2022/03/22

Estatuko biktimen EAEko Legea: Foro Sozialak eskatu du legezko epea berriro irekitzeko, eta Estatuko biktimei aitortza-eskaerak aurkezten jarraitzeko

Gaur Donostian Nekane Altzelaik (euskeraz) eta Agus Hernanek (gaztelaniaraz) prentsaurrekoa eman dute EAEko 12/2016 Legearen (Estatuko biktimen legea) etorkizunari buruzko zenbait gomendio aurkezteko.

«Egiarako Eskubidearen Nazioarteko Eguna»ren bezperan (martxoaren 24an), zuekin partekatu nahi ditugu 12/2016 Legearen ezarpenak jasotako emaitzak, eta, oro har, egia ezagutzeko biktimek duten eskubidearen bermeak aztertuko ditugu, kasu honetan, Estatuaren indarkerien biktimen ikuspegitik.

Urtarrilaren 14an, hemen bertan, prentsaurrekoa eman genuen, besteak beste, adierazteko 2022rako gure lehentasuna biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzeko urratsak ematea zela.

2021an, presoen harreraren gaia behin betiko ixteko beharrezko baldintzak sortuz amaitu genuen. Orain, beste biktima batzuek ere jasaten dituzten diskriminazio-adierazpenak gainditzeko pauso erabakigarriak emateko garaia da: Estatuaren indarkerien biktimak.

Puntu honetan gogoratu nahi dugu Foro Sozialaren helburua dela mota guztietako biktimenganako diskriminazioa gainditzea, izan hitzezkoak edo ekintzakoak. Eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egitea baztertu behar da.

Hauek horrela, joan den abenduan bukatu zen 12/2016 Legeari aitortza-eskaerak aurkezteko epea. Geroago, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 710 eskaera aurkeztu eta onartu direla tramitatzeko. Kopuru horrek erakusten du oraindik bide luzea egin behar dela biktima horien aitortzarako, eta balorazio gazi-gozoa egitera eraman gaitu.

Aldez aurretik, biktimek eskaerak betetzeko egin duten ahalegina aitortu nahi dugu. Izan ere, pairatu zuten - eta pairatzen jarraitzen duten - sufrimendua berpiztu ahal izan du eskaerak betetzeko lanak.

Balioan jarri nahi dugu, beste behin ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Lege honek duen garrantzia, Nafarroan uda baino lehen abian jarriko den antzeko legeak izango duen bezala. EAEko lege hau gaur egun egiarako eta erreparaziorako dagoen tresna nagusia da.

Aldiz, justiziaren bidea, bistan da, itxita dago biktima hauentzat, bai epaitegietan baita Sekretu Ofizialen Legean ere (joan den ostiralean CNIk Zabalza kasuari emandako erantzunarekin ikusi genuen bezala). Honek guztiak erabateko inpunitatea sortzen du.

Halaber, zoriondu nahi ditugu Balorazio Batzordea osatzen duten 9 pertsonak, egiten ari diren lan garrantzitsuagatik. Izan ere, baliabide gutxirekin eta Sekretu Ofizialen Legeak artxiboetan arakatzeko ezartzen duen ezintasuna kontuan hartuta, ikerketa-lan goraipagarria egiten ari dira egia bilatzeko.

Hala ere, aitortu behar dugu oraindik gutxi direla urrats hori eman duten biktimak. Estatuaren indarkeria horiek 366 hildako, 1172 zauritu eta 4113 tortura kasu (ofizialki aitortuak) eragin dituzte. Horietatik, 88 hildako eta 66 zauritu onartuak zeuden aurreko dekretuen bidez. Hau da, %13k bakarrik eman dute aitortza eskaerak aurkezteko pausoa.

Zergatik gertatu da hori?

Arrazoiak askotarikoak dira. Eta zauriak berriro ireki nahi ez izateko arrazoi sakon eta pertsonalak daude, noski.

Baina Foro Sozial Iraunkorrean identifikatu ditugun hiru arrazoietan jarri nahi dugu arreta, eta gainditzeko bidean jartzeko proposamenak egingo ditugu:

Lehena, justiziarekiko duten mesfidantza. Identifikatutako Estatuaren 366 biktimetatik, %38 argitu gabeko kasuak dira. Eta esan beharra dago “argitu gabeko kasu” hauek agenda publikotik kanpo daudela.

Bigarrena, biktima horiek instituzioetako politiketan duten konfiantzaren haustura sakona.

Hirugarrena, abandonatuta egotearen sentsazio sakona, bigarren mailako biktima izatearen sentsazioa eta etengabeko bir-biktimizazioa.

Onartu beharra daukagu: gaur egun, subkontziente kolektiboan, ideia bat dago iltzatuta: biktimei buruz hitz egiten denean, ETAren biktimengan pentsatzen da, eta ez GALen, torturaren edo polizien biktimengan. Diskriminazio-adierazpen horrek sirimiri gisa busti ditu eragile instituzional, politiko eta komunikazio-taldeen jarrerak.

Egoera horren aurrean, gomendio hauek egin nahi ditugu:

Beharrezkoa da aitortza-eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzeko lanean hastea. Horrekin batera, komunikazio-kanpaina egokia egin beharko litzateke, bai eta biktimei laguntzeko hurbileko zerbitzu bat martxan jarri ere, bitarteko eta prestakuntza egokiekin.

Balorazio Batzordeari lan-baliabide gehiago eman behar zaizkiola uste dugu, orain arte jasotako 710 espedienteak arrazoizko epe batean ebatzi ahal izan ditzan, epeak luzatu gabe, zeren eta luzatzeak segurtasun falta eragingo lieke biktimei.

Eusko Jaurlaritzak, espedienteak ebaztearekin batera, biktimei konfiantza emateko erreparazio ekimenak antolatu beharko lituzke. Iazko ekainaren 26ko adibidea (torturaren biktimen eguna) edo aurtengo Orbaitzetako bezalako ekitaldiak beharrezko keinuak dira konfiantza hori berreraikitzeko.

Azkenik, oraindik tramitea egin ez duten biktimak animatu nahi ditugu lege honi aitortza eskaerak aurkezten jarrai dezaten. Epea itxita egon arren, araudiak onartzen du espedienteak aurkeztea, eta keinu garrantzitsua izango litzateke.

Diskriminazioak gainditzeko eta biktima guztiak babesteko, urtarrilaren 14an Foro Sozial Iraunkorrak proposatu zuen «reset kolektibo» horretan aurrera egin behar dugu.

Eta, alde horretatik, erakundeek, alderdi politikoek eta komunikabideek eredugarriak izan behar dute.