2020/05/15

Foro Sozialak positibotzat jo du espetxe-politikan dauden adostasunak zabaldu izana

Birgizarteratze-ibilbidean 39 preso daude dagoeneko: 32 bigarren graduan, 3 gaixotasunagatik espetxeratze arinduan eta 4 hirugarren graduan

Urruntze politika mantentzeak zigor erantsia ezartzen du koronabirus garai honetan

Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratu nahi ditu Espainiako Estatuan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan garatzen ari diren elkarlanerako dinamika berriak.

Preso sozialen eskubideen alde lan egiten duten zenbait erakunde eta motibazio politikoko presoen eskubideen alde lan egiten dutenak - orain arte haien artean oso lankidetza gutxi zutenak -, ekimen bateratuak egiten hasi dira pandemia garai honetan. Eta gauza bera esan daiteke alderdi politikoei eta sindikatuei buruz. Adostasun berrien lekuko dira Espainiako Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu diren ekimenak.

Zentzu honetan, motibazio politikoko presoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren normalizazioari dagokionez, orain arteko adostasunak nabarmen zabaltzen ari dira eragile berrien artean, aukera berriak irekiz.

Testuinguru bereziki zailean, bereziki zaurgarria den arrisku-sektore batek, espetxeratuek, pairatzen duen egoeraren inguruko kezkak bere espazioa aurkitu du agenda politikoan eta sozialean. Eragile ugariren lanari esker, Madril, Iruñea edo Gasteizko Gobernuetako, alderdietako eta sindikatuetako lan-agendan sartu da gaia hau.

Bestalde, aste honetan jakin dugunez, Estatuan espetxeratuta dauden pertsonek deseskalatze-prozesua hasiko duten arren, euskal presoen kasuan, senideen eta hurbilekoen bisitarik gabe jarraituko dute, ia inor ez baitago espetxeratuta Euskal Herrian.

Pasa den astean, “Indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako agendari dagokionez Covid-19 pandemiak sortutako egoera berriaren inguruko hausnarketa” izeneko dokumentuan adierazten genuen moduan, Foro Sozial Iraunkorraren ustez, "konfinamenduak baldintza hobeak sortu ditu askatzeko dauden hiru korapiloen konponbideari behin betiko bultzada emateko: Lehena, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean oraindik ere irauten duen diskriminazioarekin amaitzea; bigarrena, gizarte-espazioetatik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena; eta, hirugarrenik, salbuespeneko espetxe politika behin betiko indargabetzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea, birgizarteratze-ibilbideen bidez.

Hirugarren puntu horri dagokionez, joan den urtarrilean Foro Sozial Iraunkorrak "Guztion eta Guztiontzako Euskal Bidea" dokumentua aurkeztu zuen, 2017an egin zen IV. Foro Sozialeko ondorioetan oinarritua. Azken batean, motibazio politikoko presoentzako birgizarteratze-ibilbide bat planteatzen da bertan.

Orduz geroztik, konfinamenduak berekin dakartzan zailtasun guztiekin, ibilbide hori - "bide" hori - garatu ahal izateko baldintzak sortzeko lanean aritu gara. Eta ikusten ari garenez, birgizarteratze-ibilbide hori eraginkorra izaten ari da gaur egun Espainiako Estatuan dauden 201 presotatik 39 presoren kasuetan (32 bigarren graduan, 3 gaixotasunagatik espetxeratze arinduan eta 4 hirugarren graduan).

Zentzu horretan, urrats kualitatibo gisa baloratu nahi ditugu Espetxe Zuzendaritzak egin berri dituen hirugarren graduko lau sailkapenak, ibilbide hori definitzen joateko balio duelako.

"Guztion euskal bidea" deitu diogu, askotan esan dugun bezala, gai honetan lan egiten duten eragile guztien artean adostu behar delako. Eta "Guztiontzako euskal bidea", ibilbide hori preso guztiek egin ahal izateko pentsatuta egon behar duelako, eta, horretarako, haiekin adostu behar delako.

Horrelako akordio batek soilik bermatuko du oraindik askatu gabe dagoen korapilo hau behin betiko askatzea, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean.

Hala ere, adostasun zabal berri hauek eta emandako urrats horiek guztiz kontraesankorrak dira euskal preso gehienak lehen graduan mantentzearekin eta urruntze-politikarekin. Urruntzeak, koronabirus garai honetan, zigor erantsia ezartzen die senide eta hurbilekoei, baita presoei beraiei ere.

Gizarteak ez luke ulertuko bi gai horiei behin betiko soluzioa ez ematea deseskalada prozesu honen barruan. Eta are gehiago presoen senide eta hurbilekoek konfinamenduan pairatu duten larritasun eta ziurgabetasun erantsia pairatu ondoren.

Eta gizarteak ez luke ulertuko Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztu duen deseskalada planean euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika mantentzea.

Ez da sufrimenduak gehitzeko unea, konponbideak bilatzekoa baizik. Ildo horretan, deseskalada prozesu honetan premiazkoa da bi zeregin horiei aurre egitea, adostasun politikoak eta gizartearen babes nahikoa baitute. Hala ere, horretarako beharrezkoa da dauden adostasun horiek beren potentzial osoa garatzea eta konponbidea oztopatzen ari diren eta eragile guztiek dituzten beldurretatik askatzea.

Gai horiei aurre egiteko, beharrezkoa da, halaber, alderdien arteko eztabaida politikoan ere deseskalada ematea. Esperientziagatik dakigu alderdien arteko eztabaida -beti legitimoa - gogortzeak ondorio zuzenak dituela indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko ekimenetan, eta, bereziki, "Kontakizunaren bataila" deiturikoaren enkistamenduan.

Biktimek beraiek alderdien arteko eztabaidan biktimak ez erabiltzeko eskatzen duten bezala, presoei politika normalizatua aplikatzea ez litzateke erabili behar alderdien arteko eztabaidan, konponbidea eraginkortasunez landu ahal izateko.

Krisiek aukera handiak eskaintzen dituzte etorkizun hobea eraikitzeko, iraganeko akatsetatik ikasteko. Gizartea konfinamendutik aterako da lehentasun humanitarioen agenda berri batekin, eta, ildo horretan, beharrezkoa da konponbide-agendan pendiente dauden hiru gaiek ere beren lekua aurkitzea inplikatutako eragileen (gobernuak, alderdiak eta sindikatuak) lan-agendetan.

Aurretik joan bedi gure konpromisoa diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen eta gomendioak proposatzen jarraitzeko, testuinguru zail batean bada ere, irtenbide berritzaileak aurkitu ahal izateko.