2022/05/11

Estatuaren biktimei entzuteko garaia da

Pili Zabalak, Tamara Muruetagoienak, Eneko Etxeberriak, Karmen Galdeanok eta Maider GarcĂ­a Martinek, Jon Mirena Landarekin batera, mahai-inguru batean parte hartuko dute larunbatean Donostian.

Urte hasieran jakinarazi genuen Estatuaren biktimek jasaten duten diskriminazioa Foro Sozial Iraunkorraren lehentasunezko lan-ardatza izango zela. Zehazki, honako hau adierazi genuen: «2021. urtea presoen harreren auzia behin betiko ixteko beharrezko baldintzak sortuz itxi ondoren, beste biktima batzuek – Estatuaren biktimek- ere jasaten dituzten diskriminazio-adierazpenak gainditzeko urrats erabakigarriak ematearen garaia da».

Izan ere, oraindik ere diskriminazio sakona dago Estatuaren biktimekiko, hainbat modutan adierazten dena. Gure helburua argia da: edozein motatako biktimarenganako hitzez edo ekintzez egiten den bereizkeria oro gainditzea, eskubideak urratzen dituzten eragilearen arabera bereizketarik edo kategorizaziorik egin gabe.

Azken hilabeteotan, diskriminazio-adierazpen ugari gertatu dira, baina aitortu behar dugu ez dutela lortu merezi zuten erantzun publikoa. Foro Soziala ispilu-efektua sortzen saiatu da, biktima horiekiko babes-erreakzioak eragiteko. Halere, gehienetan, erantzuna isiltasuna izan da, eta batzuetan, baita umiliatzea ere.

Teorian, maila instituzional, politiko eta sozialetik biktima guztien berdintasunezko aitorpenean aurrera egiteko baldintzak badaude ere, tamalez, azken asteotan atzera egiten ari dela nabarmendu behar dugu.

Baieztapen horren atzean adibide asko daude: pasa den astean publiko egin ziren Estatu-terrorismoaren 23 biktimek ordaindu behar dituzten gehiegizko fakturak; Voxeko diputatu batek torturaren biktimak umiliatuz egin zituen adierazpenak Kongresuan; biktima batzuk biktimarioak ere bazirela alde batera uzten dituzten memorialak eta txosten ofizialak; argitu gabe dauden kasuen % 38rentzat egia bilatzeko oztopo diren legeen iraupena; isiltasun-itzalak gertaera batzuen aurrean, hala nola José Antonio Cardosa karteroa erail zuen bonbaren gaineko grabazioen aurrean; torturatzaileentzako dominak eta kargu-igoerak...

Atzera pausu hauen guztien aurrean, premiazkoa da GALen, BVEren, torturaren eta poliziaren indarkerien eta abarren biktimei ahotsa ematea.

Estatuen biktimek etengabe jasaten duten trataera diskriminatzaile horren berri emateko garaia da, abandonu-sentsazioa eragiten diena, bigarren mailako biktimak direla sentiarazten duena, eta bir-biktimizazio sakona eragiten duena. Eta, gainera, honek guztiak politika instituzionaletan duten konfiantzan nola urratu duen eta justizian duten mesfidantza nola areagotu duen adierazi behar digute.

Estatuaren biktimek hitz egiten dutenean beste alde batera begiratzen duten eragileek enpatia-ariketa bat egin behar dute, biktimei begietara begiratuz, haien mina entzunez eta erasoen aurrean babestuz.

Hauek horrela, HITZORDUAK zikloaren saio berri bat antolatu dugu, “Estatuaren biktimak: Oztopoak egiaren bila bidean” izenekoa, datorren larunbatean, goizeko 10:30ean, Donostiako Miramar Jauregian.

Bi zati izango ditu:

  • Jon Mirena Landaren txostenaren aurkezpena. Landa Zuzenbide Penaleko katedraduna da Zuzenbide Fakultatean eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako zuzendaria.

  • Mahai-ingurua: Pili Zabala, Tamara Muruetagoinea, Eneko Etxeberria, Karmen Galdeano eta Maider García Martin.

  • Moderatzailea: Fernando Rey (Baketik).