2020/03/10

"Euskal gizarteak, bere osotasunean, urrats sendoak eman ditu bizikidetza eraikitzeko bidean"

Martxoaren 11ren bezperan, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna, prentsaurrekoa egin du Foro Sozialak Eusko Legebiltzarrean amaitu berri den legealdiaren balantzea aurkezteko, Foro Sozial Iraunkorrari dagokion arloan: indarkeria-zikloaren ondorioen konponbidea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzea.

Agus Hernan eta Nekane Altzelairen hitzartzeak

Foro Sozial Iraunkorraren aurkezpena Aieteko Jauregian izan. 2016ko urriaren 22an, XI. Legealdia eratzeko bilkura egin eta hurrengo egunean.

Leku sinboliko hartan, gizarte zibilaren eskutik ETAren armagabetzean aurrera egiteko baldintzak jada emanda zeudela adierazi genuen. Era berean, kontuan hartuta hauteskunderik gabeko hiru urte genituela aurretik, eskatu genuen legegintzaldi hau baliatzea indarkeriaren zikloaren ondorioen konponbideari behin betiko bultzada emateko.

Alderdi politikoei eskatu genien, euren ordezkari nagusien aurrean, ardura politikoz joka zezatela, “batzen gaituena gehiago bailatuz banatzen gaituena baino" eta, horretarako, "hitz egin" zezatela.

Tonu solemne horretan adieraztea erabaki genuen, zeren eta aurreko legealdia (2012-2016) arlo honetan erabat frustragarria izan zen. "Blokeo anitzak" zeuden, Eusko Legebiltzarrean eta kanpoan, edozein aurrera-urratsak geldiarazten zituztela.

Orduan, bagenekien hauteskunde gabeko fase bat hasten zela, eta aprobetxatu behar genuela. Eta aprobetxatu dugula esan dezakegu. Euskal gizarteak eta nafarrak lortu dute epealdi hau baliatzea.

ETAren armagabetze zibila gertatu da, osoa eta egiaztatua, eta erakunde horren desegitea, nazioarteko komunitateak egiaztatua. Adostasun politiko, sindikal eta sozial berriak eraiki dira, imajinaezinak zirenak ordura arte: lehenik, egia, justizia eta erreparaziorako indarkeria-adierazpen guztien biktima guztiek duten eskubideari buruzko adostasunak eraiki dira; bigarrenik, salbuespeneko espetxe politikaren fasea gainditzeko eta presoei politika normalizatua aplikatzeko premiazko beharrari buruzko adostasunak; eta, azkenik, gizarteak urrats sendoak eman ditu bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean.

Aurrerapenak egon direnik eztabaidaezina da, ezta ondoren aipatuko ditugun argi-ilunak ere. Baina, perspektibarekin, 2016ko blokeoen testuinguruan, inork imajina al zezakeen aurrerapen horiek?

Eta aurrerapen horiek lortzeko prozesuan, harrotasunez baiezta dezakegu, gizarte zibila eragile erabakigarria izan dela, izan garela. Gehiegietan gripatzen zen motor bat olioztatu dugu. Izan ere, gaur egun, konponbiderako euskal eredu “zibila” gatazkak konpontzeko lan egiten duten nazioarteko eragileen artean ikasgaia da.

Balantze honetan esan dugu "gizarteak, bere osotasunean, urrats sendoak eman dituela bizikidetza eraikitzeko bidean". Lau urte hauetan gertatu den gauzarik garrantzitsuenetakoa horixe dela iruditzen zaigu. Oso azkar egiten ari garela aurrera adiskidetze prozesuan.

Distantziak distantzia, beste esperientzia batzuek aztertu ditugunean, ohartu gara ez daudela erresoluzio prozesu asko non adiskidetze dinamikak hain azkar aurreratzen diren. Oro har, bi belaunaldi pasatu behar direla diote adituek. Hemen oso litekeena da belaunaldi batekin nahikoa izatea.

Hori da, hain zuzen ere, duela gutxi bisitatu gaituzten bost adituek atera duten ondorio nagusietako bat.

Eta hori posible izan da bi arrazoirengatik:

  • Antolatu gabeko biktimek, indarkeria-adierazpen desberdinetakoak, eskuzabaltasun-ariketa handia eginez, elkarren arteko aitorpenerako bidea erakusten digutelako.

  • Euskal gizarteak konponbidean emandako pausoak babestu eta bultzatu dituelako, eta oraindik ere dirauten blokeoak gainditu behar direla uste duelako.

Azken baieztapen hori Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak otsailean egindako azken inkestan oso garbi ikusten da. “Zure ustez, zein egoeratan dagoen bake prozesua? galderari erantzunez, orain, euskal jendartearen %55ek uste dute aurrera egiten ari dela; 2014an, berriz, ehuneko hori apenas %28koa zenean. Aitzitik, prozesua blokeatua dagoela soilik %38ak dio orain, duela 6 urte gehiengo zabala zirenean (% 58).

Hau da, abian dagoen bake-prozesu bat dagoela uste du euskal jendarteak, nahiz eta negoziazioaren eta konponbidearen eskema klasiko bati erantzuten ez dion bake-prozesu bat ez egon. Gizarteak uste du hau bake-prozesu bat dela, bere aurrerapenekin, blokeoekin eta atzerapenekin.

Ahalik eta konponbide integral eta inklusiboena lortu behar dugu, askatu gabe dauden korapiloei aurre eginez eta konponbide berritzaileak adostasunez bilatuz.

Aurrerapenez gain, argi-ilunen balantzea dela esaten dugu. Bi dira argi-ilun hauek:

Lehenengoa, frustrazioz ikusten dugu memoriari eta bizikidetzari buruzko ponentzia blokeatu egin dela. Nahiz eta arestian aipatutako aurrerapen bakoitzaren inguruan adostasun partzial garrantzitsuak lortu Eusko Legebiltzarrean, ponentzian egondako blokeoak azken ebazpen integral bat adostea eragotzi du.

Blokeo hau eman da alderdi politikoen artean ez delako aurrerapausorik egin memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko beharrezkoak diren gutxieneko adostasunen inguruan. Hau da, "kontakizunaren bataila" delakoa nagusitu delako. Egiaztatu dugu kontakizunari buruzko alderdien arteko eztabaida legitimoa argudio berberak errepikatzen dituen noria bat bezala dela, aurrera egiteko gai ez dena, gainontzeko gaietan aurrerapen erabakigarriagoak baldintzatzen dituen bitartean.

Bigarren argi-iluna Espainiako Gobernuak izandako jarrerari buruzkoa da. Konponbiderako prozesuak izan dituen zailtasun nagusiak, eta oraindik ere dituena, lotuta daude urte hauetan Madrilen egon diren bi gobernuek izandako jarrerarekin. 2016-2018 epean, Rajoyren Gobernuaren immobilismoa nabarmena izan zen, askatzeke dauden korapiloen konponbidea erabat baztertuz. Sanchezen Gobernuari dagokionez, lehen 18 hilabeteetan izandako jarrerak hainbat ekimen ekarri ditu presoen alorrean, baina, hain mugimendu txikiak izan direnez, frustrazioa eragin dute haien senideen artean. Era berean, ezin dugu ahaztu bi bai Rajoyrekin bai Sanchezekin, dagoeneko gaindituta dagoen iragan bati erantzuten dioten inertzia batzuek jarraitu dutela.

Jakina, gauza asko geratzen dira egiteke, askatu beharreko korapilo batzuk, eta amaitzeko hiru nagusiak gogorarazi nahi ditugu:

  • Lehenengoa, egia, justizia eta erreparaziorako eskubideari dagokionez, biktimen arteko tratuan oraindik ere badirauen diskriminazioarekin amaitzea.

  • Bigarrena, oraindik existitzen den salbuespeneko espetxe politika behin betiko desaktibatzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea.

  • Eta, hirugarrenik, gizarte-espazioetatik memoria kritiko inklusibo baten eraikuntza bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena.

Aieten 2016an egin genuen bezala, gaur egun berretsi egiten dugu korapilo horiek askatzeko eta ez errepikatzeko oinarri sendoak dituen bake integraleko prozesu batean aurrera egiteko lanean jarraitzeko Foro Sozial Iraunkorraren konpromisoa.