“Arrazoi politikoengatik, preso eta ihesean dauden pertsonen gizarteratzea erraztea” lemapean Ficoban urtarrilean egin zen IV. Foro Sozialaren bigarren parteari buruzko ondorioak egingo ditu publiko Foro Sozial Iraunkorrak datorren asteartean, hilak 27. Azken asteotan, Foro Sozialak bertan jasotako informazioa eta txostenak aztertu ditu eta, ondorioak publiko egin ondoren, zehaztuko diren norabideetan ahalik eta akordio politiko inklusiboenaren eta anitzenaren aldeko lana egingo du. Armagabetzearen prozesuan egin zen bezala, helburua da akordio triangeluar bat erdiestea erakunde publikoen, gizarte zibilaren eta, kasu honetan, preso, iheslari eta deportatuen kolektiboen artean.
Zehazki, ekitaldia Donostiako Aquarium-ean izango da, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Foro Sozialaren izenean, Agus Hernan, Nekane Altzelai, Nazario de Oleaga eta Teresa Toda izango dira hizlariak. Eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzaren presidenteak ere hitza hartuko du.
Bertan, Foro Sozial Iraunkorrak preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzeko irizpideak proposatuko ditu. Gomendio sozial, instituzional eta juridikoei buruz ari gara, eta azken helburua da gure herrian eraiki behar diren agertoki inklusiboen aldeko ekarpena egitea, “lubakien” eztabaidak gaindituz, baita arlo honetan ere.
Eta horretarako, beti bezala, nazioarteko markoak hartuko ditugu oinarri gisa. Izan ere, NBEk sustatukoko “DDR estandar integratuetan” (Armagabetzea, Desmobilizazioa eta Gizarteratzea) oinarrituko ditugu gure proposamenak. Estandar hauek, ETAren armagabetze eta desmobilizazio prozesuetan lagungarriak izateaz gain, osagarri interesgarriak ekaintzen dituzte baita euskal preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzeko prozesurako ere.
Foro Sozial Iraunkorrak arlo guztietan erabiltzen duen metodologiarekin koherente izanik, arlo honetan egingo diren proposamenen kasuan ere ahalik eta adostasun anitzena lortzearen aldeko lana egingo du. Gatazka delakoaren testuinguruan motibazio politikoengatik egindako delituengatik preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonen gizarteratzerako, konponbide integrala eraikitze bidean, alde guztientzako nahikoa izango den akordio transbertsala eraiki behar baita.
Zentzu honetan, tamalez, adierazi behar dugu IV. Foro Sozialaren ondorioen aurkezpena, elkarbizitza eraikitzeko prozesuari dagokionez, testuinguru zail batean egingo dela. Azken asteotan, berriro ere, garai batekoak zirela uste genuen eszenak errepikatzen ari dira. Berriz ere, gaindituta behar zuten lubakien eztabaidetan murgildu dira eragile desberdinak. Berriz ere, hitzak totem bilakatu dira, eta ika-mika publikoak isilpeko lanaren aurretik jarri dira.
Datozen asteotan konponbide integralaren norabidean urrats garrantzitsuak emango dira. Euskal jendarteak aurrean duen erronkaren tamainaren pare izango diren jarrerak espero ditugu, behar ditugu, eragile guztien aldetik. Izan ere, esku artean dugun erronka ez da nolanahikoa, adiskidetze soziala ahalbidetuko duen elkarbizitzaren eraikitze prozesuari buruz ari gara.
Izan ere, azken hilabetetan, alderdi politiko gehienen eta sindikatu guztien arteko akordio zabalak lortu dira urgentzia duten zenbait gaien inguruan: gaixo dauden presoen egoera, espetxe politikaren transferentzia edo dispertsioaren amaieraren inguruan.
Gure iritziz, euskal jendarteak behar duen adiskidetze prozesuaren baitan, akordio transbertsal honek balio behar du, baita ere, arrazoi politikoengatik, preso eta ihesean dauden pertsonen gizarteratzeari begirako ibilbide orri bat adosteko. Aktore guztien jarduna gidatuko duen ibilbide orri bat hitzartzeko, hain zuzen ere.
Aribidean dagoen normalizazio eta adiskidetze prozesu honek, biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari erantzun behar dio, berriro ez geratzeko berme gisa, eta baita ere, kartzelan, ihesean eta deportazioan dauden pertsonen egoerari erantzun behar dio, behar diren konponbideak proposatuz eta gauzatuz.