2019/12/14

Espetxe politika garai berrira egokitzeko baldintzak daude

Txostenaren aurkezpena:
“Espetxe politikaren aurrerapausoak, trabatzeak eta atzerapausoak”
Donostia, 2019ko abenduaren 14an

Aurkeztutako txostenak 2018ko uztailean hasi eta 2019ko azarora arteko balantzea eskaintzen du. Datuen eta auzien erradiografia bat besterik ez da, gai honek izan duen bilakaerari buruzkoa. Bai Espainiako Gobernuari eta epailetzari buruzko zatian, bai presoei buruzko zatian.

Datu hauek ikusi eta gero, eragile batzuek – Foro Soziala osatzen duten zenbait erakundek barne – datu horiek "edalontzi erdi huts" gisa interpretatuko dituzte. Beste batzuek, ordea, "edalontzi erdi bete" gisa ikusiko dute. Nolanahi ere, eztabaida hori gainditzea eta "edalontzia betetzea" dagokigu guri, behin betiko.

18 hilabete hauetan Foro Sozial Iraunkorrak hainbat aldiz adierazi du uste genuela, Espainiako Gobernuaren ezegonkortasuna eta izan dituen zailtasunak kontuan hartuta, “Konponbiderako premiazko agenda” honetako lehen hiru gaietan urrats ausartagoak eman zitezkeela: graduen eboluzioan, hurbilketa eta isolamenduaren gaietan, alegia.

Ohartarazi izan dugu, era berean, erritmo zuhurregi horiek frustrazio handiagoa eragin zezaketela presoen senide eta gertukoen artean, astebururo ibilbide luzeak egin behar dituztelako oraindik ere, horrek dakartzan ezbehar-arriskuekin. Gaur egiaztatu behar dugu arrazoia genuela. Txostenean jasotzen diren istripuei eta kartzelan hildakoei buruzko datuak argiak dira.

Agian, iraganeko errealitate eta estrategiei erantzuten zieten politikekiko gatibutasun-printzipio bat nagusitu da, gure gizarteak gaur egun bizi duen errealitate-printzipioa nagusitu beharrean.

Ez gara inozoak. Ondo baino hobeto ezagutzen ditugu prozesu honek izan dituen zailtasunak. Kartzeletan bertan eta espetxetik kanpo. Txosten honen izenburua adierazgarria da alde horretatik: "Aurrerapausoak, trabak eta atzerapausoak". Denetarik ikusi dugulako 18 hilabete hauetan.

Hala ere, gure ikuspuntutik, txosteneko datuek berretsi egiten dute bi aldeen borondatea egon badagoela -Espainiako Gobernuarena eta presoena-, eta argi eta garbi adierazten dute ibilbidea nola egin behar den.

Aurrerapausoak beti balioan jartzeko gure filosofiari leial izanik, Foro Sozialetik adierazi nahi dugu, era berean, hilabete hauek gure herrian dagoen adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabala sendotzeko balio izan dutela.

Eta adostasun horrek balio handiagoa du gaur egun, orduan ematen ez ziren eta orain badauden funtsezko bi printzipioetan oinarritzen delako. Duela urtebete, aktore desberdinek presoen auziaren irtenbidea arrazoi humanitarioekin lotzen zituzten. Gaur egun, eragile guztiak bat datoz bi alderdi oso garrantzitsutan:

  • Legeria arrunta eta espetxe-politika normalizatua soilik aplikatu behar dira

  • Bigarrenik, gai hori arrazoizko epe batean ebaztea ekarpen garrantzitsua izango litzateke bizikidetza demokratikoa eraikitzeko.

Gainera, nabarmendu nahi dugu hemen bizi diren biktima gehienek eskuzabaltasunez ekiten diotela irekitako agertoki berriari.

Adostasun zabal horri gehitu behar diogu EPPK Kolektiboa osatzen duten presoen borondate irmoa bide horri ekiteko, dokumentu honetan jasotako datuek frogatzen duten bezala.

Prentsaurreko hau emateko unean mahai gainean dago Espainiako Gobernu berria eratzeko prozesua. Bartzelonan, Madrilen, Iruñean eta Gasteizen Foro Sozialak izandako hartu-emanak kontuan hartuta, adierazi dezakegu Kongresuko gehiengo politikoa ados legoke aipatutako bi printzipioekin.

Pixkanaka-pixkanaka baldintzak eraikitzen ari dira espetxe-politika garai berrira egokitu ahal izateko, arrazoizko epe batean, eta betiere modu erabakigarri eta etengabean egiten bada. Eta baldintzez hitz egiten dugunean, gehiengo politiko eta sozialez ari gara, espetxe-araudiaren barruan urratsak emateko presoen borondateaz, eragindako minaren aitorpena barne, eta baita biktima asko adierazten ari diren eskuzabaltasunaz ere.

Gaur aurkeztu dugun txostena Estatu Frantziari buruzko balantzearekin osatuko dugu. Urtarrilaren 7an, Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Etxean, Mixel Berhocoirigoin eta Anaiz Funosas Bake Artisauek euskal ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko elkarrizketa saioan egindako lanaren balantzea egingo dute.