2022/05/16

Estatu espainiarrak ere onartu behar du indarkeria-zikloan eragindako kaltea

Bakean Elkarrekin Bizitzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Estatuaren biktimek jasotzen duten diskriminazioari buruzko gogoeta bat palzaratu du Foro Sozialak. Izan ere, dokumentu bat prestatzen ari da biktimen testigantzekin, Gasteizko eta Iruñeako parlamentuetan aurkezteko. 

“Bakean Elkarrekin Bizitzeko Nazioarteko Eguna” dela-eta (Nazio Batuen Batzar Nagusiak maiatzaren 16a izendatu zuen helburu horretarako), Foro Sozial Iraunkorrak gogoeta hauek egin nahi ditu:

1. Ukaezina da azken urteotan dinamika positiboari ekin zaiola Estatuaren biktimen eskubideak bermatzeari dagokionez.

Alde batetik, biktima guztiek – bai, guztiek - egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan eraikitako adostasun politikoa nabarmendu behar da. Duela urte gutxi arte adostasun hau pentsaezina zen.

Bestetik, erreparaziorako tresnak ezarri izana azpimarratu behar da: Euskal Autonomia Erkidegoko 12/2016 Legea edo Nafarroan uda baina lehen abian jarriko den antzeko legea. Era berean, ez da ahaztu behar EAEn torturari buruz egin den txostena, nazioartean abalatutako protokoloen bidez torturatutako pertsonen kopurua ziurtatzen duena (aurten Nafarroan antzeko urratsak egin ahal izatea espero dugu).

Nabarmendu behar dira, halaber, Estatuaren biktimei buruzko ekimen instituzional ugarietan islatu den adostasun politiko eta sindikala, espetxe politikaren salbuespen urteengatik, torturagatik eta abarrengatik sufritutako biktimizazioak aitortzearen aldekoak.

2. Teorian, biktima guztiak maila instituzional, politiko eta sozialetik berdintasunez aitortzeko bidean aurrera egiteko baldintzak egon badaude. Hala ere, egiaztatu behar dugu azken hilabeteetan Estatuaren biktimekiko diskriminazio egoerak biderkatzen ari direla, eta horien ondorioz atzeraka egiten ari gara lortutako adostasunetan. Astero kapitulu berri bat dago, zein baino zein larriagoa. Adibideak ugariak dira.

3. Egoera horien aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak Estatuaren biktimen gaia lehentasunezko lan-ardatz gisa hartu du, eta, zehazki, azken hilabeteetan, egiaztatu ditugun diskriminazio-adierazpenetan jarri dugu arreta.

Joan den larunbatean Miramar Jauregian egindako mahai-inguruak, eta joan den apirilaren 6an Madrilen egindakoak, Estatuaren biktimek etengabe jasaten duten tratamendu diskriminatzaile horren berri eman dute. Horrek abandonu-sentsazioa eragiten die, bigarren mailako biktimak izatearena. Honek guztiak Estatuko biktimen artean birbiktimizazio sakona eragiten du, biktima horiek erakundeen politiketan duten konfiantzan haustura sakona sortuz, eta justizian mesfidantza eraginez.

Tamara Muruetagoienak, Karmen Galdeanok, Eneko Etxeberriak eta Maider García Martínek joan den larunbatean Miramar jauregian egindako testigantzekin eta Axun Lasak eta Idoia Zabalzak Madrilen apirilaren 6an egindako testigantzekin, Foro Sozial Iraunkorra dokumentu bat prestatzen ari da Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan aurkezteko.

5. Biktimen, biktima guztien gaiari heltzeko, erreferentzia bakarra giza eskubideen nazioarteko estandarrak izan behar dira. Estatu espainiarrak sinatutako itunak nahitaez bete beharrekoak dira, eta memoria galtzea helburu duen edozein politika baztertu egin behar da. Alde horretatik, beharrezkoa da egungo Espainiako Gobernuak urrats bat egitea indarkeria-zikloan giza eskubideen urraketa sakonetan egindako gehiegikeriak onartzeko, egindako kaltea onartuz eta aplikatzen ari den diskriminazio-ekintzak eta ezkutatze-politikak zuzenduz.

6. Auzi honi irmo aurre egiten ez zaion bitartean, biktima guztiak babestuz eta oraindik dagoen diskriminazio sakona gaindituz, ezinezkoa izango da giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarritutako bizikidetza demokratikoa eraikitzeko urrats erabakigarriak ematea. Gai honen aurrean irmotasuna erakusteak, ordea, adiskidetzearen bidean aurrera egiteko aukera emango liguke.