Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten hamahiru erakundek bilera egin dute gaur Donostian ETAren zazpi biktimekin
Prentsa oharra
2016ko ekainean sortu zenetik, Foro Sozial Iraunkorraren ardatzetako bat biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako dituzten eskubideak defendatzea izan da, eta, aldi berean, haien artean elkarrizketarako eta entzuteko espazioak sortzea.
Eskubide horiek, gure ustez, ez dute biktimagilearen araberako diskriminazio sozial, politiko edo instituzionalik jasan behar.
Lan honen alde publikoari dagokionez, ETA eta Estatuaren biktimen artean antolatutako topaketa publiko ugari egin dira, bai Foro Sozial Iraunkorrak berak antolatutakoak (Iruñea, Gasteiz, Bartzelona, Gernika, Bilbo, Donostia, Biarritz eta Andoain), bai Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako hainbat komunikabide publiko eta pribaturekin elkarlanean antolatutakoak.
2018ko ekainean, ETA desegin ondoren, lan-ardatz hori kolektibo horietako bakoitzarekin batera indartzea erabaki genuen, betiere modu diskretuan, elkarrizketa-espazio propio eta bereiziak planteatuz.
Jakina da Estatuko biktimekin 2019ko martxoaren 16an Donostian egin genuen topaketa publikoaren inguruan egindako lana. Topaketa horren ondorioz, txosten bat aurkeztu zen, besteak beste, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan.
ETAren biktimei dagokienez, 24 hilabete hauetan, haiekiko harremanetan sakondu dugu, eta lan hau bi espaziotan gauzatu da:
Biktimen elkarteekin. 2018an, bilera bana eskatu genien Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko biktimen elkarteei, bai eta Estatuan ordezkaritza handiena dutenei ere. Nahiz eta elkarte batzuek ez parte hartzea erabaki zuten, hiru elkarterekin etengabeko harremana dugu.
Antolatu gabeko biktimak. Modu diskretuan eta iraunkorrean egin ditugu bilerak, eta, guztira, 42 biktimekin egon gara, Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian.
Harreman horiek guztiak emankorrak izan dira eta, arlo pertsonalean, oso aberasgarriak parte hartu dutenentzat. Solaskide askorekin konfiantzazko espazioak eraikitzea ahalbidetu dute.
Foro Sozial Iraunkorraren beraren ekimenak, edo Foroa osatzen duten zenbait erakunderen ekimenak, jasotako harreman-gune eta hausnarketen ondorio dira.
Gaur, Donostiako Arantzazu hotelean izan dugun topaketa une garrantzitsua bezain intentsua izan da Foro Sozial Iraunkorrarentzat eta Foro Sozialeko ordezkaritza duten erakundeentzat.
Gaurko bilera joan den martxoan egitekoa zen, baina konfinamenduak atzeratzera behartu gintuen.
Tamalez, Covid19ren osasun-egoerak edukiera mugatzera behartu gaitu, bai biktimen ordezkaritzari dagokionez (beste batzuek ere parte hartu nahi zuten) bai Foro Sozial Iraunkorrean norberaren izenean parte hartzen duten pertsonei dagokienez.
Parte hartu duten Foro Sozial Iraunkorreko 12 erakundeen helburua, gaurko bileran, bertan egon diren biktimen hausnarketak, kezkak eta proposamenak jasotzea izan da, bai egungo egoerari buruz, baita etorkizuneko erronkei buruz ere.
Erakundeek, biktimen eskuzabaltasuna azpimarratzeaz gain, beren gogoetak egin dituzte, elkarrizketa zintzo, sakon eta aberasgarri batean.
Bertaratutako guztiak bat etorri dira azken urteotan herri honek bizikidetza demokratikoa eraikitzeko urrats garrantzitsuak eman dituela esatean, baita oraindik urrats garrantzitsuak egiteke daudela esatean ere.
Erakundeek biktimek prozesu horretan egindako ekarpena nabarmendu dute, oso garrantzitsua izan baita eta izango baita, eta haien eskuzabaltasuna goraipatu dute.
Topaketa honetan jasotako ekarpenekin, eta iaz Estatuko biktimekin egindako topaketan egin zen bezala, Foro Sozial Iraunkorrak dokumentu bat egingo du, eta gai horretan lan egiten duten hainbat erakunde eta eragileri helaraziko diegu.
Parte-hartzaileak:
ETAren biktimak: Iñaki García Arrizabalaga, Maixabel Lasa, Josu Elespe, Naiara Zamarreño, Gorka Landaburu, Alberto Muñagorri, María Jauregui.
Foro Sozial Iraunkorreko erakundeak: ELA, LAB, CCOO, Steilas, Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Sare, Etxerat, Paz con Dignidad, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Egiari Zor.