Foro Sozial Iraunkorrak Estatuko biktimen artean oraindik argitu gabe dauden kasuak agenda politikoan sartzea eskatu nahi du.
Datu ofizialen arabera, hildakoei dagokienez, 364 dira Estatuaren biktimak, beren adierazpiden desberdinek eragindakoak (GAL, BVE, Triple A, polizia desberdinak, tortura, etab.). Horietatik %38 argitu gabeko kasuak dira.
Hori da, gaur egun, biktima mota honen inguruan dagoen diskriminazioaren adierazpen nabarmenenetako bat, joan den urtarrilaren 14an Donostian publiko egin genuen azterketan adierazi genuen moduan.
Jakin badakigu oso gai konplexua dela: Nola bideratu argitu gabeko kasuen edo egiarik gabeko kasuen problematika, biktima guztiei egia ezagutzeko, justiziarako eta erreparazioa jaso ahal izateko eskubidea bermatuz?
Alde horretatik, Foro Sozial Iraunkorraren jarrera argia da: Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Ildo horretatik, helburua mota guztietako biktimekiko bereizkeria, hitzezkoa edo ekintzazkoa, gainditzea da, eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egin gabe.
Baina aitortu behar dugu elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko hain beharrezkoa den helburu hori lortzea oraindik urrun dagoela. Eredugarriak izan beharko luketenen aldetik (erakundeek eta alderdi politikoek, batez ere) berdintasunezko trataera erakustetik oso urrun gaude oraindik.
Bereizkeria mota horiek haustura sakona eragin dute Estatuaren biktimek politika instituzionaletan duten konfiantzan, eta justiziarekiko mesfidantza areagotu egin dute.
Hori da Euskal Autonomia Erkidegoko 12/2016 Legeak berak uzten digun ondorio nagusietako bat, Balorazio Batzordeko kideek edo Egiari Zor Fundazioan antolatutako biktimek, jendaurrean eta pribatuki, adierazi dutenez.
Proposamen zehatzak
Foro Sozial Iraunkorra hasieratik ari da lanean biktima guztiekin topagune publiko eta pribatuak sortzeko. Estatuko biktimen kasuan, lehen topaketa publikoa 2019ko martxoaren 16an egin zen 18 biktimarekin.
Estatuaren biktima horiek beti adierazi izan digute abandonu-sentsazio sakona dutela, bigarren mailako biktimak sentitzen direla eta etengabeko bir-biktimizazioa pairatu behar izaten dutela. Aitzitik, egia elementu sendagarri gisa aldarrikatzen dute, eta justizia lortzeko, ikuskera zigortzaile hutsa baztertzen dute.
Azkenik, Foro Sozial Iraunkorrak eztabaida sakona irekitzea proposatzen du, arazo konplexu horri irtenbide integrala eman ahal izateko. Horren helburu bakarra nazioarteko zuzenbidean oinarritutako biktimen eskubideak bermatzea izango litzateke.
"Bizikidetza demokratikoaren Itun Sozial eta Instituzionalerako Oinarriak" izeneko dokumentuan, Gasteizen, 2021eko azaroaren 3an aurkeztutakoan, 9. puntuan, proposatzen dugun bezala, gure ustez, egiaren bidean ondorengoa egin behar dugu:
Egia-batzordea, txosten ofizialak, sekretu ofizialen lege berria eta abar bezalako mekanismoetan sakontzea, biktima guztiek egia jakiteko aukera izan dezaten eta beren mina sendatzen aurrera egin dezaten.
Indarkeria erabili zuten eragileek eragindako, eta inoiz argitu gabeko, ikertu gabeko edo ondorio penalik gabeko urraketak argitu behar dira. Horretarako, espetxeratzearen alternatibak bilatu beharko lirateke, ezarritako nazioarteko parametroen barruan.
Erreparaziorako politika publikoetan erakundeak eredugarriak izatea lortu behar dugu, oraindik existitzen diren diskriminazio-sentimenduetan ez sakontzeko eta biktima guztiak berdintasunez tratatzeko.