Foro Sozialak aste honetan eman diren aurrerapausoak baloratu nahi ditu, bai Estatuaren biktimen babesean, bai biktimei ezartzen zaien tratamendu asimetrikoa ahalbidetzen duten politika publikoak aldatzeko borondatean, bai memoria kritiko inklusiboa eraikitzean.
Aste honetan gertatutakoa intentsua izan da indarkeria-zikloaren ondorioen konponbideari dagokionez. Izan ere, Foro Sozialaren iritziz, Estatuaren indarkerien biktimen gainean eraikitako kristalezko sabaia hausten hasi da: hitzez aitortuak izaten dira, baina, praktikan, diskriminazioa eragiten duen tratamendu asimetrikoa onartzen da.
Prentsa-ohar honen bidez, Foro Sozialak aste honetan eman diren aurrerapausoak baloratu nahi ditu, bai Estatuaren biktimen babesean, bai biktimei ezartzen zaien tratamendu asimetrikoa ahalbidetzen duten politika publikoak aldatzeko borondatean, bai memoria kritiko inklusiboa eraikitzean.
Estatuaren biktimen babesari dagokionez, Barrionuevo ministro ohiaren adierazpenen aurrean izandako erreakzioak mugarri bat izan behar du. Eusko Legebiltzarraren % 98,7k publikoki adierazi du horrelako erasoak ez dituela onartzen, birbiktimizazio jasanezina eragiten duelako. Horrek kontraste handia suposatzen du, adibide bat jartzearren, duela hilabete batzuk Olona diputatuak Kongresuko tribunatik torturaren biktimak iraindu zituenean gertatutakoarekin.
Zalantzarik gabe, oraindik bide luzea geratzen da Espainiako Gobernuak egindako kaltea aitortu arte, baina argi dago, Estatuen biktimei dagokienez, aste honetan orain arte ikusi gabeko urratsak eman direla, funtsean eta formetan.
Bigarrenik, Foro Sozialean oso modu positiboan baloratzen ditugu joan den asteazkenean Eusko Legebiltzarrean ikusi ziren adostasun zabalak biktimei buruzko legeak eta politika publikoak aldatzeko beharraren inguruan. Izan ere, gaur egun, tratamendu asimetrikoa ematen da biktimen artean, eta hori gainditu egin behar da bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan eta adiskidetzean aurrera egin ahal izateko.
Asimetria hori eguneroko bizitzarekin zerikusia duten gaietan islatzen da, hala nola RGIn, etxebizitza eskubidean, enplegu-politika aktiboetan edo EHUko matrikuletan. Gainera, 107/2012 Dekretuak eta 12/2016 Legeak aurreikusitako kalte-ordainak nabarmen txikiagoak dira 4/2008 Legeak terrorismoaren biktimentzat ezartzen dituen zenbatekoak baino.
Eta, azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, joan den ostegunean, azaroaren 10ean, memoriaren egunean, «Begiradak, Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak» txostena aurkeztu zen Gogora Institutuan, sei biktima eta erreferentziazko historialarien eskutik. Gure ustez, ekarpen garrantzitsua da bizikidetza eraikitzeko «erdiko erreiari», Foroak askotan erabiltzen duen kontzeptua erabiltzeagatik.
Euskal gizartea - bere erakundeak, alderdi politikoak, sindikatuak eta eragile sozialak - ez dago geldirik memoria kritiko inklusiboa eraikitzeari dagokionez ere. Are gehiago, azken hilabeteotan, mugimendu berriak ikusten ari gara, eta horien ondorioz «kontakizunaren bataila» delakoa dagoeneko igarotzen ari da krispazioaren espaziotik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzeko espaziora.
Alde horretatik, 2021eko urrian Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrenaren inguruan gertatu zen guztiak «palanka-efektu» bat eragin zuen, ondoren etorri diren aurrerapenak erraztuz.
Foro Sozialari dagokionez, urteurren horren ondoren jarri genuen abian «Ustekabean Topo- Diálogos Improbables» lan-ardatza. Hilabete hauetan, trantsizio horretarako ekarpenak egin ditugu, nazioarteko esperientziak aztertuz, jarrera ideologiko desberdinak dituzten pertsonen arteko topaketa publiko eta pribatuak antolatuz eta euren bizipenak ezagutuz.
Foro Sozial Iraunkorrak parte hartu zuen Gogora Institutuan txostenaren aurkezpenean, eta adierazi nahi dugu arretaz aztertuko ditugula aktoreen erreakzioak, eta, ondoren, gogoeta edo gomendio batzuk egingo ditugula memoriaren gaian ere aurrera pausu berriak errazteko.
Dokumentuaren tesiarekin bat gatoz, adierazten duenean bota behar direla «Nork bere burua justifikatzeko kontakizunek eraikitzen dituzten 'euste hormak', isolatu eta baztertzen dutenak, eta bizikidetza demokratikorako eremu berriak eralkitzeko aldentzen gaituztenak».
Hauek horrela, eragile guztiei eskatzen diegu babesteko eta behar bezala balioan jartzeko Josu Elespek, Maria Jauregik (ETAren biktimen seme-alabak), Axun Lasak (GALen biktima baten arreba eta torturatua) eta Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia López de Maturana historialariek egindako dokumentua.
Eta, bereziki, dokumentua kontakizunaren bataila alderdikoirako ez erabiltzeko eskatzen diegu.