Gaur, Bizkaiko Abokatutzaren Elkargoan Foro Sozial Iraunkorrak “Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren Behatokiaren” seihileko argitalpenaren 4. zenbakia aurkeztuko du. Teresa Todak, Aitzol Asla abokatuak eta Agus Hernanek parte hartu dute aurkezpenean.
Teresa Todaren interbentzioa
Sei hilabetean behin, Behatokiak motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsonen egoera orokorrari begiratzen dio era zabalean, eta datuak ematen ditu. Horrekin batera, zenbaki batetik bestera gertatutakoa aztertzen dugu. Eta, egoerak hala eskatzen badu, monografikoak argitaratzen ditugu.
Oraingoan, gure 4. seihilabetekariko Behatokia da eskuartean duzuena. 12. orrian dauden datuek espetxe politikaren aldaketa nahiko finkatuta dagoela adierazten dute. Taula egin zen datan, otsailak 16an, 95 euskal preso zeuden EAE eta Nafarroako espetxetan, eta 75 kanpoan. Denak 2. graduan. Hala ere, taula arretaz behatzen badugu, gaur egun areagotzen ari diren gradu-aldaketako arazoen zantzu argiak agertzen dira.
Arlo juridikoan, Europako Giza Eskubideen Tribunalaren epai garrantzitsuak aztertzen ditugu. Azken asteetan komunikabideetan agertu den Xabier Atristainen kasua aztertu dugu, baita azalarazten ari den gai larri bat ere: tortura. Alde horretatik, kezkagarria da gaur egun preso dauden pertsonen artean 95ek torturak salatu dituztela; horietako 80 kasu IVACen txostenean jasota daude.
Behatokiaren zenbaki hau alde positiboak eta negatiboak dituen egoera batean argitaratzen dugu. Alde positiboan, presoen hurbilketa aipatu behar da, nahiz eta salatu behar dugu lekualdatzeen erritmoa berriro moteldu dela. Eta alde negatiboan, berriz, Audientzia Nazionalaren autoak daude, hirugarren graduak ezeztatuz edo baimenak ukatuz, eta, horren ondorioz, presoek beren kabuz hartu dituzten birgizarteratze-ibilbideak itxiz. Gaur egun, begi-bistakoa da “lobby” baten eragina. Haren helburu bakarra da kartzeletako giltzarrapoak duela hamar urte bezala uztea, mendeku hartzeko eta konponbidea oztopatzeko.
Zenbaki honetan aztertzen ditugun epaiei dagokienez, batetik Atristainena dago, defentsa-eskubidea eta, oro har, bidezko juizioa izateko eskubidea urratzeagatik Espainiako Estatua kondenatzen duena. Era berean, beste hamaika epai aztertzen ditugu tortura debekatzen duen artikulua urratzeagatik. Denak bat datoz kontu batean: motibazio politikoko delituengatik atxilotutako euskal pertsonei aplikatzen zaien inkomunikazio-erregimena. Erregimen hori hamarkadatan aplikatu den salbuespenezko arauditik eratorria da, eta gero eta beharrezkoagoa da indargabetzen joatea, batez ere testuingurua errotik aldatu delako.
Premiazkoa da salbuespenezko araudiak eta legeak ez aplikatzeko eskatzea, espetxeetako problematikan oraindik oso estu dauden korapiloak askatzeko. Eta premiazkoa da, halaber, hainbestetan bir-biktimizatzen diren torturaren biktimak aitortzea. Horretarako, lehenik eta behin, tortura gertatzea ekidin behar zuten instantziek oso praktika ohikoa eta babestua zela onartu behar dute.
Agus Hernanen hitzartzea
Behatokiaren zenbaki honek orain arte indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuan tabua izan den gai bati heltzen dio gaur.
Gero eta ahots gehiagok eskatzen dute salbuespen-legeak indargabetzea, besteak beste, Urkullu Lehendakariarena, otsailaren 11n.
Teresa eta Aitzolek azaldu dutenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiek arreta jartzen dute oinarrizko giza eskubideen urraketa larriak eragin dituzten mekanismoetan —torturaren kasua—, baita bidezko prozesu judizialak izateko eskubidearen urraketan ere.
Motibazio politikoko delituengatik preso dauden euskal pertsonen kasuan, bi egoerak ohikoak izan dira: ehuneko handi batek torturak jasan eta salatu ditu, eta ia guztiek izan zuten inkomunikazio-erregimen zorrotza atxilotzean, bai eta salbuespeneko espetxe-politikaren aplikazioa ere. Argitaratu ditugun datuak oso adierazgarriak dira: otsailaren 16an Espainian espetxeratutako 171 pertsonetatik 95ek torturak jasan zituzten atxilotzean.
Urteetan zehar, Espainiako gobernuek eta erakundeek tortura erabili izana ukatu dute sistematikoki. Soilik onartu dituzte “kasu isolatu” batzuk epai judizialetan amaitu direnean; epai horietan, nolanahi ere, ez dira zigorrik ezarri, eta kondenatuak ez dira beren polizia-kargutik kanporatuak izan, praktikan zigor horiek indultuengatik, barne promozioengatik eta lanpostu-aldaketengatik baliogabetu ez direnean.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazi behar izan du tortura sistematikoki aplikatua izan dela Espainiako Estatuan, politikarien, polizien, epaileen eta forentseen pasibotasun adeitsuarekin.
Foro Sozialaren helburua biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatua izatea da. Biktima guztiena, baita torturaren biktimena eta kondena betetzen ari diren pertsonena ere.
Torturaren biktima horientzako egia bilatzeko bidean, urrats garrantzitsua izango litzateke talde profesionalari haiek dauden espetxeetarako sarbidea erraztea, Istanbulgo Protokoloa aplikatu ahal izateko, IVACen protokoloa betetzean horietako 95ek eskatu duten bezala.
Urte asko behar izan dira torturaren biktimengan zegoen susmoaren itzala gainditzeko. Gaur egun, urrats sendoak egiten ari dira eremu horretan.
Horregatik, tortura terrorismoaren aurkako mekanismo gisa sistematikoki erabili dela frogatu ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak premiazkotzat jotzen du torturaren ondorio juridikoak zein izan diren aztertzea eta berrikustea.
Hala, preso horiei Istanbulgo Protokoloa aplikatu ondoren, gure ustez, txosten bat egin beharko litzateke, zehatz-mehatz aztertzeko zer neurritan oinarritu diren presoen kondena-epaiak bakarrik autoinkulpazio adierazpenetan.
Gai horri ausardiaz aurre egiteko garaia iritsi dela uste dugu.
Inkomunikazio espazioan egin ziren diligentziak eta haien ondorioak aztertzea gomendatzen dugu. Izan ere, diligentzia horiek egoerak baldintzatu ahal izan ditu. Eta, kasu guztietan, oso garrantzitsuak izan dira pertsona horren aurkako prozesu penalaren bilakaerarako, haren akusazioa edo kondena zehaztu baitezakete.