2021/01/04

Foro Sozialak egingarritzat eta arrazoizkotzat jotzen du presoen auzia 2021ean konponbideko bigarren fasean sartzea

Foro Sozial Iraunkorrak prentsaurrekoa eman du gaur Bilbon. Alde batetik, Teresa Toda eta Nazario Oleagak, euskaraz eta gaztelaniaz, “Presoen auzia konpontzeko izandako aurrerapenei, blokeoei eta atzerapenei buruzko azterketa” aurkeztu dute, eta, bestetik, Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik gai horren inguruan dauden aukerak aztertu dituzte.

Dokumentua: Presoen auzia konpontzeko aurrerapen, blokeo eta atzerapenei buruzko analisia

Teresa Toda-ren interbentzioa

Foro Sozial Iraunkorra, 2016ko ekainean sortu zenetik, normalizazio politiko eta soziala lortzeko prozesuaren aurrerapen, blokeo eta atzerapenei buruzko analisiak eskaintzen ari da, eta horixe izango da dokumentu honen helburua ere, gure herrian bizikidetza- eta bake-marko bat lortze aldera.

Kasu honetan, espetxe-politikaren bilakaeran jarriko dugu arreta. Izan ere, behin baino gehiagotan azaldu dugun bezala, horixe da une honetan askatu behar diren hiru korapiloetako bat, biktima guztien eskubideekin eta memoria kritiko inklusiboarekin batera, gertatutakoa berriro jazoko ez dela bermatuko duen bizikidetza demokratiko batera aurrera egin ahal izateko.

Analisi hau Covid-19 birusaren testuinguruan egin da. Hori ere ondorioak izaten ari da konponbidearen prozesuan bertan.

EPPK-k 2017an izandako eztabaida, ETA 2018ko maiatzaren 4an desegitea eta 2018ko ekainaren 1eko zentsura-mozioa izan ziren auzia desblokeatu eta konpondu ahal izateko agertoki erabat berria ireki zuten gertaera garrantzitsuak.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek berak adierazi zuen “joera berria” ezartzeko asmoa zuela euskal presoei ezartzen zitzaien espetxe-politikan.

Ez da analisi honen xedea beste aktore batzuek eskaintzen dituzten datuen bilakaeraren erradiografia ematea, baina bai, aldiz, sekuentzia kokatzea.

Sanchezen gobernuaren lehenengo “hurbilketak” 2018ko irailean izan ziren. Gobernuaren ezegonkortasunaren eta 2020ko urtarrilera arte egondako hauteskunde-zurrunbiloaren ondorioz, neurri batean, hurbiltzeen lehen faseak abiadura motela izan zuen, batez beste hilean 2 preso hurbildu baitziren, 2020ko urtarrilera arte. Beranduago, 2020ko urtarrilaren 7an Pedro Sanchez gehiengo soilaz ezarri eta gero, eta gobernua eratzeko prozesu osoa amaitu ondoren, Covid-19 birusaren pandemia eta itxialdia etorri ziren. Horien ondorioak gero aztertuko ditugu.

Abiadura motel horrek eta ondorengo geldialdi luzeak frustrazio handia eragin zuten senide eta hurbilekoen artean, iragarpena itxaropenez hartua baitzuten.

Hala, 2020ko ekainaren 19an gauzatu zen apirila, maiatza eta ekainerako iragarritako “hurbilketetan” lehena. Ordutik, erritmo konstante bati eutsi zaio eta azken hiruhilekoan azkartu ere egin da, astean bospasei preso hurbiltzen baitira, batez beste.

Beraz, egun, daturik garrantzitsuena da, gai honi dagokionez, gainditutzat eman dezakegula Mariano Rajoy-ren Gobernuaren garaian izandako immobilismo-fasea.

Bigarren datu esanguratsua da, egun, EPPK-ko kide gehienak 600 eta 1100 km arteko distantziara dauden espetxeetan daudela barreiatuta, sailkapeneko 1. graduan.

Azpimarratzeko hirugarren datua da oraindik ere urrun gaudela konponbide integralaren agertokitik, urrats positiboak ematen ari diren arren.

Gutxiengo bat baino ez dago Euskadiko eta Nafarroako kartzeletan.

“Hurbiltzeko” lekualdatze gehienak espetxe periferikoetara izan dira, hala nola Errioxa, Kantabria, Asturias, Aragoi eta Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoetako kartzeletara alegia.

Dokumentu honetan, “hurbilketa" terminoa komatxo artean erabiltzen ari gara, hain zuzen, eztabaida hori dela eta. Foro Sozial Iraunkorretik, ezin ditugu ontzat jo erdizka egindako hurbilketa horiek, urruntzearen kilometro kopurua murrizten duten lekualdatzeak, gaur egungo egoeran ulertzen zailak direnak. Are gehiago, datuek erakusten dutenez, Euskadiko eta Nafarroako lau espetxeek badute horretarako leku nahikoa.

Bigarren graduan daudenei edo 1. graduan egonik 100.2 artikulua aplikatzen zaien pertsonei eragin diete nagusiki “hurbilketek”, eta Espetxeetako Administrazioak berak bi sailkapen horietako batera mugitu dituen pertsonei. Espetxe-sailkapeneko 1. graduan dauden pertsona gutxiago lekualdatu dira, eta 3. graduan, hurbilketen dozena bat kasu egon da.

Gai honen ebazpenean eragina duten beste alderdi garrantzitsu batzuk ere jorratzen ditu analisiak. Agenda sozial, politiko eta mediatikoa, adostasunek behar duten maila, eztabaida politikoa Espainiako Estatuan eta joan den irailean iragarri genuen lobby-aren zeregina, biktimei eraso gogorrak, Ongi etorriak edota Covid-19 birusaren izurritea. Gaurko agerraldian ez gara horretaz luzatuko.

Ondorio gisa, lehen atal honetan egiaztapen bi egin nahi ditugu:

1.- Gehiengo eta adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial transbertsal nahikoak daude gai horiek konpontzeko behin betiko fase integral batean sar daitezen.

Adostasun horiek bi funtzio bete behar dituzte:

- Espainiako Gobernuari palanka egitea.

- Espainiako Gobernuari berari laguntza ematea auziari irtenbidea ematearen kontra dauden sektoreen aurrean.

2.- Egindako adierazpenak eta mugimenduak aztertuta, iruditzen zaigu ez dagoela Gobernuak publikoki zehaztutako planik, eta oraindik ez zaiela erantzun Foro Sozial Iraunkorrak 2018ko udazkenean “Konponbiderako premiazko agendan” planteatutako auziei –batez ere euskal erakundeetan adostuak izan zirenak–. Hala, gaixotasun larriak dituzten eta 70 urtetik gora duten pertsonak espetxetik ateratzearen auziari ez zaio heldu oraindik; hurbilketek ez dituzte euskal kartzelak helmuga bakar gisa izaten; eta oraindik ere espetxe-sailkapenaren irakurketa okerra egiten da, ez baita aintzat hartzen bigarren gradua dela legeak eredu arrunt eta ez-berezi gisa ezartzen duen bizi araubidea.


 

Nekane Altzelairen interbentzioa

Foro Sozial Iraunkorrak bi fase identifikatzen ditu presoen auzia konpontzeko prozesuan:

Lehena, “Konponbiderako premiazko agendan” zehaztutako bost gaietan salbuespen-egoera bukatzea, Teresak eta Nazariok aipatu duten moduan.

Bigarrenak honako hauek barnebiltzen ditu:

Birgizarteratzeko plan bat definitu beharra, erakunde publikoek gidatuta eta hainbat eragilerekin adostuta, presoei gizarteratzeko ibilbidean banaka laguntzeko aukera eskainiko duena, bai baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean, bai ondoren birgizarteratzeko bidean ere.

7/2003 Legearekin zigortutako pertsonen auziari konponbide egokia eta garai politiko berriarekin bat datorrena emateko beharra.

Lehen fase honetan eztabaida bi daude:

Lehenengoa, “Hurbilketei” buruzkoa

Bistan da senideentzat hobe dela preso batek Villabonan (385 km-ra) betetzea zigorra, Algecirasen (1100 km) baino, baina honako hau da kontua: zein irizpideren arabera ezin dira dagoeneko EAEko eta Nafarroako espetxeetara hurbildu?

Adostasun politiko (Eusko Legebiltzarraren % 92 eta Nafarroako Parlamentuaren % 60), instituzional, sindikal eta soziala dago “familian eta gizartean errotuta” egoteak birgizarteratzeko bidean duen garrantziaren inguruan.

Eta adostasun zabala dago esatean errotze hori Nafarroako eta Euskadiko lau espetxeek baino ez dutela bermatzen. Euskalduna Jauregian abenduaren 11n egin zen alderdi eta sindikatuen azken adierazpenak agerian uzten du adostasunerako espazio hori.

Gainera, Espainiako Kongresuan ere adostasun politiko zabala dago (% 55) presoei politika normalizatua aplikatzeko beharraren inguruan.

Adostutako oinarri horien gainean, beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen dugu koronabirus garai honetan senide eta hurbilekoei zigor gehigarria ezartzen dien urruntzearekin amaitzea. Ikuspuntu humanitario batetik, ez da bidezkoa senideak eta hurbilekoak ziurgabetasun-egoera horretan mantentzea.

Bigarrena, graduen bilakaeraz

Gaur egun, preso gehienak lehen graduan daude oraindik, eta horietako batzuei 100.2 artikulua aplikatu zaie. Kopuru nabarmen bat bigarren graduan dago, eta oso kopuru txiki bat, hirugarrenean. Gainera, hain zuzen ere lehenengo graduan sailkatuta daudenak dira urrunen daudenak.

Presoen kopuru esanguratsu bat bigarren gradura igarotzea eta etxera hurbiltzea urrats positiboak dira, norabide egokian, betiere horrek aurrera egiteko balio badu eta ez berriro ere trabatuta gelditzeko, benetako “bide itsua”, Zuerako espetxeari buruzkoa, Behatokiaren azken txostenak agerian utzi duenez. (Behatokia: motibazio politikoa duten delituengatik zigortutako presoei aplikatzen zaien espetxe-politikari behatzeko erakundea).

Nahiz eta EPPK-k bide hori egiteko borondatea erakutsi duen, egon badaude espetxe asko non graduen bilakaera benetako “bide itsua” dela. Bi gaik baldintzatzen dituzte beharrezkoak diren banakako programak:

Berariazko programarik ez izatea.

Laguntzeko ardura duten funtzionarioetako askoren (psikologoak, gizarte-hezitzaileak) joera ideologikoa, bai eta Tratamendu Batzordeena eta espetxe batzuetako zuzendaritzena ere.

Gai honetako bi aspektutan adostasun zabalak daudela gogoratu nahi ditugu:

Helmugako espetxeek presoak familian eta gizartean errotuta egotea bermatu behar dute. EAEko eta Nafarroako espetxeetan soilik bermatuko da errotze hori.

Bakarkako ibilbideek askatasunik ez duten pertsonak osoki birgizarteratzea ahalik eta azkarren bermatu behar dute.

Ikus ditzagun orain fase fase berri batean sartzeko bete beharreko baldintzak:

Lehenik eta behin, esan behar dugu ulertzen dugula espetxe-politikan aldaketa ez dela lineala izango eta, dagoeneko gertatzen ari den bezala, aurrerapenak eta blokeoak izango dituela.

Funtsezkoa da 2018an “Konponbiderako premiazko agendan” zehaztutako bost gaiak arrazoizko epe batean ixtea. Soilik auzi honen desblokeatzeak eta “premiazko agenda” gainditzeak ahalbidetuko dute borondate politiko osoa egiaztatzea, gai horri behin betiko konponbidea emateko adinako konfiantza-giroa sortuko duena.

Foro Sozial Iraunkorrean, helburu gisa jarri dugu datorren ikasturte politikoan (2021-2022) presoen auzia konponbide-fase berri batean kokatzeko erronkei aurre egiten hastea. Beharrezkoa ez ezik, egingarria eta zentzuzkoa ere iruditzen zaigu.

Fase berrian, dagoeneko aipatu ditugun bi alderdiei egin beharko zaie aurre, konpontzeko bermearekin:

a.- Birgizarteratzeko plan bat definitu beharra, erakunde publikoek gidatuta eta hainbat eragilerekin adostuta, presoei gizarteratzeko ibilbidean banaka laguntzeko aukera eskainiko duena, bai baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean, bai ondoren birgizarteratzeko bidean ere.

b.- 7/2003 Legearekin zigortutako pertsonen auziari konponbide egokia eta garai politiko berriarekin bat datorrena emateko beharra. Gai konplexua da, eta gatazkak konpontzeko erabiltzen diren nazioarteko estandarrei jarraitu beharko zaie. Horretarako, ahalegin guztiak bideratuko dira arazoari irtenbide iraunkorra ematera, bakea finkatzera eta gatazka ez errepikatzeko bermeak ziurtatzera. Bestalde, berritzailea izaten saiatu beharko da, eta jadanik existitzen ez den –eta zigorrak gogortzeko logika zuen– estrategia antiterrorista baten ondorioz sortu zen legeria kentzen.

Hori guztia egoera behin betiko gainditzeko helburuarekin planteatzen dugu. Hau beharrezkoa da bizikidetza demokratikoaren beharrezko oinarriak ezartzeko, gertatutakoa ez errepikatzeko bermearekin.

Esan gabe doa konpromiso irmoa dugula diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen, gomendioak egiten eta beharrezkoak diren errazte-lan diskretuak egiten jarraitzeko, testuinguru zail batean, gai honi irtenbide berritzaileak aurkitzen lagunduko duelakoan.