Gaur, larunbata, Aguraingo Udaletxean bildu da Foro Sozial Iraunkorraren Batzarra, Euskal Herrian bakea eraikitzeko prozesuaren azken urtetako balantzea egiteko. Batzarrean Foro Soziala osatzen duten 16 erakundeek parte hartu dute, telematikoki edo presentzialki, bai eta norbanakoaren izenean parte hartzen dutenek ere.
Zehazki, gaur egindako balantzea 2018tik, ETA desegin ondoren, gaur egun arteko etapari dagokio. Gogoratu behar da 2018ko ekainean Foro Sozial Iraunkorrak beste barne-eztabaida bat egin zuela, eta horren ondorioa izan zela bakea eraikitzeko prozesuari oraindik askatu gabeko korapiloak geratzen zitzaizkiola.
Eztabaida hartan hiru lan-ardatz definitu genituenhurrengo etaparako: biktimak, presoak eta memoria.
• Biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea. Ardatz honetan bi zeregin zehaztu ziren: lehena, oraindik ere biktimekiko tratuan jarraitzen duen diskriminazioarekin amaitzea. Bigarrena, «gure» biktima kontzeptuaren egungo erabilera murriztailea gainditzea. Biktima guztiak gureak dira, «guztionak», gizarte osoarenak.
• Indarrean dagoen salbuespeneko espetxe-politika desaktibatzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea, araudi arruntean jasotako neurrien bidez.
• Gizarte eragiletatik memoria kritiko inklusiboa eraikitzea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena eta alderdi politikoen artean oraindik irekita dagoen «kontakizunaren bataila» gainditzen lagunduko duena.
Gaurko Batzarrak positibotzat jo du hiru gai horiek bizikidetza demokratikoaren alde eta gatazkaren konponbidearen alde lan egiten duten eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen agenda partekatua bihurtu izana.
Hiru gai horietan aurrerapauso handiak eman dira lau urte hauetan, eta, gainera, baldintza zailetan. Izan ere, agenda politiko eta sozialaren polarizazio politikoak, COVIDak eta Ukrainako gerrak aurrerapen horiek baldintzatu dituzte.