Gaur, larunbata, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Foro Sozial Iraunkorraren urteroko batzarra egin da.
Bertan parte hartu dute, modu presentzialean edo telematikoan, Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten 17 erakunde gehienek eta haien izenean parte hartzen duten hainbat kidek.
Batzarrak adostasunez identifikatutako hiru korapiloetako aurrerapenei, blokeoei eta atzerakadei buruzko egoera-azterketa egin du. Hiru korapilo horiek askatzea beharrekotzat jo dira bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egin ahal izateko. Hauek dira hiru korapilo horiek:
Biktimen arteko diskriminazioarekin amaitzea eta biktima guztiei dagozkien eskubideak bermatzea.
Presoei aplikatutako salbuespeneko espetxe-politika desaktibatzea.
Memoria kritiko inklusiboa eraikitzea, aktore guztiak kontuan izango dituena, iritzi eta kontakizun guztiak bilduko dituena.
Parte-hartzaileek azken puntu horri eskaini diote eztabaida nagusia. Horretarako, gatazken konponbide prozesuetan aditua den “Conciliation Resources” nazioarteko fundazioko ordezkari baten laguntza izan dugu.
Hauek dira eztabaidaren ondorio nagusiak:
Lehenengo bi korapiloetan (biktima guztien eta presoen eskubideak) adostasun politiko, instituzional, sindikal eta sozial nahikoak egon dira aurrera egiteko, eta konponbidearen norabidean urratsak eman ahal izateko baldintzak sortu dira. Baina memoria kritiko inklusiboaren kasuan, “kontakizunaren bataila” deritzonak dena baldintzatzen du.
Foro Sozial Iraunkorrak kezka handia agertu du “kontakizunaren bataila” deritzonak gure Herriko eztabaida politiko eta mediatikoan berriz ere sortu duen polarizazioagatik. Azken krisia joan den astean izan zen, bai ETAren indarkeriaren bai Estatuaren indarkeriaren (tortura) inguruan sortutakoa.
Krisi horiek behin eta berriz gertatzen ari dira eta egun batzuetako eztabaida mediatikoa eragiten dute. Horrelakoetan, ezinezkoa egiten da gizarte zibilean dagoeneko dauden adostasun-espazioei balioa ematea. Alde horretatik, pozten gara Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan —ez Nafarroan, eta are gutxiago Madrilen—, biktima guztien eta preso guztien eskubideak “kontakizunaren batailaren” eztabaida-esparrutik blindatu izana eta bi gai hauen konponbidea bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko urrats gisa ulertzea aktore guztien aldetik.
Nafarroan adostasun politiko eta sindikala oso zabala da, jendartearen gehiengoa dago hor, baina bizikidetza demokratikoaren aurkako sektoreak pisu politiko eta mediatiko handia du oraindik.
Alderdien arteko eztabaidari errespetu osoa diogu, baina “kontakizunaren bataila” trabatuta dago noria batean bezala, non argudio berberak aspalditik errepikatzen diren behin eta berriz.
Batzarra bat etorri da esatean oso zaila dela memoria inklusiboaren arloan adostasunak lortzea, oraindik logika hau nagusitzen ari baita: aktore bakoitzak uste du berea dela kontakizun bakarra. Gaitzespenaren eta “eta zu gehiago” logika, alegia.
Egoera hori gainditzeko, noria horretatik atera eta blokeo-fasea gainditu behar da, hiru zutabetan oinarritutako eztabaida-esparru berri bat sortuz:
memoria “poliedrikoa” eraiki behar da, kontakizun guztiak egin ahal izateko;
“kritikoa”, giza eskubideen kultura eraikitzeko modu bakarra delako;
“inklusiboa”, ez errepikatzeko oinarriak finkatzen lagundu behar baitu.
Gainera, horrek guztiak sortzen duen polarizazio-efektuaren aurrean, beharrezkotzat jotzen dugu despolarizazio-dinamikak abiatzea, entzuteko eta elkarrizketarako espazioak sortzea, bereizten gaituenaren aurrean batzen gaituena balioesten dutenak, baita gai honetan ere.
Horixe da Foro Sozial Iraunkorraren konpromisoa: etsipenean ez erortzea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko hain beharrezkoa den eztabaida konstruktibo eta inklusiboko esparru berri hori sortzeko lan egitea.