Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldeak oso positiboki baloratzen du gaur Iruñeko udalean onartu den mozioa Sara Fernandez, Valdemoroko kartzelara zihoanean 2003an hildako iruindarra, “dispertsioaren biktima”gisa aitortzeko.
Erakundeek indarkeria mota guztietako biktimei aitortza ematea ezinbesteko urratsa da elkarbizitza eraikitzeko bidean. Biktima guztien aitortzak gaur egun dagoen egoera gainditzeko balio behar du. Izan ere, une honetan ez Nafarroan ezta EAEn ere honi buruzko legerik ez dago eta lehen eta bigarren mailako biktimak desberdintzen jarraitzen da. Baina gure jendarteak ezin du horrelako desberdinkeriarik onartu. Gure jendarteak ezin du aitortzarik gabeko biktimak egotea onartu.
Era berean, azpimarratu behar da mozioak lau alderdien babesa lortu duela: EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerra.
Beste aldetik,“Iruñeko Udalak dispertsioarekin amaitzeko behar diren pausu guztiak emateko” eskatzen zuen PSNren gehitze-mozioak EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerraren babesa lortu du.
Zentzu honetan nabarmendu behar da Iruñeko Udalarekin dagoeneko badirela 50 udal baino gehiago urruntze politikaren aurka agertu direnak. Nafarroaren kasuan laugarren udala izango litzateke, Lesaka, Burlata eta Atarrabiaren ondoren.
Eta Iruña da aldarrikapen honetara gehitu den Hego Euskal Herriko laugarren hiriburua. Aurretik Bilbo, Gasteiz eta Donostiak eskatu zuten urrunketaren amaiera. Eta hiriburuak baino lehenago Nafarroako Parlamentuak, Eusko Legebiltzarrak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiak.