Eusko Legebiltzarreko presidentea Bakartxo Tejeria andreak harrera egin die gaur Tasio Arrizabalaga eta Agus Hernan Foro Sozialeko ordezkariei. Bileran, “ETAren biktimen eta Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten erakundeen ordezkarien arteko topaketan jasotako ekarpenak” txostena aurkeztu diote Presidenteari. Bileraren ostean, Hernanek gaurko bileraren testuingurua azaldu du prentsaurrekoan, eta Arrizabalagak, bere aldetik, txostenaren nondik norakoak azaldu ditu.
Agus Hernanen hitzartzea
Foro Sozial Iraunkorraren esku-hartzearen ardatzetako bat 2016an abian jarri zenetik, egia, justizia eta erreparaziorako biktima guztien eskubideak defendatzea da.
Lan honen adierazpen publikoak hainbat forma izan ditu: Elkarrizketa eta entzute topaketak antolatu ditugu indarkeria ezberdinen biktimen artean, publikoak zein pribatuak; baita Estatuaren biktimekin ere (2019/03/16); eta, gaurko bilerari dagokiona, Foro Sozial Iraunkorreko eragileen eta ETAren biktimen arteko topaketa publikoa antolatu genuen (2020/09/12).
Azen topaketa publiko hau hilabete luzeetan egindako lan diskretuaren emaitza izan da, eta prozesu honetan kontaktu eta konfiantza sareak sortu ditugu biktima askorekin.
Jardunaldiaren helburua bikoitza zen: alde batetik, entzun biktimen eskaerak eta beharrak; eta bestetik, haien gogoetak eta proposamenak jasotzea: egungo egoerari buruz, etorkizunari buruz, bizikidetza eraikitzeko bidean agertzen zaizkigun erronkei buruz eta Foro Sozial Iraunkorrak prozesu honetan guztian izan behar duen zereginari buruz.
Topaketaren balorazioa oso positiboa da. Are gehiago une zehatz honetan, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan murgilduta gaudenean. Izan ere, prozesu honek indarkeriazko iraganaren ondorioak konpontzea eskatzen du, ETAren biktimen kasuan bezala
Biktima horiek helarazi zigutena oso kontuan hartu dugu, zer eskatzen duten eta zer eskatzen diguten. Gizarte zibileko parte gisa, baina baita eragile erraztatzaile gisa ere.
Kontuan hartu dugu bertan esandakoa, gaur aurkeztu dugun txostenean jaso dugu, eta gurekin lan egiten duten hainbat eragile sozial, politiko eta instituzionali helaraziko diegu.
Guretzat ezinbestekoa da gure Herrian bizi izan dugun indarkeria-zikloan gertatu diren sufrimendu eta giza eskubideen urraketa guztiak ezagutzea, ezagutaraztea, aitortzea eta erreparatzea. Euskal gizarte osoaren, herritarren eta eragile instituzional eta politikoen erantzukizuna da hori.
Foro Sozialaren aldetik, biktima guztiei laguntzen jarraituko dugu, haien eskubide guztiak aitortuak izan arte. Izan ere, ezinbestekoa da hori, printzipio gisa, Giza Eskubideekiko errespetu zorrotza izango duen eta haien eskubide guztien jabe izango den gizarte berri bat eraikitzeko.
Tasio Arrizabalagaren hitzartzea
Gaur aurkeztu dugun txostenak jasotzen ditu Donostian 2020/09/12an egindako topaketan 7 biktimak egin zizkiguten ekarpenak.
Laburbilduta:
Euskal Herriak bizi duen egoera positiboki baloratu zuten: gizarte berria eta kohesionatuagoa. Arrazoia: jada ez dago ETAren indarkeriarik. Baina indarkerien zikloaren ondorioak ebaztea jada ez da lehentasunezkoa, eta gai honekiko ardura eskatu zuten.
Guztiak bat etorri ziren askatzeke korapiloak daudela esatean:
Memoria inklusiboa eraikitzea, giza eskubideen urraketa guztiak eta gertatu den guztia aitortzeko.
Indarkeria jasan duten pertsona guztiek errekonozimendua behar dutela. Estatuarenek, baina baita ETArenek ere.
Beharrezkoa da egungo espetxe-politika normalizatzea.
Argitzeke dauden kasuak argitzea, justiziak bere lana egin dezan.
Autokritika egitearen garrantzia azpimarratu zuten, bakoitzak egindakoa onartzea.
Baita indarkeriari zilegitasuna kentzea ere, etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko tresna gisa.
Pausoak berandu baino lehen ematea, denbora gehiegi igaro eta eragina galdu baino lehen.
Bestalde, beste kritika edo kezka batzuk ere azaldu zituzten:
Gertatutakoa ahazteko arriskua.
Kritika terrorismoaren biktimen elkarte batzuei, biktimen eskubideen defentsan lan egiteko beren funtzioa gainditu dituztelako.
Presoen ongietorriak: kritika espazio publikoetan ospatzeari, berriz biktimizatu baitaitezke.
Erakundeek biktimei arreta nahikoa ez ematea kritikatu.
Sufrimenduari eta erantzukizunari buruz hitz egiterakoan, gauzak argi bereiztearen garrantzia nabarmendu zuten: indarkeria erabili/sustatu duena ezin dela indarkeria jasan duenarekin alderatu.