Foroak Ministroari berriro eskatu dio Sekretu Ofizialen Legearen erreformari buruzko egungo eztabaidari nazioarteko parametroen ikuspegitik soilik aurre egiteko eta artxibo ofizialei sarbidea gehiago luzatuko duten oztoporik ez sartzeko.
Pasa den abuztuaren 17an iragarri genuen moduan, ikasturte politikoa berrabiarazi ondoren, Foro Sozial Iraunkorra Félix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministro jaunari zuzendu zaio gaur, eta berriro eskatu dio Sekretu Ofizialen Legearen erreformari buruzko egungo eztabaidari nazioarteko parametroen ikuspegitik soilik aurre egiteko eta artxibo ofizialei sarbidea gehiago luzatuko duten oztoporik ez sartzeko.
Félix Bolaños jauna Defentsa, Barne eta Kanpo Arazoetako Ministerioek osatzen duten lan-batzordeko burua da.
Halaber, Foroak gauza bera eskatu die Espainiako Kongresuko gehiengoa duten talde parlamentarioei (PSOE, Unidas Podemos-En comun, ERC, Junts per Catalunya, CUP, EAJ-PNV, EH Bildu eta Más Pais-Compromis).
Frankismoaren garaitik datorren egungo legearen erreforma joan den apirilean hasi zen izapidetzen, eta, azken asteotan, ukatu gabeko zenbait informazio agertu dira hedabideetan Espainiako Gobernuak gai batzuk, tartean GAL afera, Sekretu Ofizialen Lege berriaren eremutik kanpo uztea planteatzen duela esanez.
Testuinguru honetan, Foro Sozial Iraunkorrak honako argudio hauetan jarri nahi du arreta:
1.- GALen eta torturaren biktima batzuek artxibo sekretu horietan sartzeko itxaropena dute eta, ildo horretan, defendatu dute lege honen erreforma dela haien kasuen egia jakinarazteko bide egingarri bakarrenetako bat. Kortse berri bat duen lege batek pertsona horien berbiktimizazioan sakondu besterik ez luke egingo, oraindik bizi diren "hirugarren mailako biktimen" sentimenduan sakonduz.
2.- Artxibo horiek irekitzeak erraztu egingo luke egun Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duen Polizia Abusuen Biktimen Legearen Balorazio Batzordearen lana, bai eta datozen hilabeteetan Nafarroako Foru Erkidegoan abian jarriko den antzekoa ere.
3.- Foro Sozialak, nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, diskriminaziorik ezaren printzipioa defendatzen du Giza Eskubideen urraketen biktimentzako. Biktima guztiek dute egia, justizia eta ordaina jasotzeko eskubidea.
Aurkeztutako dokumentuen artean Nafarroako Legebiltzarrean martxoaren 18ko osoko bilkurak hartutako erabakia dago. Bertan, Espainiako Gobernuari Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatzen zion mozio bat onartu zen, Erresuma Batua, Italia eta Alemania bezalako beste demokrazia aurreratu batzuek egin duten ildotik, 1985ean Zabalzaren heriotzaren inguruko xehetasunak gardentasunez ezagutzeko.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu zuten.
Amaitzeko, Gobernuari eta arestian aipatutako legebiltzar-taldeei eskatu nahi diegu kontsentsu baten alde lan egiteko, sekretu ofizialen lege berri bat bermatzeko, arlo horretako nazioarteko parametroak jasoko dituena eta biktima horien diskriminazioan sakonduko ez duena.