Eraso horiek Madrilen areagotzen ari den ika-mika politikoaren ondorio zuzenak dira. Egunero ikusten ari gara ezer errespetatzen ez duen eskalada bat, ezta ETAren biktimak ere. Eztabaida politikoan erabiltzen ari dira eta horren ondorio zuzena da berriz biktimizatu egiten direla, eta are min handiagoa gehitzen zaiela metatuta daukatenari.
Foro Sozial Iraunkorrak bere kezka adierazi nahi du azken aste hauetan hainbat biktima jasaten ari diren etengabeko eraso eta irainengatik, bizikidetzaren aldeko apustu eskuzabal eta ausartaren ondorioz.
Euskal gizartea harrituta dago mugarik gabeko tentsioaren gorakadarekin. Denak ez du balio aurkaria erasotzeko eta higatzeko, eta, aste hauetan, hainbat marra gorri ari dira gainditzen.
Ezin dugu isilik jarraitu. Aski da esateko unea iritsi da. Eraso hauek bertan behera uzteko eskatu behar dugu, biktimek merezi duten babesa emanez. Alderdien arteko eztabaida politikoan biktimak ez erabiltzeko eskatu behar dugu, eta, batez ere, bizikidetzaren eta senideen memoriaren alde biktima hauek egin duten apustu eskuzabala errespetatu.
Madrilgo eztabaida politikoan dagoen giro hori oso urrun dago euskal eta nafar gizartetik, non bizikidetza demokratikoa eraikitzeko urrats sendoak ematen ari garen. Orain dela urte batzuk pentsaezinak ziren adostasunak eraiki dira askatzeke dauden hiru korapiloetatik bitan: 1) biktimek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidean oraindik ere irauten duen diskriminazioarekin amaitzea, eta 2) salbuespeneko espetxe politika behin betiko indargabetzea, eta birgizarteratze ibilbide bat kontuan hartzen duen politika normalizatu bat aplikatzea.
Hirugarren korapiloa, memoria kritiko inklusiboaren gaia, argi dago trabatuta dagoela. Alderdien arteko “kontakizunaren batailak” baldintzatua, argudio berak behin eta berriz errepikatuz noria baten bezala.
Baina orain arte lortutako aurrera-urrats horiek hauskorrak dira, eta bizikidetza etengabe zaindu eta elikatu beharra dago. Horretarako, eztabaida demokratiko lasaia egiteko espazioak berreskuratzea da gakoetariko bat. Gure gizarteak, jasan duen guztiagatik, ez du horrelako ika-mikarik merezi.
Zentzu horretan, higiene demokratikoari dagokionez, uste dugu beharrezkoa dela eztabaida politikoan deseskalada bat ematea, konpontzeko falta diren korapiloei aurre egin ahal izateko. Hitza desarmatzea bake-prozesu guztietan beharrezkoa den zeregin bat da.
Gure iritziz, errealitate berri honetatik ateratzen ari den gizartea ez da hain permisiboa izango jarrera intransigenteekin, lubaki-posizioekin, aurrerapenak blokeatzen dituzten eztabaidekin, baita indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeari dagokionez ere.
Erabat sinetsita gaude, sufritu dugunagatik - sufritzen ari garenagatik -, gizarte hobea eraikitzea ahalbidetuko dituzten baldintzak sortzen ari garela.