Aitzpea Leizaola, Fernando Armendariz, Eneko Calle, Nekane Altzelai eta Agus Hernanek memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko 10 gomendio aurkeztuko dituzte Donostiako Miramar Jauregian.
Hitzartzeak: Nekane Altzelai (euskaraz) eta Agus Hernan (gaztelaniaz)
Hamar gomendio hauekin ziklo bat itxiko dugu, 2016an hasi genuena. Ziklo horretan gure lan ardatz nagusietan aurrera egiteko «gomendioak» aurkeztu ditugu: armagabetzea, presoak eta biktimen eskubideak. Gomendio horietako gehienak oso modu egokian ezartzen joan dira.
Begi-bistakoa da bakea eraikitzeko eta indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako prozesuan etapa berri bati ekin diogula.
Faserik beligeranteena gainditu ondoren, eta sufrimenduko urte luze horien ondorioen konponbiderako aurrera urratsak ematen diren bitartean, bizikidetza demokratikorako marko bat eraikitzeko oinarriek garrantzi berezia hartzen dute. Orain, etapa berri honen helburuak eta tresnak zehaztu behar dira.
Testuinguru horretan aurkeztu ditugu gaur hamar gomendio horiek.
Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenari begira helburu bat ezarri genion gure buruari: memoria kritiko inklusiboa konfrontaziotik, «kontakizunaren bataila»k bahituta zeukan lekutik, ateratzea, eta eraikuntza-logika baterantz igaroarazten hastea. Horretarako, "Ustekabean Topo-Diálogos Improbables" tresna jarri genuen abian.
Zorionez, gaur egun esan dezakegu, ekarpen desberdinei esker, helburu hori lortzen hasi dela. Hilabete hauetan bost esparruetan eraiki dira adostasunak:
Kontakizun bakarraren aldeko ekimena agortuta dago. Modu pribatuan, eragile guztiek onartzen dute memoriak poliedrikoa izan behar duela, eta, publikoki, horren ondorioak ikusten hasi dira. Agian garrantzitsuena "Begiradak" dokumentua izan da. Bertan, sei pertsona oso anitz hauek bat etorri dira gogoeta batean: gertatutakoa ulertu eta aztertzeko, gaur egun, zergatik? galderari erantzuterakoan ez dugu adostasunik aurkituko.
Memoriak inklusiboa izan behar du. Bazterketak etorkizuneko gatazken hazia dira.
Zaila da iragana orainaldiaren begiradaz aztertzea eta, horretarako, beharrezkoa da gertakariak gertatu ziren testuingurua aztertzea.
Kontakizun guztiek dute adierazteko aukera, baina marra gorria da begirada kritikoa izatea gertatutakoarekin eta bakoitzaren erantzukizunarekin. Ez dira onargarriak auto-justifikazioko kontakizunak; azkenaldian ikusten ari garen bezala, horrelako adierazpenak gero eta onartezinagoak dira.
Ez dira gauza bera kontakizuna eta memoria edo historia. Kontzeptu horiek bereizteak aurrera pausu handi bat ematen lagunduko digu.
Esaldi batean laburbildu beharko bagenu non gauden orain gai honetan, hauxe litzateke: adostasuna dago gertatutakoaren izugarrikerian, desadostasuna dago gertatutakoaren zergatian eta adostasuna dago indarkeriarik gabeko bizikidetza demokratikoan oinarritu behar dela etorkizuna.
Orduan, orain galdera hau egin behar da: Hau nahikoa oinarri al da etorkizunari aurre egin ahal izateko? Gure erantzuna argia da: bai. Halere, jakitun gara gai honek ez duela inoiz inor erabat pozik utziko. Heldutasun-ariketa bat da, gizarte gisa.
Eta uste dugu gure belaunaldiari dagokiola hori egitea eta gai hori ondorengo belaunaldiari ez uztea konpondu gabe.
Hala ere, fase honetan arrisku argi bat dago: desmemoria. Arrisku hori elikatzen ari da memoriaren gaia publikoki tratatzen ari den moduarekin. «Kontakizunaren bataila»ren inguruan dagoen krispazioak izugarri gogaitzen du gizartea.
Ezin dugu orrialdea azkarregi pasatu, eta ezin gara geratu «kontakizunaren bataila»k ezarri nahi dituen parametroetan, «garaileen eta garaituen» markoa ezartzen diguten horietan. Izan ere, egiaztatu ahal izan dugunez, parametro horiek oztopo dira bizikidetza demokratikorako eta adiskidetzerako.
Trantsizioan dagoen gizarte bat gara, eta gertatutakoaren zergatian ados jarriko ez garen arren, eraiki nahi dugun etorkizun komunaren oinarriak ezarri behar baditugu.
Amaitzeko, uste dugu erantzukizun instituzionalak dituztenei eta alderdi politikoei dagokiela atmosfera sozial berri bat sortzea, alde batetik, hitza armagabetzea ahalbidetuko duena, eta, bestetik, hamar gomendio hauek ezartzen lagunduko duena eta lan-ardatz hau bakerako memoriak eraikitzeko behar den estadioan kokatuko duena, gerra-kontakizunak behin betiko atzean utziz.