Behatokiak isolamendu erregimenari eta Kordobako kartzelaren egoerari buruzko txostena aurkeztu du gaur Bilbon. Post honetan, Teresa Toda eta Aitzol Asla Behatoki-ko kideen hitzartzeak eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailearen hitzartzea aurkituko duzue. Era berean, IƱaki Alonso Kordobako kartzelatik atera berri den preso ohiak Behatokiari eskainitako adierazpenak bideoan ikusi ahal izango ditzakezu.
Teresa Todaren hitzartzea
Egunon, eskerrik asko etortzeagatik. Hemen gaudenok: Aitzol Asla, abokatua eta Behatokiaren kidea, Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren koordinatzailea eta ni neu, Teresa Toda, Behatokiaren kidea.
Joan den ekainaren 30ean aurkezpenean azaldu genuen bezala, Behatokiaren helburuetako bat espetxe jakin batzuetan ematen diren gertaera zein baldintza zehatzak jakitera ematea da, konponbideak bilatzen laguntzeko asmoz. Behatokiaren azken helburua, presoei oraindik aplikatzen zaien espetxe politika ez-normalizatuari buruz datuak, informazioa eta lan akademiko zein juridikoak zabaltzea da.
Gaur aurkeztuko dugun aleak bi gai jorratzen ditu: batetik, motibazio politikoko delituengatik euskal preso batzuek isolamendu moduluetan pairatzen duten egoera eta, bestetik, orokorki presoek birgizarteratze ibilbideetan gainditu behar dituzten oztopoak aztertzea. Eta horren lekuko, Kordobako espetxean gertatu dena aztertu dugu.
Urriaren hasieran, 20 ziren Isolamenduko moduluetan zeuden euskal presoak, Cordoba, Sevilla II, Huelva, Soto del Real eta Estremerako espetxeetan. Duela 10 egun bai Kordoban, bai Estremeran, preso hauek modulu arruntetara lekualdatuak izan dira. Baina beste espetxeetan, 14 presok jarraitzen dute isolaturik. Egoera aldatu den arren, Behatokiak Kordobako egoerari buruzko txostena argitaratzea erabaki du, bertan gertatu denak irakurketa zabalagoa baitu.
Duela hilabete batzuk, Kordobako isolamendu moduluan zeuden 5 euskal presoen gutun bat iritsi zen Behatokira, Iñaki Alonsok preso guztien izenean idatzia. Alonso zigorraren azken hilabeteetan zegoen, 11 urte espetxeko isolamendu moduluan eman ostean, eta bera izan da presoen solaskidea espetxeko zuzendaritzaren aurrean.
Espetxetik atera zenean, Etxeratek berarekin elkartzeko eskatu zion Behatokiari. Bilera joan den urriaren 2an izan zen, Bizkaiko Abokatuen Elkartean. Bertan, Iñaki Alonso eta bere abokatua den Onintza Ostolaza, Etxerateko Patrizia Belez, Foro Sozialeko Agus Hernan eta Behatokiko Aitzol Asla eta ni neu elkartu ginen.
Bileran entzun genuenak kezkatzeko egoera eta jarrera oztopatzaile batzuk agerian utzi zituen. Beraz, txosten berezia hau prestatzea erabaki genuen. Datuak emateaz gain, beharrezko gogoeta batzuk planteatu nahi genituzke, gertakari zehatzetatik harago.
Aitzol Aslak Isolamendu eta Erregimen Itxiaren bizi baldintzak azalduko dizkizue; ni gradu progresiorako preso hauek dituzten zailtasunetan zentratuko naiz.
Dakizuenez, birgizarteratzerako legeak eskaintzen dituen bideak presoaren gradu klasifikazioarekin oso lotuta daude. Lehen gradua gogorrena da, bigarrena ohikoena (hemen daude preso gehienak) eta hirugarrena presoen irteera prestatzeko da. Motibazio-politikako delituengatik preso dauden gehienak lehen graduan daude, aplikatzen zaien salbuespenezko legedia dela eta. Gradutan aurrera egiteko, presoek programa jakin batzuk jarraitu behar dituzte, eta Espetxe Administrazioa behartuta dago programa horiek eskaintzeko eskatzen duenari.
Duela urte batzuk, bizi garen aro berrian jada, EPPK Euskal Preso eta Presoen Kolektiboak espetxe-araudiak eskaintzen dituen bideak igarotzea erabaki zuen. Gaur egun, kolektiboaren % 75 hasi da pauso horiek ematen, eta, oro har, zailtasun ugari izan dituzte. Ez da batere erraza izaten ari lehen gradutik bigarrenera pasatzea. Are gutxiago isolamendu eta erregimen itxiko moduluetan daudenen kasuan.
Kordoba honen adibide ona da. Han preso zeudenak aitzindariak izan ziren bide berrian hasteko orduan. Horrela, 2017ko urtarrilean hasi ziren tratamendu-programetan parte hartzeko eskatzen. Zuzendaritzaren lehen erantzuna izan zen ez zegoela programarik haientzat. Baina, euren eskubidea izanik, bi presok programa batean sartzea lortu zuten. Beste batzuek Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralera jo behar izan zuten, eta arrazoia eman zieten. Txostenean horri buruzko auto interesgarri bat aurkituko duzue.
Proposatu zizkieten lehen programak oso orokorrak ziren, eta, gainera, teknikarien aldetik ez zegoen jarduera iraunkorrik “ez denboran, ez edukietan", Iñaki Alonsoren hitzetan.
Baina programetan parte hartu arren, legezko betebeharrak eta bestelakoak bete arren, ez zaie gradu-aurrerapena eman. Auzitegi Nazionalera jo dutenean, ukatu egin diete. Autoetan erabilitako argudioak behin eta berriz errepikatzen dira, iraganeko parametroetan, jada gainditutako garaietakoak, ia aldaketarik egin gabe. Txostenean auto batzuk aurkituko dituzue, merezi du irakurtzea. Oso ondo islatzen dituzte Auzitegi Nazionalean eta beste instantzia batzuetan, baita espetxe batzuetako zuzendaritzetan ere, oraindik dauden jarrera oztopatzaile horiek.
Hainbat urtez, euskal preso horiei espetxe-legedia onartzeko eskatu zaie, legeriak eskaintzen dituen bideak jorratzeko. Ez da onargarria pausoak ematen hasten direnean bidea oztopoz beteta aurkitzea. Ez da hori egungo egoerak eskatzen duena, non adostasun zabala dagoen eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen artean, espetxe-politika aldatzeko premiaren inguruan.
Halaber, jakinarazi nahi dugu txosten hau helaraziko diegula Espetxe-Erakundeari, Kordobako espetxeko zuzendariari eta bertan dauden euskal presoei, EAEko eta Nafarroako arartekoei -bi preso nafar daude- eta Andaluziako Arartekoari, EPPKri eta Foro Sozialak lan egiten duen agente guztiei ere.
Aitzol Aslaren hitzartzea, abokatu eta BEHATOKIAren kidea
Egun on. Teresak esandakoaren ondoren, labur-labur azalduko ditut txosten honetan agertzen diren espetxe-araubideak, eta, bereziki, isolamenduari buruzkoak.
Dakizuenez, Espetxe Erregelamenduak presoen hiru sailkapen-gradu zehazten ditu: lehen gradua, murriztaileena; bigarren gradua, arrunta, eta hirugarren gradua, askatasunerako bidean dena. Preso gehienak bigarren graduan daude.
Gradu bakoitzak bizi-erregimen bat du: erregimen itxia lehen graduan sailkatuta dauden zigortuei aplikatzen zaie (Espetxe Erregelamenduaren 91.2 eta 91.3 artikuluak). Erregimen arrunta bigarren graduan sailkatuta dauden zigortuei aplikatzen zaie (74. ar.).
Erregimen itxiaren barruan, bi modalitate daude: 91.2 artikuluak hau dio: "Erregimen itxiko zentro edo moduluetara bideratuko dira lehen graduan sailkatutako zigortuak, erregimen komunetara egokitzen ez direla argi erakusten badute". Eta 91.3 artikuluaren bidez sail bereziak arautzen dira, hau da, isolamendu-moduluak: "Sail berezietara bideratuko dira lehen graduan sailkatutako zigortuak, baldin eta araudiaren urraketa oso larrien protagonista edo eragile izan badira, eta arriskuan jarri badute funtzionarioen, agintarien, beste presoen edo espetxetik kanpoko pertsonen bizitza edo osotasuna, eta horietan muturreko arriskugarritasuna agerian geratzen bada".
Gaur egun, motibazio politikoko delituengatik preso dauden euskal herritar gehienak lehen graduan sailkatuta daude oraindik, eta, beraz, erregimen itxian bizi dira. Nahiz eta zigorrik jaso ez eta espetxe barruan duten jarrera eredugarria izan, gaur egun gehienek lehen graduko erregimen itxi horretan jarraitzen dute. Horietatik 14 oraindik zigor edo isolamendu moduluetan daude. Aipatzekoa da urteetan zehar dozenaka izan direla motibazio politikoko delituengatik kondena osoa isolamendu-moduluetan bete duten presoak. Legez kanpokoa da hau. Hau da, sistemak berak ez du bere legea betetzen.
Pertsona horien egoera aztertzean, modulu horiek nolakoak diren hartu behar dugu kontuan: zigorrik larriena, isolamenduarena, betetzeko diseinatuta daude. Beraz, han bizi-erregimena hain da gogorra eta murriztailea, ezen Erregelamenduak berak honako hau ezartzen baitu: "Isolamendu-zehapena ez da inoiz 14 egunetik gorakoa izango, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak onartzen badu beti".
Hala ere, hizpide ditugun pertsonek urteak, hamarkadak ematen dituzte mota horretako moduluetan. Iñaki Alonsok honela laburbildu zuen urriaren 2ko bileran: "Ez dago baldintzarik, hau guztia 14 eguneko isolamendua, edo bi asteburukoa, edo zazpi egunekoa... pasatzeko egina baitago, zigorraren arabera, eta gero modulu arruntera itzultzeko, baina guk urteak eta urteak pasatzen ditugu". Horretarako zigorrik jaso gabe.
Txostenean xehetasun gehiago aurkituko dituzue, baina azpimarratu nahi nuke modulu horiek pertsonen artean ahalik eta isolamendu handiena lortzeko diseinatuta daudela; izan ere, pertsona horiek egunean 20 orduz egoten dira ziegetan. Kordobako kasuan, adibidez, modulua lurraren mailaren azpian dago; garaje baten moduko sarrera batetik sartzen da, eta, beraz, leihoetatik ikusten den gauza bakarra horma altu bat da, eta, gainean, zeru zati bat. Gainera, leiho horietan, burdin hesi bat dago barroteen gainean, aireztapena eta argiztapena gehiago zailtzen duena. Beste espetxe batzuetan duela urte batzuk kendu zituzten.
Modulu horietan ez dago gimnasiorik, ez gela komunik, ez beste erraztasunik. Zigorrak betetzen dituzten presoen tipologiagatik, giro tirabiratsua, oso oldarkorra eta zaratatsua dago. Erregelamenduak hala agintzen badu ere, gehienetan ez dago tratamendu-programarik bertan dauden pertsonentzat. Horiek lortzeak denbora, adorea eta kemena eskatzen du, Kordoban gertatu den bezala.
Iñaki Alonsok berak adierazi duenez, "Isolamenduan egotea eta aurrera ezin egitea bat da. Bigarrena lehenengotik sortzen da ".
Eta errealitate horretan jarri nahi du arreta Behatokiak gaur, horrelako egoerak konpontzen lagun dezan.
Agus Hernanen hitzartzea
Joan den irailaren 20an, Foro Sozial Iraunkorrean kezka agertu genuen presio-lobby oso garrantzitsu batek gero eta eragin handiagoa duelako. Izan ere, lobby honek. iraganeko logiketan ainguratuta, espetxe-politikan abian den aldaketa baldintzatu nahi du.. Batez ere, espetxe-araudi arruntarekin bat datozen ebazpen judizial edo administratiboak oztopatu nahi dituzte, graduan aurrera egitea erraztu beharko lituzkeen ebazpenak, hain zuzen ere, presoak erabat gizarteratzeko helburuarekin.
Orduan esaten genuen lobby bat zela, eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, eta biktimen sektore antolatuak, fiskaltzako eta epailetzako sektoreak eta zenbait espetxetan erantzukizunak zituzten pertsonak biltzen zituena.
Aitzol Aslak eta Teresa Todak gaur aurkeztutako txostenak, hain zuzen ere, azken errealitate horri erreparatzen dio.
Zenbait espetxetan erantzukizunak dituzten pertsonak dira, gaur egun, birgizarteratzeko ibilbidean dauden presoak fase honetan aurkitzen ari diren oztopo nagusietako bat. Nola liteke Barne Arazoetako ministroa presoei politika arrunt bat aplikatzea defendatzen ari denean, aldi berean, zenbait espetxetan ministerio-politika horren aplikazioa sistematikoki blokeatzea onartzea? Nola liteke espetxe gehienetako Tratamendu Batzordeetarako balio duten argudioak Kordoba, Sevilla II, Huelva, Estremera edo Soto del Realen balio ez izatea?
Kordobako kasua paradigmatikoa da. Behatokiaren txostenak 2017ko urtarrilaz geroztik espetxe-legearen barruan urratsak ematen ari diren presoen jarrera iraunkorra frogatzen du. Eta frogatzen du, halaber, graduetan aurrera egiteko eskaeretan emandako erantzun negatiboetan sistematikoki "moztu eta itsatsi" aplikatzen dela oraindik ere. Aurreko etapetatik ateratako argudioekin eta irizpide indibidualizaturik gabe. Hori gertatzen da bai Tratamendu Batzordearen aldetik, bai Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren aldetik.
Horren ondorioz, preso hauek lehen graduko erregimenean eta isolamendu-erregimenean jarraitu behar dute, eta horrek eragotzi egiten die edozein urrats egitea, eta zigor osoa baldintza horietan betetzera kondenatzen ditu.
Amaitzeko, berriro esan nahi dugu ez dela onargarria, hain zuzen ere, presoak birgizarteratzeko banakako ibilbide horri ekiten diotenean, gaur egun 50 baino gehiago direnean jada bigarren eta hirugarren graduko erregimenean dauden presoak, oraindik ere errealitate horiek egotea, presoen birgizarteratzean oinarritutako politika publikoak blokeatzen dituztenak.
Behatokiaren Txosten honen bidez eta Foro Sozial Iraunkorrak elkarrizketa eta akordioak errazteko egiten duen etengabeko ahaleginaren bidez, espetxe-politikaren aldaketa laguntzen jarraitzen dugu, giza eskubide guztiak errespetatuko dituen bizikidetza demokratikoaren etorkizuna laguntzeko asmoz.