2019/08/09

Espainiako Gobernuak giza-eskubideen urraketetan izandako ardura politikoa bere gain hartzea aurrerapausoa litzateke

Foro Sozial Iraunkorraren aburuz, adierazgarria da hamar urtean %22,6 jaitsi izana Estatuaren segurtasun-indar eta -kidegoen kopurua gure herrian. Hau da, 1.523 kide gutxiagorekin, Estatuak 5.454 agente ditu egun.

Datua Espainiako Gobernuaren txostenean dakar, 2019ko ekainaren 6ko datarekin, Jon Iñarritu diputatuak Gobernuari Parlamentuan eginiko galderaren ondotik Foro Sozial Iraunkorrera helarazitako txostenean hain zuzen.

2013an eginiko Lehen Foro Sozialeko hamabi gomendioetako bat gai honi dagokio. Hitzez hitz hauxe dio 10. gomendioak: «Estatuaren segurtasun-indar eta -kidegoen kopurua eta eginkizuna birdimentsionatzea gomendatzen dugu errealitatera moldatuz. Halaber, segurtasun-indar eta -kidegoen gaineko kontrol-mekanismoak indartu behar dira erakunde eta gizarte zibilaren aldetik».

Aurrerapausoa da, beraz, konponbide prozesuan. Eta aurrerapen hori modu naturalean gertatzen ari da, eztabaidarik eragin gabe.

Alor honetan oraindik bide luzea dago egiteko eta pauso sendoak eman beharko dira, bai birdimentsionamenduari dagokionez (egun gure herrian 6,6ko polizia-ratioa dugu mila biztanleko; Espainiako Estatuan erdia den bitartean, 3,61), bai kidego horiek haien biktimekiko duten arduraren aitortzari dagokionez.

Guardia Zibila eta Polizia Nazionala, haien funtzioen jardunean, giza-eskubideen urraketa ugariren arduradun izan dira, gure herriak bizi izan duen indarkeria-zikloan.

Kidego horien eskutan, 219 lagunek bizitza galdu zuten Egiari Zor Fundazioaren arabera eta 746ek garrantzi handiko zauriak pairatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eginiko torturen txostenaren arabera, EAEn dokumentatutako 4.113 kasuetatik, Guardia Zibila 1.792 kasutan dago nahastuta eta Polizia Nazionala 1.785 kasutan1.

Zentzu horretan, nazioarteko zuzenbidea oso argia da giza-eskubideen alorrean. Erabat larria deritzo eskubideok jagoteko ardura dutenek eskubide horiek urratzen aritzeari.

Biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan gure herrian kontsentsu transbertsal zabala lortu da oztopo ugari gaindituta. Gauza bera torturaren biktimen kasuan, joan den ekainaren 20an Eusko Legebiltzarrean ikusi dugun moduan biktima horien ezinbesteko erreparazioari buruz adostasun zabala lortu da eta egun bat ezarri da horien errekonozimendurako.

Hala ere, Estatuaren segurtasun-indar eta -kidegoen biktimek beraiekin izandako topaketetan jakinarazi digute oraindik ere “bigarren edo hirugarren mailako” biktima sentitzen direla; errekonozimendurik gabe eta baztertuta daudela diote.

Euskal gizarteak ezin du ontzat eman ETAren, GALen edo kidego parapolizialen biktima bakar bat sekula sozialki edo instituzionalki baztertuta senti dadin berriro ere. Zentzu horretan, aipatutako kontsentsuak esakune hutsera murrizteko arriskua du, konkreziorik gabe, baldin eta pertsona guztiok ez badugu edukiz betetzea lortzen.

Horrexegatik, gure iritziz, Estatuaren biktimen errekonozimendu eta memorian aurrera egin behar dugu, irmo.

Biktimak oso eszeptikoak dira justizia lortzeari buruz. Eta nagusiki egia eta errekonozimendua aldarrikatzen dituzte.

Helburu hori dela eta, gure ustez aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke Espainiako Gobernuak, giza-eskubideen urraketa horien ardura izan zuten gobernuen izenean, bere gain hartuko balu bere ardura politikoa eta biktimei barkatzeko eskatuko balie.

Oso garrantzitsua da memoria kritiko partekatu bat eraikitzea, gertatutako ezer ahaztu gabe, gizarte honi bizikidetza demokratikoa eraikitzeko norabidean aurrera egiten uzteko.

1Nabarmendu behar dugu datuok haien funtzioen jardunari baino ez dagozkiola, ezaguna baita Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko kideen partaidetza bai ekintza parapolizial direlakoetan bai gerra zikinean (BVE, GAL, Acción Nacional Española, Grupos Armados Españoles eta abar). ETAko kideekin izandako enfrentamenduak ez dira sartzen.