2021/04/13

Foro Sozialak bigarren mailako biktimak sortzen dituzten kategorizazio eta diskriminazioekin amaitzeko deia egin du

Estrasburgoko Auzitegiak Muguruza eta Perez de Arenaza "bigarren mailako biktima" bezala geratzea berrertsi zuen pasa den astean

Foro Sozial Iraunkorrak biktimen eskubideen alorrean egiten duen lana gidatzen duen premisa nagusia argia izan da eta da: biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea; eta giza eskubideen urraketa berberek errekonozimendu politiko eta legal bera izan behar dute, alde batera utzita zein izan den urraketa horren eragile biolentoa. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe.

Hau ezinbesteko printzipioa da bizikidetza demokratikoaren behin betiko oinarriak ezartzeko gure Herrian, giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarrituta.

Asko dira bide horretan aurrera egitea zailtzen duten oztopoak. Estrasburgoko Auzitegiak Josu Muguruza Guarrotxenaren eta Xabier Pérez de Arenaza Sogorben familiek jarritako salaketen aurrean eman berri duen epaia oztopo berri bat da bide horretan. Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak, beste behin ere, "bigarren mailako biktimatzat" jotzen ditu Estatuak egindako indarkerien biktimak. Egoera diskriminatzaile hori pairatzen jarraitzen dute gaur egun, Foro Sozialak haiekin izan dituen bilera eta topaketa publiko eta pribatuetan adierazi diguten bezala.

Foro Sozialak ez du epaiari buruzko azterketa juridikorik egingo, hori ez baita gure eginkizuna, baina uste dugu inplikatutako eragileek sakon hausnartu behar dutela epai horrek sortzen duen diskriminazio-egoerari buruz, baita Estatuaren terrorismoaren biktimen beste familia batzuen inguruko beste lau epaiei buruz ere.

Estrasburgoko epaiak talka egiten du gure herriko gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionalak argi eta garbi onartutako adostasunen aurka. Foro Sozialak, alderdi politikoekin egiten duen lanean oinarrituta, esan dezake alderdi politiko guztiek, bakoitzak beren ñabardurekin, bat egiten dutela gaur egun puntu batean: biktima guztiek, indarkeria-adierazpen guztienak, aitortuak eta erreparatuak izateko duten eskubidea bermatzeko beharra. Gehiengoaren adostasuna oso garbia da.

Hala ere, adostasun horiek aitortza- eta erreparazio-ekimen insituzionaletan gauzatzerakoan, askotan, oraindik gainditu gabeko zailtasunak sortzen dira. Adibide asko dira oraindik ere biktimen arteko desberdintasun-egoerak sortzen dituztenak, adibidez, Estrasburgoko azken epaiaz gain, Espainiako Gobernuak Zabalzaren heriotza argitzeari eman berri dion ezetza.

Bestalde, beste batzuetan bai lortzen da adostasun politiko, instituzional eta sozial horiek gauzatzea: torturaren errealitatea onartu da, sakabanaketaren biktimak aitortzen hasi dira, behartutako desagerpenen inguruan eraikitzen ari dira adostasun berriak, eta abar. Aurrerapen horiei guztiei ere balioa eman behar zaie.

Hauek horrela, uste dugu ideia eta mekanismo berriak behar direla, adostasun handi horietan oinarrituta, indarkerien zikloko biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko orduan planteatzen diren oztopoak gainditzeko, kategorizazio eta tratamendu diskriminatzaileak gaindituz. Alde horretatik, uste dugu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak paper nagusia jokatu behar dutela horretan. Bi instituzio hauei eskatzen diegu beren egin dezatela Estatuaren biktimak pairatzen ari diren babesgabetasun-egoera benetan gaindituko dela bermatzeko konpromisoa.

Gainera, gizarte zibilaren funtzioa ezinbestekoa da gure gizarteak eskatzen duen errekonozimenduaren puzzlea osatzeko. Izan ere, ezin dugu, ez dugu nahi, orrialdea pasa: beharrezkoa da tamalez hain plurala eta anitza izan den sufrimendua ezagutzea eta erreparatzea.

Biktima guztiek dagokien errekonozimendua lortu behar dute, eta behingoz pairatu zuten indarkeria motaren arabera kategorizatuak izateari utzi,. Ez da inoiz gehiago biktima bat bera ere baztertua sentitu behar.