Jakina denez, joan den asteartean Donostian “Motibazio politikoko presoei aplikatutako espetxe-politikaren Behatokiaren” 4. txosten monografikoa aurkeztu genuen. Zenbaki honetan, Auzitegi Nazionalean presoen birgizarteratze-ibilbideetan sortu diren oztopoak aztertu ditugu. Aurkezpena egin ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak hainbat ekimen garatuko ditu urte bukaera arte, korapilo berri horiek ezagutarazteko eta konponbidean jartzeko beharrezkoak diren adostasunak eraikitzen joateko.
Jakina denez, joan den asteartean Donostian “Motibazio politikoko presoei aplikatutako espetxe-politikaren Behatokiaren” 4. txosten monografikoa aurkeztu genuen. Zenbaki honetan, Auzitegi Nazionalean presoen birgizarteratze-ibilbideetan sortu diren oztopoak aztertu ditugu. Aurkezpena egin ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak hainbat ekimen garatuko ditu urte bukaera arte, korapilo berri horiek ezagutarazteko eta konponbidean jartzeko beharrezkoak diren adostasunak eraikitzen joateko.
Hain zuzen ere, aste honetan bertan bidali zaie txostena Foro Sozialarekin elkarlanean ari diren eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial guztiei, besteak beste EPPK-ri.
Gainera, Fernando Grande Marlaska Barne Ministroari, Pilar Llop Justizia Ministro berriari, Dolores Delgado Estatuko Fiskal Nagusiari, Concepción Espejel Zigor Arloko Salako Lehen Sekzioko presidenteari eta José Luis Cárceles Espetxe Zaintzako Epaitegi Nagusiko epaile magistratuari, baita motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonak dauden espetxe guztietako zuzendaritza eta legelariei ere.
Irailetik aurrera, Foro Sozial Iraunkorrak bilera egiteko eskatuko die Eusko Legebiltzarreko Lehendakari andreari, Bakartxo Tejeriari, eta Nafarroako Parlamentuko Presidente jaunari, Unai Uhalderi, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Arartekoei ere, babesa eta esku-hartzea eskatuz.
Halaber, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeetara, Nafarroako Parlamentuko Herritarren Harremanen Batzordera eta Kongresuko eta Senatuko Justizia Batzordeetara bidaliko dugu.
2020ko irailaz geroztik, Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi du espetxe politikaren aldaketaren aurkako lobby bat existitzen dela eta eragiteko aukera duela. Interes desberdinek bultzatuta, lobby honetan bildu dira sektore politikoak, polizialak, mediatikoak, ETAren biktimen sektore antolatuak eta espetxeetan, Fiskaltzan eta Epailetzan instalatutako beste sektore batzuk.
Konponbidearen aurkako agenda bat aurrera ematen ari diren aktoreak dira eta, kasu honetan, eragin zuzena dute presoen espetxe-egoerari buruzko ebazpenetan, batez ere, Espetxe Zaintzeko Epaitegi Zentralean, Fiskaltzan eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako Lehen Atalean. Hiru instantzia hauen eginkizuna erabakigarria da egungo lege araudia dela eta.
Ez dugu adierazi nahi instantzia horietan behin betiko ezarrita dauden egoerak edo jarrerak direnik, baina esan daiteke blokeo-arrisku argia dakartela arinak izan beharko luketen prozesuetan. Izan ere, prozesu horiek bat datoz espetxeetako araudiak eta legeak ezarritako parametroekin, eta beraz, arinak izan beharko lukete.
Oso jarrera ideologizatuez hitz egin daiteke, garai berriak irekitzearen aurkako jarrera politikoetatik bultzatuak eta espetxe-legeria arruntaren aplikazio normalizatuaren ondoriozko prozesuak geldiaraztea helburu dutenak. Batzuetan, juridikoki interpretagarriak diren kontuetan oinarritzen dira, baina beste kasu batzuetan nabaria da Zuzenbidearen kontrakoak diren arau juridikoen interpretazio batzuen gainean oinarritzen direla.
Zalantzarik gabe, presoentzat eta, batez ere, haien familientzat eta hurbilekoentzat, lasaitasun handia ekarri dute birgizarteratze prozesuaren lehen fasean hartu diren neurriek: isolamenduaren amaiera, 2. gradura igarotzea eta EAE eta Nafarroako espetxeetara eta inguruko espetxeetara hurbiltzea.
Alde horretatik, positibotzat jotzen dugu aste honetan bertan Espainiako Gobernuak, lehen fasea amaitu ondoren, bigarren fasea hasi izana hurbiltze-politikarekin, presoak inguruko kartzeletatik EAE eta Nafarroako kartzeletara lekualdatuz. Gainera, Mikel Arrieta larriki gaixo dagoen presoa hirugarren gradura igarotzeko iragarri duten keinu humanitarioa nabarmendu nahi dugu.
Euskal gizarteak duen azken helburura iristeko borondate politiko partekatua berresten duten urrats garrantzitsuak dira. Izan ere, jendarteak nahi du motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako kartzeletan egotea, hirugarren mailan dagokien kasuetan eta Estatu Frantsesean betetako zigorrak pilatuz. Eta, batez ere, bizikidetza demokratikoa eraikitzen lagunduko duen birgizarteratze-ibilbide batean presoek beraiek aktiboki parte hartzea nahi du gizarteak. Hori baita birgizarteratze-ibilbide arrakastatsu baterako bermerik onena.