2018/12/07

Foro Sozial Iraunkorra eta EPPKren arteko 4. bileraren balorazioa

Gaur goizean Alboloteko kartzelan (Granada) Agus Hernanek, Foro Sozial Iraunkorraren koordinatzailea, EPPKren ordezkariak diren Juan Antonio Olarra Guridi eta Ainhoa Mujika GoƱirekin laugarren bilera izan du Alboloteko kartzelan (Granada).

Bilera hau bi aldeen artean aurretik egindako lanaren emaitza da. Gaurkoan, espetxe politika orokorraren inguruko azterketa partekatuan sakondu da eta, oro har, euskal gatazka delakoaren ondorioen eta egindako minaz presoek egin beharreko aitortzaren inguruan.

Estatu espainolean izandako gobernu aldaketak espetxe politika interpretatzeko era berriak ekarri dituela baieztatzean bat etorri dira bi aldeak. Pedro Sanchez Presidenteak egindako adierazpenak, baita zenbait ministro eta alderdikideenak ere, PPk mantendutako blokeoaren amaiera agerian jartzen ari ziren.

EPPKk azken hilabetetan izandako presoen hurbilpen eta gradu eboluzioen berri eman du.

Foro Sozialak EPPKri adierazi dio iragarritako espektatibetatik urrun dagoela. Are gehiago, euskal jendartearen eskakisunetatik oso urrun dago, hau da: Zaballara hurbiltzea eta bigarren graduaren progresioa, presoek espetxe araudiaren barruan gradu eboluzio arrunta egin ahal izateko.

Foro Sozialak agerian utzi du egoera honek euskal jendartearen zenbait sektoreengan frustrazioa eragin duela. Eta alderdi politiko gehienen eta sindikatu guztien artean erdietsi diren adostasunak sektore askoren aurrean lortutako sinesgarritasuna arriskuan jarri da.

Bereziki, presoen senideak pairatzen ari diren birbiktimizazioaz kezkatuta dago Foro Soziala. Presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren zeharkako biktimak dira senideak.

EPPK-k berretsi du “bere prestutasuna espetxe politikaren diseinuan eragile aktiboa izateko, ekarpenak eginez eta konpromisoak hartuz. Adosten ez den diseinu orok porrot egin dezake. Konpromiso honen barruan osagai guztiak daude, munta handikoak eta ez hain handikoak: gaixo dauden presoak, bigarren graduak, biktimak, hirugarren graduak, dispertsioaren amaiera, erantzukizun zibilak... EPPKk baditu heldutasun eta konpromiso nahikoak gauden testuingurua ulertzeko eta, horren ondorioz, konponbiderako espazioetan ekarpena egin ahal izateko.”

Bi aldeek ulertzen dute dagoen akordio politiko eta soziala “konponbiderako premiazko agenda” deiturikoan jasota dagoela:

  • Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urte baino gehiagokoak

  • Euskal espetxetara hurbiltzea

  • Lehen gradutik bigarren gradura eboluzionatzea

  • Frantzian betetako zigorren pilaketa

  • Espetxe-alorreko eskumenen transferentziak

Nahiz eta hitzordua behar diren baldintzetan ez egin (mintzategian, kristal batekin separaturik, 40 minutuz, zarata handia...), bi aldeek EPPK eta Foro Sozial Iraunkorraren artean egiten ari den lana positiboki baloratu dute.

Lan esparru hau 2019an zehar mantentzea adostu dute bi aldeek.