Gaur Espetxeetako Zuzendaritzak 5 hurbiltze berri iragarri ditu eta Foro Sozial Iraunkorrak ohar hauek egin nahi ditu.
Motibazio politikoko delituengatik zigortutako presoei aplikatutako espetxe-politikaren BEHATOKIAren arabera, hauek dira mugimenduei buruzko benetako datuak 2018ko irailaren 21etik, Espainiako gobernu berriak lehen mugimendua egin zuenetik:
Euskal gizartea, bere erakundeak eta bere alderdi politiko gehienak behin eta berriz eskatzen ari dira presoek zigorrak bete ditzatela EAEko eta Nafarroako espetxeetan. Are gehiago pandemiaren testuinguru batean, premia handiagoa dagoenean. Espetxe hauek, gainera, nahikoa leku dute.
Esan gabe doa familiarentzat hobe dela presoak zigorra Villabonan betetzea (385 km-ra) Algecirasen baino (1100km-ra), baina ez dugu ulertzen zein irizpideren arabera ezin diren EAEko eta Nafarroako espetxeetara hurbildu.
Norabide onean urratsak ematen ari diren arren, datu hauek agerian uzten dute gai honen konponbide-agertoki batetik urrun gaudela oraindik. Egungo agertokian ulertzeko zailak diren erdibideko gerturatze horiek ezin ditugu ontzat eman Foro Sozial Iraunkorrean.
"Guztion eta guztiontzako Euskal Bidearen" proposamenean definitutako birgizarteratze-ibilbidea funtsezkoa da konponbide-agertoki horretara gerturatzeko. Proposamen hori Foro Sozial Iraunkorrak aurkeztu zuen 2020ko urtarrilaren 2an Bilbon, eta gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozialak eskatzen duenari erantzuten dio, hainbat adierazpen eta akordiotan adierazi duten bezala.
"Euskal bidea" ibilbide honetan, ekipo egokien bidez tratamendu indibidualizatua egiten dela bermatzea da xedea. Eta horretarako, egokiena da preso guztiak EAEko eta Nafarroako espetxeetan egotea, kartzela hauek bakarrik bermatzen baitute haien errotze soziala eta familiarra, eta hori funtsezkoa da birgizarteratze-prozesuetan.
Amaitzeko, berriro esan nahi dugu gaur egun, dagoeneko, bildu daitezkeen baldintzarik onenak bilduta daudela Espainiako Gobernuak apustu irmoa egin dezan gatibutasun-printzipioak baldintzatutako espetxe-politika gainditzeko, eta errealitate-printzipioan oinarritutako konponbide-agertoki bat ezartzeko. Bizikidetza demokratikoan urratsak eman nahi dituen eta, horretarako, gai honi ere irtenbidea eman behar zaiola uste duen gehiengo horrekin bat datorren eskaera da hau.