2022/12/28

Foro Sozial Iraunkorraren 2022ko balantzea

Aurrerapenak finkatu izanak aukera ematen du konponbide prozesuaren fase berri bati ateak irekitzeko biktimak, presoak eta memoria kritiko inklusibo arloetan.

Biktimen eremuan, 2021 bukaeran presoen harreren auzia bideratuta utzi ondoren, aurtengo gai nagusia kokatu da Estatuaren biktimengan, eta haiek jasaten dituzten diskriminazioetan. 

Alde positiboari dagokionez, nabarmendu behar da aurten hasi direla zehazten biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan 2018an eraikitako adostasunak. Zehazki, Estatuaren biktimek sufritu duten eta sufritzen jarraitzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzearen beharraren inguruko adostasunak finkatzen ari dira. 

Alde horretatik, aurrerapen hauek azpimarratu behar dira: 

  • EAEn, batetik, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordearen lana dago eta, bestetik, DSBE, enplegu eta etxebizitza politikak eta EHUko matrikulazioak bezalako gaietan biktimen arteko diskriminazioa eragiten duten legeak erreformatzeko lehen adostasunak eraiki dira. 
  • Nafarroan, IVACek torturari buruz egindako txostena laster aurkeztuko da. Bestetik, 16/2019 Foru Legearen Balorazio Batzordea laster jarriko da martxan. 

 

Alde negatiboari dagokionez, GALen bultzatzaile izan zirenen eta tortura babestu zutenen artean (Barrionuevo, Belloch, etab.) sortzen ari den paradigma berria nabarmendu behar da: giza eskubideen urraketen ukaziotik autojustifikazio publikora igaro dira, horrek Estatuaren biktimen artean sortzen duen berbiktimazioarekin. 

Presoei dagokienez, guztiak euskal kartzeletan daudenean, dagoeneko definituta dagoen konponbiderako markoa finkatuta geratuko da. Esparru horrek puntu hauek jasotzen ditu: salbuespenezko politikaren aldamio guztia desmuntatzen amaitzea (7/2003 Legea eta zigorren metaketa); birgizarteratze-prozesuetan presoak proaktiboak izatea; baldintzapeko gradu eta askatasunen aplikazio arrunta; Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Justizia Errestauratiboa; eta biktima guztien errespetua. 

Alde negatiboan, aldiz, bi aipamen: 

  • Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak duen jarrera oztopatzailea finkatu da, baimenen eta hirugarren graduen aurkako helegiteetan islatzen dena. Areagotu egin da joan den astean sortutako doktrinarekin; izan ere, horren arabera, presoek ezin dituzte hirugarren graduak baliatu Fiskaltzak bere errekurtsoa aurkeztu ala ez erabakitzen duen bitartean. 
  • Iheslarien eta deportatuen gaiak konponbiderako agendatik kanpo jarraitzen du. 

 

Memoria kritiko inklusiboaren espazioan, hiruretatik delikatuenean, eraikitze-eremu batera igarotzen ari dela egiaztatu ahal izan dugu aurten. Hala, pixkanaka, «kontakizunaren batailak» gai hau konfrontazioaren eremuan bahituta mantentzen zuen garaiak atzean uzten ari gara. Hau da, memoriaren ardatza garaileen eta garaituen markotik ateratzen ari da. 

Bi izan dira aurtengo aurrerapen garrantzitsuenak: 

  • «Begiradak» dokumentua, Eusko Jaurlaritzak sustatua eta Josu Elexpe, María Jauregi eta Axun Lasa biktimek eta Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia Lopez de Maturana historialariek idatzia. 
  • Ekimen diskretuak: EAEn garatu den «Kontakizunen Foroa» eta Nafarroako «Memorien Elkarrizketa». Ekimen publikoak, besteak beste Foro Sozial Iraunkorrak bultzatutako «Ustekabean Topo» dinamika. 

 

Ekarpen horiek guztiek baldintzak sortu dituzte Foro Sozial Iraunkorrak abenduaren 17an memoriari buruzko hamar gomendio publiko egiteko. Espero dezagun oinarrizko kanpaleku bat izatea, batzuek memoriaren gaian mantendu nahi duten blokeoa behin betiko gaindituko duena. 

Alde negatiboari dagokionez, Madrilen eztabaida politikoaren polarizazio arriskutsuak eta horren erabilerak gai horretan duten eragina azpimarratu behar da. 

Laburbilduz, 2022. urtean aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, konponbiderako agertokia finkatzen ari direnak, zailtasun berriak ere finkatzen ari diren aldi berean. 

Aurrerapenak eta zailtasunak kontuan hartuta, horrek guztiak ondorio honetara garamatza: indarkerien zikloaren ondorioen konponbiderako prozesuaren fase bat ixten ari da, eta fase berrirako ateak irekitzen ari dira. 

Halere, konponbidearen prozesuak etsaiak eta lobby indartsuak ditu, konponbidearen agendaren aurka dihardutenak, espazio judizialetan, polizialetan eta politikoetan, eta, tamalez, oztopo berriak sortuko dituzte. 

Bukatzeko, adierazi nahi dugu sinetsita gaudela alderdi politiko gehienek interes orokorraren mesedetan jarraituko dutela, adostasunak lehenetsiz desadostasunen gainetik, eta gizarte zibilak bakea eraikitzeko prozesuan sakontzen jarraitzeko bideak aurkitzen jakingo duela.