoziazioan mahai gainean jarri du presoen gaia. Hortik lor daiteke zerbait?

Gu ez gara hor sartuko. Guk deialdi bat egin genien alderdi politikoei, bai kongresu barruan, bai kanpoan behar diren akordioak eta espazioak eraikitzeko, bakoitzak bere indarretatik, bere ahaletatik, presoen gaia ja modu definitiboan bideratzeko.

Aurrekoan aipatzen zenuten —eta atzo berriro— lobby bat dagoela hori guztia oztopatzen. Nolakoa da lobby hori?

[Pedro] Sanchez Espainiako Gobernuan sartu zenetik eta pandemia iritsi arte, sektore batzuetatik zenbait kritika ikusi genituen legea aplikatzen denean, bai gradu progresioetan, bai hurbilketetan. Baina ekainaren 19tik aurrera berraktibatu zen prozesu guztia: hurbilketak, gradu progresioak, iragarpenak... Eta ikusi dugu zenbait eragilek diskurtsoa gogortu dutela. Gero, baditugu datuak erakusten dutenak ekainean egin diren zenbait mugimendu oztopatu nahi izan dituztela. Hori, espazio batean. Baina, gero, azken ebazpen judizialak aztertzen baditugu, edo espetxe zaintzako epailearenak, zenbait fiskalen jarrerak...

Adibidez?

Adibidez, duela gutxi fiskaltzak helegitea jarri zion Donostian dagoen preso baten baimenari, eta argudioak betikoak dira: erakunde armatu batekin lotura... Betiko argudioak atera dituzte berriro, eta oso kezkagarria da.

Sanchezen gobernuaren urratsak txikiak eta lotsatiak dira, eta urrun daude konponbidetik, baina eman diren pausoak ere oztopatzen ari dira. Urteetan eskatu zaie presoei bide indibidualak egiteko, legeak eskatzen duena betetzeko, eta horretan sartu direnean, oztopoak agertu dira. Eta ez hori bakarrik: biktimen elkarte bat lege aldaketa bat proposatzen ari da, prozesua are konplexuagoa izateko.

Nortzuek osatzen dute lobby hori, zehazki?

Badira komunikabideak, ETAko zenbait biktima —batez ere elkarte bat—, eta zenbait magistratu eta fiskal.

Lobby horren kontrako lobby bat sortu nahi duzue zuek?

Guk iritzi korronte deitzen diogu. Badakigu Espainiako Estatuan badagoela gaur egun jende asko aldeko jarrera bat duena. Hori ikusten dugu kongresuan, edo atzo bertan [ostegunean], jardunaldietako diputatuen argazkian: Enrique Santiago hor zegoen adibidez, Podemoseko hirugarrena da, eta pisu handiko pertsona. Nahi dugu jende hori aldeko jarrera batetik aldeko jarrera aktibo batera pasatzea. Guk ez dugu planteatzen lobby bat: gainera, konnotazio negatiboak ditu. Iritzi korronte demokratiko bat sortu nahi dugu: kontrako posizioek defizit demokratiko bat dute.

ETAren biktima guztiek ez dute jarrera bera... Lobby horren parte ez diren bertze biktima batzuekin elkartu zineten irailaren 12an: erran zenuten biktima horietako gehienek uste dutela oraindik urrats garrantzitsuak daudela egiteke. Zein dira?

Guztiok bat egiten dugu horretan, eta bakoitzak jartzen ditu bere ñabardurak: oso ñabardura garrantzitsuak, kasu honetan. Hiru korapilo gelditzen dira askatzeko: egia, justizia eta erreparaziorako biktima guztien eskubidea, eta biktimen artean oraindik existitzen diren diskriminazioak gainditzearen beharra; preso, iheslari eta deportatuena; eta hirugarrena da guk memoria kritiko eta inklusiboa deitzen duguna. Alderdi politikoen artean kontakizunaren borroka dago, eta luzaz hitz egin genuen horren inguruan topaketa hartan: zein ezaugarri izan behar dituen memoria kritiko inklusibo batek... Hor, noski, ñabardura asko daude.

Kontakizunarena da askatzen zailena den korapiloa?

Urratsak egiten ari dira, baina eztabaida mediatiko eta politikoan puntu nagusia hori da. Eta, nahiz eta asko aurreratu beste arloetan, oraindik horrek izugarrizko inpaktua du. Hori den zailena? Bai. Gainera, alderdien arteko eztabaidan, noria bat bezala ikusten dugu: arlo sozialean urratsak egiten ari dira, baina arlo politikoan badaramatzagu urte batzuk argudio berak errepikatzen, eta ez dira ados jartzen. Baina, gizarte gisa, ezin dugu utzi alderdi politikoen eskuetan. Bizikidetza demokratikoa eraikitzearen ardura guztiona da.

Presoen arloan egin diren mugimendu eta gradu aldaketak «lotsatiak eta txikiak» izan direla diozu. Zer iruditzen zaizkizu?

Ez gaude [Mariano] Rajoyren immobilismoaren garaian, baina gustatuko litzaiguke Espainiako Gobernuaren aldetik ausardia handiagoa. Gainera, uste dugu momentua dela: izar gehienak lerrokatzen ari dira, bai Euskal Herrian, bai Madrilen. Momentua aprobetxatu behar dugu, eta ezin dugu aukera galdu iraganean ainguratutako joerak izateagatik. Lortu behar dugu oraindik falta diren elementuak askatzea.

Badaude aldaketak, halere, ez?

Aldaketa batzuk badaude, baina, aldi berean, preso gehienak urrun daude: Andaluzian, Levanten eta Galizian. Eta oraindik gehienak lehen graduan daude, eta talde garrantzitsu bat, erregimen itxian. Eta egiten den urrats bakoitzeko badira helegiteak: oraindik Espainiako Auzitegi Nazionalean ikusten dugu erantzun batzuk ematen dituztela duela bi urteko argudioak erabiliz, Rajoyren garaikoekin... Oraindik urrun gaude konponbidetik, baina baldintzak badaude: borondate politikoa behar da, eta ausardia handiagoa. Ez dugu dudarik eragileen borondatean: konfiantza daukagu. Modu pribatuan esaten digute, eta publikoan ere bai.

Zer gertatuko da azken presoekin? Kondena luzeak dituztenak...

Orain lehenengo fasean gaude: salbuespenezkotasuna bukatzean. Baina bada bigarren fase bat: 7/2003 legearekin kondenatuak izan direnek 40 urte osorik bete behar dituzte hirugarren gradura iristeko. Kezkatuak gaude gai horrekin. Alternatiba bakarra baldin bada lege aldaketa bat egitea, oso zaila da. Atzo jurista gehienek esaten zuten posible dela gaur egungo legearen barruan, malgutasun bat aplikatuz, urratsak egitea. Bilatu behar dira halako konponbideak, baina horretarako, berriz ere, borondate politikoa behar da.