2020/02/10

Foro Sozialak  demokraziaren aldeko iritzi korronte bat eskatu du Katalunian eta Estatuan, konpontzeke dauden korapiloak askatzeko

Gaur arratsaldean, Kataluniako Parlamentuan, "Euskal Herriko Bakearen aldeko Adierazpen Instituzionala" aurkezteko ekitaldia egin da. Adierazpena duela egun gutxi onartu zuen Parlament-eko Bozeramaile Batzordeak. Ikusleen artean, Rosa Luch, Robert Manrique eta jatorri desberdinetako indarkerien beste biktimak egon dira.

Adierazpena Foro Sozialak sustatu du, eta ERC, JxCAT, PSC, En Comu Podem eta CUP alderdiek babestu dute. Kataluniako Parlamentuko presidente Torrent jaunak aurkeztu du Adierazpena bera, eta bertan izan da, halaber, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Tejeria andrea eta Mahaiko kideak. Ekitaldian Rosa M. Cabré ETAren biktima, Agus Hernán Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea eta Xavier Masllorens l 'Institut Català Internacional per la Pau erakundeko presidenteak hartu dute parte.

Rosa M. Cabrék -Hipercorreko atentatuan hil zuen ETAK bere ama-, oso argi hitz egin du bai Hipercorreko biktima batzuei "Estatuak oraindik ez diela bere erantzukizun zibil subsidiarioa aitortu" salatzeko orduan, baita Adierazpenaren puntu nagusiak defendatzeko orduan ere. "Bat egiten dut presoak beren komunitatera hurbiltzeko eskakizunarekin, hori giza eskubideekiko errespetuz jokatzea ulertzen dudalako”. Eta gaineratu du bat egiten duela “presoek egindako kaltea aitortzeko beharrarekin, hori gabe benetako errekontziliazioa lortzea zailagoa izango delako”. Cabreren hitzetan: "Bat egiten dut Egia, Justizia eta Erreparazioaren eskakizunarekin indarkeria terrorista ororen biktimentzat, Estatuak eragindako eskubideen urraketaren biktimentzat barne".

Bestalde, adierazpenaren aurrekariak azaldu ondoren, Agus Hernan-ek honako hau adierazi du:

"Euskal Herriak bizi duen bake eszenatokiaren inguruan Espainiako estatuan dauden ulertezintasun izugarrien jakitun ginen eta gara.

Era berean, aurreikusten genuen bezala,  sektore batzuk aldaketa hori oztopatzen saiatzen ari dira. Eta esan behar da garaileen eta garaituen logika errebantxista elikatzen jarraitzen duten aktoreak oso boteretsuak direla.

Egoera hori iraultzeko, demokraziaren aldeko iritzi korronte bat sortu behar dugu. Iraganean bahitutako dinamikak gainditzeko garaia iritsi dela pentsatzen duten hainbeste demokrata katalanek eta hainbeste demokrata espainiarrek ozen eta argi hitz egin behar dute. Ireki den aukera-leiho honetan lagun gaitzatela. Bide zail horretan, gaur aurkezten ari garen adierazpen hau urrats garrantzitsua da, urrats ausarta”.