2019/05/02

“Gizarte zibilak ezinezkoa zirudiena bideratzea ahalbidetu zuen eta, etorkizunari begira, oraindik askatzeke dauden korapiloen konponbidea ahalbidetu behar du”

2018ko maiatzaren 3an, Genevan, ETAk bere desegitearen berri eman zuen eta biharamunean Kanbon Nazioarteko Komunitateak ETAren erabakia egiaztatu zuen. Lehen urtemuga honen aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak zera adierazi nahi du.

  • ETAren iragarpena bakearen eraikuntzan aurrera pausu bezala hartu zuten Gobernu desberdinek, alderdi politiko guztiek, sindikatuek eta gizarte zibilak.

  • Gogoratu behar da Foro Sozial Iraunkorra jaio zenean, 2016an, konponbidearen prozesua erabat blokeatua zegoela. Gaur, hiru urte beranduago, esan dezakegu orduan pentsaezina zela gaur gauden tokian egotea.

  • Gaur egun, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko baldintzak sortuak daude. Elkarbizitzaren norabidean aurrera pausuak emateko hiru korapilo askatu behar dira:

    • Indarkeria mota guztietako biktimek duten Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubidea

    • Preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea emateko espetxe politikoaren salbuespen egoera gainditu behar da

    • Memoria bateratzailearen norabidean aurrera pausuak emateko adostasunak sortu behar dira. Pairatutakoa ahaztu gabe, Giza eskubideetan eta bakean oinarritutako etorkizuna eraikitzea da xedea.

  • 2018ko ekainean, zentsura mozioaren eta gobernu aldaketaren ondoren ireki ziren aukerek -hurrengo asteetan gertatuko denaren zain- aipatutako baldintzak indartu zituzten eta hiru korapiloak askatzeko prozesuan aurrera pausuak ematen jarraitzeko ahalbidetzen dute.

  • Halere, kanpaina honetan bizitakoa guk nahiko genukeen norabidearen kontra doa. Azken asteetan onartezinak izan diren zenbait gertaerei buruz ari gara: euskal gatazka delakoan pairatutako minaren ezereztea, gatazkaren biktimekiko errespetu falta, ETAren biktimen aurka sare sozialetan egindako erasoak, Altsasu edo Errenteria bezalako herriak estigmatizatzeko saiakerak... Eta, gure iritziz, Donostian, Bilbon eta Errenterian gertatutakoari buruz hausnartu behar da.

  • Halaber, hauteskundeen emaitza ikusita, jendarteak krispazioari bizkarra eman diola baieztatu behar dugu. Bere botoaren bidez elkarbizitza, elkarrizketa lasaia eta adostasunak lehenetsi dituztenak babestu ditu gehiengo zabal batek. Konfrontazioak eta gehiegikeria diskurtsiboak hautesontzietan herritarren babesa jasoko zutela uste zutenak erabat tronpatuak zeuden.

  • ETAren armagabetze zibilerako eta desegiterako erabilitako konponbide metodoak – triangulazioa – bide zuzena zein den zehaztu du: elkarrizketa eta desberdinean arteko adostasuna.

  • Gizarte zibilak ezinezkoa zirudiena bideratzea ahalbidetu zuen eta, etorkizunari begira, oraindik askatzeke dauden korapiloen konponbidea ahalbidetu behar du. Hori baita berriro ez geratzeko dagoen berme bakarra.