Gaurtik, urriaren 1etik, Basauri, Zaballa eta Martuteneko kartzelen kudeaketa Eusko Jaurlaritzari transferitu zaio.
Foro Sozial Iraunkorrak urrats honen ingurukan egindako balorazio positiboa berretsi nahi du gaurkoan. Izan ere, urrats horri esker, espetxe-politika normalizatua aplikatu beharko litzaieke motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonei, eta indarrean dauden salbuespenezko neurriak amaitu beharko lirateke. Horrez gain, honen bidez, ekarpen garrantzitsua egin beharko litzaioke normalizazioari eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari.
Espetxe politikaren aldaketaren lehen fasea (isolamenduaren, muturreko urruntzearen eta lehen graduaren amaiera) arrakasta erlatiboarekin burutu ondoren, bigarren fasean murgilduta gaude bete-betean.
Egiten ari diren aurrera urratsekin batera (presoak espetxe periferikoetatik euskal kartzeletara hurbiltzea; azken bederatziak asteazkenean bertan) eta agertu diren zailtasun berriekin batera (ikus Behatokiaren azken txostena, 2021eko uztailaren 13an aurkeztua), datozen hilabeteetan birgizarteratze-ibilbidearen edukiak definitu beharko dira, Foro Sozial Iraunkorretik «Guztion eta guztiontzako euskal bidea» deitu duguna.
«Guztion euskal bidea», gai horretan lan egiten duten eragile guztien artean adostu behar delako, eta, bereziki, presoekin.
Eta «Guztiontzako euskal bidea», ibilbide honek preso guztiek egin ahal izateko pentsatuta egon behar baitu.
Granada eta Logroñoko kartzeletan EPPKren ordezkariekin izandako bileretan (azkena 2021/05/29an), kolektibo hori osatzen duten presoek espetxe-legediaren barruan ibilbidea egiteko borondatea dutela egiaztatu du Foro Sozial Iraunkorrak.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzarekin bat gatoz: presoek espetxe-politika ororen erdigunean egon behar dute.
Foro Sozial Iraunkorrean uste dugu birgizarteratze-prozesu bat, arrakastatsua izateko, barrutik hasten den prozesu gisa ulertu behar dela, ziegatik kaleraino. Horretarako, ondo definitutako bi etapa izan behar ditu:
Lehenengoa eta premiazkoena presoak kartzelan egin behar duen ibilbidea definitzea izango litzateke, bigarren gradutik hirugarrenera eboluzionatzea bermeekin ahalbidetuz.
Bigarrena, instituzioen eta gizarte eragileen babesa espetxe-baimenen etapan (bai bigarren graduan, bai, batez ere, hirugarren graduan) eta erabateko birgizarteratzearen etapan.
Prozesu horrek arrakasta izateko, hiru osagai argi izan behar lituzke:
Lehenik: Espainiako Gobernuaren borondate irmoa oraindik indarrean dauden salbuespeneko espetxe politikaren elementuak gainditutzat emateko; batez ere, preso guztiak inguruko kartzeletatik EAEko eta Nafarroako kartzeletara hurbiltzea, eta graduen bilakaeraren aldeko politika irmoa aplikatzea.
Bigarrenik, motibazio politikoko delituengatik zigortutako presoen inplikazio sendoa, birgizarteratze-ibilbidearen norabidean urratsak egiteko, indarkeriaren erabileraren errefusatze indibidualizatua egiteko, bide baketsu eta demokratikoekiko konpromiso argia erakusteko, eta, hala badagokio, eragindako kaltea onartzeko, egindakoa konpontzeko borondate argi gisa.
Eta hirugarrenik: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak —azken hori beren eskumenen esparruan— borondate irmoa erakutsi behar dute, bai eta gizarte zibileko erakundeek ere, pertsona horien berrintegrazio prozesuari ekarpena egiteko. Prozesu honen lehenengo etapan, urgentea eta laburra, oinarrizko behar ekonomiko eta sanitarioak asetu behar dira, epe motzean pertsona honen bizimodua egonkortzeko. Eta bigarren etapan, bizi-baliabide iraunkorrak eta osasun-, gizarte-, ekonomia-, hezkuntza- eta lan-laguntza egokiak eman beharko lirateke.
Ezaugarri horiek dituen «Guztion eta guztiontzako euskal bide» batek bakarrik bermatuko du oraindik konpondu gabe dugun korapiloa behin betiko askatzea, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko hain beharrezkoa dena.
Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu Espetxe-politikaren aldaketaren lehen fasea ongi burutzea eragile instituzional, politiko eta sindikalen artean sortutako adostasunei esker ere egin ahal izan dela.
Era berean, nabarmendu nahi dugu transferentzia-prozesu osoan alderdi politiko gehienen artean lortutako adostasuna, ‘Aukerak Agentzia’ sortzeari dagokionez atzo Eusko Legebiltzarrean erakutsi zen bezala.
Datozen hilabeteetan, adostasun horiek bigarren fase honetan ere gauzatu ahal izateko baldintzak sortzen saiatuko gara.