Gaur hauteskunde kanpaina bukatuko da eta, hausnarketa egunaren atarian, Foro Sozial Iraunkorrak bere hausnarketa propioa egin nahi du.
Kanpainaren hasieran, Foro Sozial Iraunkorrak eskutitz bana igorri zien EAEko eta Nafarroako alderdi politikoei, euren hauteskunde programetan elkarbizitza demokratikoarekin lotutako hiru ildo jasotzeko eskatuz: biktimak, presoak eta memoria.
Gaur, tamalez, bi aste hauetan elkarbizitza demokratikoaren kontrakoa gertatu dela baieztatzen dugu.
Kanpaina hau gertutik jarraitu dugu eta hartu duen tonuak izutu egin gaituela esan behar dugu: euskal gatazka delakoan pairatutako minarekin egin den erabilera edota ezereztea, gatazkaren biktimekiko erakutsitako errespetu falta, ETAren biktimen aurka sare sozialetan egindako erasoak, Altsasu edo Errenteria bezalako herriak estigmatizatzeko saiakerak...
Gure iritziz, Donostian, Bilbon eta Errenterian gertatutakoak elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza zailtzen du.
Eztabaida demokratikoarekiko Foro Sozialak duen errespetua erabatekoa bada ere, adierazi nahi dugu konfrontazioa muturrera eramaten dutenek -ezagutu nahi ez dituzten prozesuak eta errealitateak desitxuratuz – eraikitzen hasi garen elkarbizitza demokratikoari su eman nahi izan diotela. Prozesu hauen hauskortasuna handia da, eta denon artean babestu behar ditugu.
Gertatutakoak euskal jendartearen errealitatearekin talka egiten du, baita euskal alderdi politiko, sindikatu eta erakunde gehienekin ere. Izan ere, azken urteotan elkarlanean sekulako esfortzua egiten ari dira, pairatu dugun iragan dramatikotik ikasiz, elkarbizitza demokratikorako baldintzak eraikitzeko eta etorkizunean garatu behar den berradiskidetze prozesuaren oinarriak jartzeko.
Hauek horrela, “hitza armagabetzea” lehentasunezkoa da elkarbizitza demokratikoaren bidean.
Hitza armagabetzeari dagokionez, Euskal Herrian abian jarritako praktika on ugari dugu. Adibidez, Errenteriako prozesuak, eta elkarbizitzarako tokiko prozesuak martxan dituzten beste 22 udalerriek, entzumen eta elkarrizketa eremuak sortu dituzte eta bertan parte-hartzaileek euren hitzak armagabetzen ikasi egin dute.
Etxerat-ek kaleratu berri duen manifestua, ETAren 41 biktimek Estatuaren biktimen eskubideak babesteko idatzitako artikulua, indarkeria desberdinetako biktimen artean Deustuko unibertsitatean, Miramar jauregian eta komunikabide desberdinetan egin diren elkarrizketa-saioak, eta sare sozialetan biktima desberdinen artean ikusi ditugun hartu-emanak, besteak beste, elkarbizitza demokratikoaren eraikitze prozesuan hitzak duen garrantziaren adibide argiak dira.
Horietan guztietan desadostasunak egon direnik ez dugu ukatuko, baina betiere desberdinen arteko errespetua gailendu dela nabarmendu nahi dugu.
Hemendik gutxira beste hauteskunde kanpaina desberdin bat hasiko da. Honen aurrean gure kezka handia bada ere, alderdi politikoei adierazi nahi diegu, batez ere tonu suntsitzailea erabiltzen ari direnei, orain hitza armagabetzeko garaia dela. Eztabaida arrazionaleko espazioetara itzultzeko eskatu nahi diegu, ideiaren konfrontazio demokratikoa egin ahal izateko.
Nahiz eta gaur amaituko den kanpainak baikortasunerako elementu gehiegirik ez eman, Foro Sozial Iraunkorrak bide berdinetik jarraituko du. Azken egunetan geratutakoari buruz pentsatzeko erabil dezagun hausnarketa eguna.