Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta, gaur Donostian Tasio Arrizabalagak eta Nekane Altzelaik prentsaurrekoa eman dute
2021/08/27 – Koldo Mitxelena kulturunea (Donostia)
Hizlariak: Nekane Altzelai, Tasio Arrizabalaga
2011. urtetik, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen sustapenez. Foro Sozial Iraunkorrak bere egin du data hori, eta duela hiru urtetik bere lan agendan txertatu du.
Behartutako desagertzeak giza eskubideen urraketa larriak dira. Horrela jasotzen du Nazio Batuen Gutunak. Gainera, herritarren artean terrorea eragiteko estrategia ere badira. Praktika horrek sorrarazten duen segurtasun eza ez da desagertutako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari ere eragiten dio.
Euskal kasuan 7 dira dokumentatutako behartutako desagertze kasuak, indarkeriaz baliatu diren hainbat agentek gauzatu zituztenak:
José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga Coruñako hiru gazteak, Irunen bizi zirenak, Biarritz eta Donibane Lohitzune artean desagertu ziren 1973an.
Eduardo Moreno Bergaretxe edo Pertur, Behobian desagertua 1976ko uztailaren 23an.
Tomás Hernández, Hendaian desagertua 1979ko maiatzaren 15ean.
José Miguel Etxeberria Álvarez "Naparra", 1980ko ekainaren 11n desagertua.
Jean Louis Larre, 1983ko abuztuaren 7an desagertua Léonen (Landes).
"Dokumentatuta" diogu, jakin badakigulako beste batzuk egon litezkeela, oraindik frogatu ez badira ere, eta hainbat eragilek horiek argitzeko lan egiten jarraitzen dutela.
Bestalde, ez dugu ahaztu behar behartutako desagerpena Euskal Herrian bizi izandako indarkerien zikloaren testuinguruan gehiagotan ere baliatutako estrategia bat izan dela; izan ere, desagerrarazi zituzten pertsonen beste kasu batzuk ere izan dira, nahiz eta geroago aurkitu diren:
Jesús Martínez Martínez eta Jesús María González Ituero, Hendaiako zinema baten atarian 1976ko apirilaren 4an desagertu ziren. Polizia Nazionalak ziren. 1977ko apirilaren 18an aurkitu zituzten Angeluko Chambre d 'Amour hondartzan.
Bernardo Bidaola Atxega "Txirrita": 1976ko apirilaren 25ean desagertu zen Sara eta Etxalar arteko mugan, eta urte bereko maiatzaren 28an hilda agertu zen, hilabete geroago, desagertu zen leku berean, hainbat aldiz arakatua izan bazen ere. Gorpuak desagertu baino egun batzuk geroago hil izanaren zantzuak zituen, autopsiaren arabera. Poliziaren bertsioak Txirritak bere buruaz beste egin zuela defendatu izan duen arren, 2018an egindako bigarren autopsiak ziurtatu zuen ezetz, gorpuak orkatilan bala zulo bat besterik ez zuelako.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala: 1983ko urriaren 16an bahitu zituzten Baionan kalez jantzitako guardia zibilek, Iparraldean errefuxiatuta zeudela. Bertatik Donostiako La Cumbre jauregira eraman zituzten eta bertan Guardia Zibilek bortizki torturatu zituzten. Bertatik, Alacantera eraman zituzten. Han erail eta kare bizian lurperatu zituzten. Hau izan zen gerra zikinaren lehen ekintza antolatua GAL siglen pean. Beren gorpuak 1995eko udaberrian agertu ziren, 13 urte beranduago.
Mikel Zabalza: 1985eko azaroaren 25eko gauerdian atxilotu zuten orbaizetarra Altzan, eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten. Berarekin batera atxilotu zituztenek torturak jasan izana eta Mikelen garrasi larriak entzun izana salatu zuten. Denak aske geratu ziren kargurik gabe ordu eta egun gutxiren buruan. Hala ere, Mikel ez zen polizia etxetik irten eta desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, hiru guardia zibilek miaketa batera eraman zuten Endarlatsatik gertu zegoen tunel batera, baina ihes egitea lortu omen zuen eta, eskuak lotuta, ibaira bota ei zuen bere burua. Atxilotu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Mikelen gorpua Bidasoako uretan agertu zen, haren bila zebiltzan pertsonek ia egunero miatu zuten leku berean.
Jon Anza Ortuñez: 2009ko apirilaren 18an Baionako tren geltokian azkenekoz ikusi zutenetik, desagertuta egon zen 2010eko martxoaren 11ra arte. Jon Anzak, desagertu zen egun horretan ETArekin hitzordua zuen Okzitaniako Tolosan. 2010eko martxoaren 11n, Anzaren gorpua hiri horretako gorputegian agertu zen, haren desagerpena publikoki salatu eta ETAk haren errua Espainiako eta Frantziako estatuei egotzi ondoren. Oraindik argitu gabe dago gertatutakoa.
Laburbilduz, egiaztatutako informazioen arabera, Euskal Herrian gutxienez 14 aldiz erabili da behartutako desagertzeak, eta horietako zazpi pertsona desagertuta daude oraindik.
Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei dagozkien eskubideak bermatzeari dagokionez (kasu honetan, behartutako desagertzeen biktimei), Foro Sozial Iraunkorraren lana gidatzen duten bi premisak argiak dira:
Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea.
Urraketa berak, berdin aitortu behar dira, maila berean.
Behartutako desagertzeen biktimen kasuan, lehenengo printzipioak, egia jakiteko eskubidearenak, erabateko garrantzia hartzen du.
Senitartekoa non dagoen ez jakiteak eta desagertzearen inguruabarrak ez ezagutzeak sortzen duten mina eta sufrimendua izugarriak eta sendatzen oso zailak dira. Hala jakinarazi digute, sarritan, Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako hainbat ekimen publiko eta pribatutan parte hartu duten desagertzera behartu dituzten pertsonen senitarteko askok. Beren esanetan, egia ezagutzeko eskubidea da elementu nuklearra, abiapuntua, justiziatzat ulertzen dutena, benetan behar dutena.
Hortaz, ezinbestekoa da biktima horiei eta haien senideei dagokien egia jakiteko eskubidea bermatzea. Hori guztia euskal jendarte osoaren ardura da: herritarrena, eragile instituzional eta politikoena eta gizarte eragileena.
Foro Sozial Iraunkorretik, gaurkoan, pertsona horiek guztiak gogoan izan nahi ditugu, eta aditzera eman nahi dugu, giza eskubideen urraketa oso larrien biktima diren aldetik, egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta bizitakoa berriz ez errepikatzeko bermeak merezi dituztela. Horrela bakarrik izango da posible aurrera egitea bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan.