Etxerat elkartea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen senide eta gertukoek osatzen dute.
Euskal preso politikoen senitartekook duela urte askotatik hona ari gara salbuespeneko espetxe politika anker eta basati baten ondorioak jasaten. Politika hori ezartzen zaie gure senitarteko presoei, eta horrek eragina du eta sufrikario handia sortu du guregan ere.
Giza eskubideen urraketa larriko egoerak sortu dira 35 urte baino gehiagoz, bai gure senitarteko presoen kontra, bai geure kontra. Egoera horiek atxiloketetan, atxiloketa ondorengo inkomunikazioetan edo espetxeratze prebentiboetan sortzen ziren. Eskubideen urraketek gertatzen jarraitzen zuten geroago espetxean, ohiko gertaera gisara.
Erakundeen gehiengoaren enpatia eta babes gabezia handia jasan dugu. Denbora honetan guztian ez dugu izan sostengu politikorik eta erakundeen babesik, eta bakardade eta babesgabetasun sentipen desatsegina bizi izan dugu. Kriminalizatu egin nahi izan gaituzte eta erasoak jaso ditugu, senitarteko izate hutsagatik, giza eskubideak errespetatzen ez zituen espetxe politika batetik eratorritako neurriak eta egoerak salatzen genituelako.
Salbuespeneko espetxe politikak sufrikario handia eta kalte fisiko eta psikiko handia eta izugarrizko gastu ekonomikoa ekarri du presoen senitartekoentzat, hiru hamarkadetan baino gehiagotan. 16 senitarteko eta adiskidek galdu du bizia errepideetan, sakabanatzeak eta urruntzeak eragindako bidaietan. Arrazoi horrek eramanda 400 bat istripu gertatu dira errepideetan. Horrek guztiak senitartekoengan izan dituen ondorioek arazoak sortu dituzte senitartekoen eguneroko bizitzako hainbat arlotan, hala nola, lanaren arloan, hezkuntza-arloan gure haurrentzat, edo adinekoen eta gaixoen kasuan izan duen karga erantsian.
Euskal preso politikoen senitartekoei aholkuak eta laguntza ematea eta haien eta senitartekoen eskubideen urraketak salatzea da Etxerat-en lana. Duela urte batzuk, ordura arte ohikoa ez zuen lan-arlo bati ekin zion Etxerat-ek: gure senitarteko presoei laguntza juridikoa eta osasun arloko laguntza ematea.
Era berean, Etxerat-ek garatu eta finkatu egin du bere ekarpena, hots, gatazka ebazteko eta bizikidetza eraikitzeko egindako lana. Gogoeta prozesu honetan eta konpromisoak hartzeko prozesu honetan, Gernikako Akordiora atxikitzea erabaki genuen 2011. urtean. 2013an argitaratu genuen “Sufrikarioaren aitorpena” izeneko gure agiria eta geroztik gure ekarpena egin genion Eusko Jaurlaritzaren “Bake eta Bizikidetza Plana”-ri
Foro Sozialaren partaide garenetik, “Construint la pau. Reptes i oportunitats per al País Basc, després de la fi d’ETA” izenburupean Barcelonako Udalak 2018an antolatutako jardunaldietan esku-hartu genuen, Fundipau Fundazioarekin eta Foro Sozialarekin batera. Jardunaldi horien zeinu ezberdineko biktimen topaketa ahalbidetu zuten.
Geroago, urte bereko urrian ospatutako Buesa Fundazioaren jardunaldietan esku-hartu genuen, sinetsirik baikeunden, ezberdintasuna ezberdintasun, batzuok besteei entzun behar diegula eta elkarren artean zubiak eraiki behar ditugula, batzen gaituen horretan oinarrituta aurrerantz egiten saiatzeko; hori da bizikidetzari egin diezaiokegun ekarpen erabakigarria, iragana errepikatuko ez duen etorkizun bat eraikitzeko bermea ematen duena.
Bizikidetzarekin dugun konpromisoak eraman gintuen 2019ko martxoaren 1eko adierazpen publikoa egitera. Adierazpen horretan enpatia ariketa bat egin genuen eta gure desenkusak agertu genituen, baldin eta guk hartutako distantziak gatazkaren biktimen sufrikarioa gehitzen esku-hartu bazuen. Biktima guztien sufrikarioa.
Balio garrantzitsua ematen diegu denboraldi horretan espetxe politikaren aldaketaren alde lortu diren gehiengoaren akordio politiko eta sindikalei. Udaletan, Aldundietan eta Legebiltzarretan gertatu diren akordioei. Azkena, sakabanatzearen 16 biktimen eta haien senitartekoen sufrikarioaren aitorpena izan da. Guztion ahaleginari esker, espetxe politika aldatzen hasi da.
Gure iritziz, bizikidetza eraikitzeko bidean, ohiko espetxe legerantz bidea errazten joan behar da; bide horrek espetxe politika gizatiartzen eta guztiok eraiki behar dugun bizikidetza berritzen lagundu behar du. Gure azken arrazoia presorik gabeko gizarte baten aldekoa da, ezinbestekoa baita biktima guztien aitorpena eta guztien erreparazioa.
Oraindik bide luzea egin behar da, bizikidetza eraikitzeko. Etxeratek positibotzat hartzen du Foro Sozialean egin duen lana: alde bateko eta besteko biktimen topaketak, haiekin izandako harremanak eta orain arte lortutako adostasunak, aurkez daitezkeen oztopoak desblokeatzen joateko bitarteko direna.
Etxerat elkartea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen senide eta gertukoek osatzen dute.
Elkartean, preso, erbesteratu eta deportatuen senitartekoek eta hurbilekoek honako hauek aurkitu ahal izango dituzte: laguntza, aholkularitza eta laguntza, gure bizitza fisiko, psikiko, sozial eta ekonomikoaren alderdi guztietan eragiten duen egoera kaltegarri eta traumatiko baten kalteak minimizatzen lagunduko diena: espetxea, erbestea, deportazioa; beren bizipenak, esperientziak ulertu eta partekatu ahal izateko espazioa; aldarrikapena, lan-esparrua.
Webgunea: etxerat.eus
Twitter: @EtxeratElkartea
Facebook: ETXERAT Elkartea
Youtube: ETXERAT Elkartea