Foro Sozialak ETAren biktimekin egindako bileraren ondorioak jasotzen dituen txostena helarazi die gaur Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari
Joan den irailaren 12an topaketa bat egin genuen Donostian ETAren biktimak diren 7 pertsonaren testigantzak entzuteko. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñaki Garcia Arrizabalaga, Nafarroan bizi dena, eta Maria Jauregi eta Naiara Zamarreño. Gogoratuko denez, hiruen testigantzak entzun ahal izan genituen joan den urriaren 8an Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren Aretoan.
Bertan jasotako ondorioekin txosten bat egin genuen eta, gaur goizean, Foro Sozialeko ordezkaritza batek, José Luis Urizek eta Txemi Perezek osatua, María Chivite lehendakariari, Ana Ollo sailburuari, Martín Zabalza zuzendariari, legebiltzar-talde guztietako bozeramaileei eta Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeko kideei helarazi die.
Gizarteak biktimekiko duen zor handia gogoratu ziguten biktimek bilera hartan, egungo egoerari buruz hitz egin ziguten, gure gizartearen bizikidetza demokratikoa eraikitzeko etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei buruz eta, beren ustez, eragile instituzional, sozial eta politikoek bete behar duten funtzioari buruz.
Bilera horretan izan ziren biktima batzuk, azkenaldian, sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan irainduak eta erasotuak izan dira. Maria Jauregi, Gorka Landaburu, Josu Elespe eta Maixabel Lasari buruz ari gara. Joan den astean irainak jasan zituzten, beren hausnarketak jendaurrean azaltzeagatik. Gorka Landabururi "Ojala te hubieras muerto" leporatzera iritsi ziren.
Ekainaren 4an ohar bat argitaratu genuen zentzu horretan, baina, aitortu behar dugu, egoera okertu baino ez dela egin.
Eraso horiek testuinguru zehatz batean kokatu behar dira: Madrilgo Kongresuan dagoen eztabaida politikoaren ondorioak dira. Atzo bertan izan genuen azken adibidea. Egunero ikusten dugu eskalada honen gorakada, ezer errespetatzen ez duena. Biktimak ere ez dituzte errespetatzen eta eztabaidagai gisa erabiltzen dituzte. Horren guztiaren ondorio zuzena da berriro biktimizatzen dituztela eta metatuta duten mina areagotzen dietela.
Gizartea harriduraz ikusten ari da nola tentsioa etengabe eta mugarik gabe areagotzen ari den, hemen bizi dugun errealitatetik oso urrun.
Ezin dugu isilik jarraitu. Nahikoa dela esateko unea iritsi da, erasoak etetea eskatuz eta biktimei merezi duten babesa emanez.
Zentzu horretan, dei egiten diegu alderdi politikoei, ETAren biktimen elkarteei eta eragile sozialei biktima horiek babes ditzaten eta jazarpen eta birbiktimizazio mota horien amaiera eska dezaten.
Amaitzeko, Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza banak biktimei egindako omenaldi hauetan parte hartuko dutela iragarri nahi dugu:
Azaroaren 20an, ostirala, Bilbon, Santiago Brouard eta Josu Muguruzaren omenez.
Azaroaren 27an, ostirala, Bartzelonako Udaletxean, Ernest Lluchen omenez.