Asteburuan gertatutakoak eta ongietorri direlakoen inguruan sortutako hika-mika dela eta, Foro Sozial Iraunkorrak, 72 orduz eragile guztien erreakzio eta isiltasunak aztertu ondoren, honako hau plazaratu nahi du:
Foro Sozial Iraunkorrak egiaztatu ahal izan du hainbat eragile politiko, instituzional, sozial eta EPPK-ko presoekin izandako mintzakidetza-dinamika iraunkorrean, ongietorri direlakoak zatiketarako elementu bihurtzen ari direla konponbidearen alde eta bizikidetza demokratikoaren alde ari diren eragileen artean, eta arriskuan jartzen dituzte presoen alorrean dauden kontsentsuak.
ETAren biktimek espresuki jakinarazi digute Hernanin eta Oñatin egindako ekimenek birbiktimizatu egiten dituztela min erantsi bat sorraraziz.
Presoen senideek haien ezinegona helarazi digute, gai honek haien babesgabetasun sentsazioa areagotu egiten baitu, urte luzez salbuespeneko espetxe-politika pairatu behar izanaren ondorioz, eta politika horrek erabat baztertuta sentiaraztearen ondorioz.
Euskal jendarteak ez du onartzen min gehiago eransten jarraitzea jada pilatutako sufrimenduei, bai ETAren biktimen kasuan bai presoen senideen kasuan.
Hala ere, egoera hau dela eta, azken hilabeteetan kontsentsu zabala sumatu dugu hiru gairen inguruan:
Kaleratzeek presoen senideengan eta ingurune hurbilean eragiten duten pozarekiko errespetuz, eragileak bat datoz ongietorriak espazio itxietan egiteko aukerarekin.
Biktimen minarekiko errespetu osoa, bai eta egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearekiko.
Eragileak bat datoz honekin: presoen aferaren konponbidea ekarpen esanguratsua izango da bizikidetza demokratikoarentzat.
Premiazkoa deritzogu kontsentsu-gune puntual hauetatik akordio integral batera jauzi egin beharra, presoen aferaren konponbidea behin-betiko jorratuko duena. Akordio horrek triangulazioa izan behar du oinarri, erakundeen (Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua), presoen eta gizarte zibilaren artean. Akordio horren zutabe izan behar dute salbuespeneko egoeraren amaierak, espetxe-politikaren aplikazio arruntak eta eragindako minaren onarpena presoek egiteak.
Uste osoa dugu, presoek bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko bidea hasten dutenean, baimenekin eta haien komunitatearekin maiztasunezko kontaktu batekin, ongietorriak amaitu egingo liratekeela.
Bide honetan aurrerapauso sendoak beharrezkoak dira, ez dago zertan amore eman.
Foro Sozial Iraunkorrak lan egingo du egun existitzen diren adostasun-espazioak sendotzeko, honako lau gomendioak oinarri hartuta:
ETAren biktimekiko eta haien minarekiko erabateko errespetua.
Ongietorriak gune itxietan egin daitezen gomendatzen dugu.
Urte luzez urruntze eta sakabanaketari oso egoera zailetan aurre egin behar izan dieten senide eta ingurune hurbilaren sufrimenduarekiko errekonozimendua.
Preso ohien konpromisoa bere komunitatean ekarpen bat egiteko, bizikidetza demokratikoa eta bakean zein giza-eskubideetan oinarritutako etorkizun bat eraikitze aldera.
Amaitzeko, aldeentzat mingarria izanagatik, Foro Sozial Iraunkorrak uste du auzi honen judizializazioa ez dela biderik egokiena gai honek behar duen behin-betiko irtenbide integratzailea lortzeko.