Gaur, Donostiako Miramar Jauregian, Foro Sozial Iraunkorrak oraindik askatzeke dauden korapilo nagusien inguruan (biktimak, presoak eta memoria) talde politikoek dituzten jarrera eta proposamenei buruzko azterlan bat aurkeztuko du.
Azterketa konparatiboaren lehen ondorioa da baldintzak finkatuta daudela Eusko Legebiltzarraren XII. legegintzaldia elkarbizitza demokratikoarena izateko. Izan ere, azterketa honetan oinarrituta, % 75ekoa da EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar-taldeen arteko adostasun-maila. Guztiek batera, Parlamentuaren % 90,6 osatzen dute. Desadostasunak, beraz, % 25ekoak izango lirateke.
Ikus ditzagun orain gure ustez zeintzuk izan beharko liratekeen legealdi honetako erronkak:
Lehena, biktimen gaia. Legealdi honetan, garrantzitsua izango da biktimen tipologien artean dagoen diskriminazioa behin betiko gainditzea. Helburu horrekin, diskriminazio horiek gainditzeko eta biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko mekanismoak finkatu beharko lirateke. Ildo horretan, Konstituzio Auzitegiak 12/2016 Legeari jarritako errekurtsoari uztailean emandako epaiak segurtasunik gabeko espazio bat itxi du Estatuaren biktimentzat, oraindik ere bigarren mailako biktimatzat hartzen direnak.
Bigarrena, presoen gaia. Pozik gaude, ikasturte hasiera honetan, eztabaida politikoan aritzen diren eragile gehienek Foro Sozialak aspalditik sustatu dituen kontzeptuak integratu dituztelako.
Lehenengo kontzeptua da espetxe-politika modu normalizatuan aplikatzea eta bere garaian terrorismoaren aurkako borrokarako diseinaturiko politika gainditzea.
Bigarrena, zigorrak betetzeko orduan presoen errotze sozialaren garrantzia. Horrek esan nahi du Zaballa, Basauri, Martutene eta Iruñeko espetxeetara hurbildu behar direla.
Hirugarren kontzeptua: erabaki politikoak hartu ondoren, horien aplikazioa alderdien arteko eztabaida politikotik ateratzeko eta eremu humanitario hutsean kokatzeko beharra. Izan ere, pertsona guztien giza eskubideez ari gara, baita presoenak ere.
Aipamen berezia merezi du espetxe-politikako eskumena transferitzeko eskariak eta transferentzia hori ahalik eta azkarren zehazteak duen garrantziak.
Presoen gaian, adostasun posible guztiak eraikita daude. Orain, premiaz, ekintza-plan bat jarri behar da abian, gai honi konponbide integrala emateko. Eta are gehiago Covid 19ren ondorioz espetxeetako bisitetan murrizketa berriak ezarriko direla iragartzen ari direnean.
Hirugarrena, memoria kritiko inklusiboa. Bistakoa da zailtasun gehien dituen gaia dela., batez ere, alderdien arteko “kontakizunaren bataila” delakoagatik baldintzatua dagoelako.
Gure ustez, gai honetan bi esparru daude: batetik., alderdien arteko eztabaida eta kontakizunaren inguruan dagoen “bataila”, eta bestetik, gizartean dagoen eztabaida.
Euskal gizartea politikarien aurretik doa gai honetan. Horren lekuko, ibilbide desberdinak dituzten pertsonen artean aurrera eraman diren esperientzia eta lankidetza ugari daude.
Beste aldetik, kontakizunaren batailaren gaian, alderdien arteko eztabaida legitimoa noria bat bezalakoa da, duela urte batzuetatik hona argudio berberak errepikatzen dituena behin eta berriz. Eta ezin du aurrera egin.
Blokeo horrek gizartearen desatxikimendua edo gogaitzea ekarri du, eta honek arrisku handia suposatzen du: gertatutakoaren orria azkar pasatu nahi izatea eta ondorio kritikoak ez ateratzea. Gertatu dena berriz ez errepikatzeko oinarri sendoak ezartzea behar beharrezkoa da bakearen eta giza eskubideen kultura bat eraikitzeko. Eta beraz, ezin dugu arrisku hori onartu.
Memoria eta Elkarbizitzaren Ponentzia
Aipamen berezia merezi du legegintzaldi honetan Memoria eta Elkarbizitzaren Ponentzia martxan ez jartzeko erabakiak. Horrelako erabaki batek ere nolabaiteko porrota adierazten du.
X. legegintzaldian, Bake eta Bizikidetza Ponentzia ez zen abiatu ere egin, "zoru etikoaren" eztabaidaren ondorioz.
XI. Legegintzaldian, legebiltzarkideek Memoria eta Elkarbizitzaren ponentzian baitan egindako entzuteko lan handia azpimarratu nahi dugu. Dozenaka agerraldi egin ziren lantaldean, eta ekarpen ugari jaso zituzten. Aktak lekuko dira, eta, benetan, merezi du irakurtzeko denbora hartzea. Akta horiek gai askotan lortutako adostasun handien lekuko dira.
Hala ere, esan dezakegu Ponentziak porrot egin zuela azken 100 metroetan. Eta hori gertatu zen “kontakizunaren borrokak” hor jarraitzen duelako.
Egia da txostenaren metodologiak ere azken emaitza asko baldintzatu zuela. "Dena adostu arte ezer ez adostearen" printzipioan oinarritu zen, eta, hain zuzen ere, kontakizunaren borrokaren kontua izan zen azken akordio batera iristeko aukera baldintzatu zuena.
Baina, gainera, kontuan hartu behar da azken “100 metro” horiek hauteskunde ziklo luze baten barruan eman zirela. Eta historiak erakutsi du hauteskunde-zikloak direla akordioetarako unerik okerrena.
Pena ematen digu, pena handia, hauteskunde-arrazoiengatik akordioak desadostasunen aurretik lehenetsi ez izanak. Euskal gizarteak eskatzen digu guztioi akordioak desadostasunen gainetik lehenestea.
Zentzu horretan, Foro Sozialari ez dagokio Ponentzia berriz ere beharrezkoa den ala ez adieraztea, edo eztabaida Gogora Institutuaren baitan egin behar den ala ez, baina gure ustez beharrezkoa da legegintzaldi honetan adostasun politiko berriak lortzea.
Foro Soziala
Foroak energia asko inbertituko ditu honetan. Gizarte zibila gai honetan ere motorra izatea nahi dugu. Ezin dugu politikarien esku bakarrik utzi bakean bizitzeko nahiaren kudeaketa. Helburu horrekin, ikuspegi oso desberdinak dituzten eta urteetan elkarri bizkarra emanda bizi izan diren pertsonak elkartzeko eta eztabaidatzeko topagune publiko eta diskretuak sustatuko ditugu. Oztopoak eta zailtasunak gainditzeko espazio sozialak bultzatuko ditugu, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oinarrietan aurrera egiten jarraitzeko asmoz.
Amaitzeko, alderdiei eskatu nahi diegu aprobetxatu dezatela aurretik hiru urte daudela hauteskunderik gabe. Bistan da legegintzaldi honetan lehentasunak beste batzuk izango direla, baina, arlo honetan urrats sendoak eman ahal izateko, garrantzitsua da konponbidearen agendari buruzko gaiek agenda publikoan behar duten lekua izaten jarraitzea.
Sufrimendu asko egon da hemen, baina, gizarte kohesionatu bat eraiki nahi badugu, zauriak ondo ixteko gai izan behar dugu, konpondu beharrekoa konponduz.