2020/09/01

Eskuin muturrak eta funtzionario publikoek eragindako biktimei erreparazioa emateko urratsak eman behar dira, helegiteak egon arren

Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan taldearen ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuko Herritarren Harremanetarako Batzordean parte hartu du gaur. Expe Iriartek, Jose Luis
Urizek eta Fernando Armendarizek osatuko dute ordezkaritza, eta Nafarroako Foro Sozialak indarkerien zikloari eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari buruz egindako hausnarketak partekatu dituzte: biktimak, presoak, memoria inklusiboa. Agerraldia Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Mixtoa-Izquierda-Ezkerra taldeek eskatu dute, eta hasiera batean martxoan egitekoa zen, baina pandemiak atzeratu egin zuen. Hona hemen hitzartze nagusiaren edukia.

Parlamentari agurgarriak, egun on.

Aldez aurretik eskertu nahi dizuegu gaur batzorde honen aurrean hitza hartzeko emandako aukera. Agerraldi hau gure hausnarketak zuekin partekatzeko eskatu genizuen, indarkeria zikloak utzitako ondorioak konpontzeari eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeari dagokionez nola gauden partekatzeko, hain zuzen ere.
Gure hitzartzea bi zatitan egituratu dugu. Hasteko, aurkezpen orokor bat egingo dugu eta, ondoren, José Luis Uriz foru parlamentari ohiak bere esperientzia pertsonala zein izan den kontatuko dizue.

Agerraldi hau martxoaren 24an egitekoa zen, baina pandemia eta konfinamendua zela eta bertan behera utzi behar izan genuen orduan.

Une hartan helburu nagusia zen pasa den urteko azaroan Kondestable Jauregian eta Parlamentu honetako hemizikloan antolatu genituen jardunaldien ondorioak aurkeztea, urtarrilean banatu genizuen dokumentuan jaso genituenak.

Camino Oslé, Guillermo Múgica, Vicente Madoz, Roberto Manrique eta Idoia Zabaltzaren ekarpenek gaurkotasun osoa badute ere, orduaz geroztik gauza asko gertatu dira. Esaterako, aurtengo jardunaldi berriak antolatu ditugu dagoeneko aste gutxi batzuen barruan; jakina, bertara gonbidatuta zaudete. Horregatik, gure gaurko hitzartzeak hasieran zuen helburua gainditu eta eguneratu egingo du.

Nafarroako Gobernuak helburu garrantzitsua ezarri dio bere buruari legealdi honetarako: Nafarroako I. Bizikidetza Plan Estrategikoa modu parte hartzailean adostea.
Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak Plan Estrategiko hau martxan jarri izana txalotzen du eta gure egiten dugu dokumentuaren helburua: "Berdintasunean eta askatasunean bizitzea Nafarroa demokratiko, plural eta askotariko batean".

Pozten gaitu jakiteak bat datozela ekimena eta berau ezartzeko borondatea joan den azaroan egin genuen diagnostikoarekin: "Eragile instituzional, akademiko, politiko, sindikal eta sozialen borondateak, nahiak eta prestutasunak baloratuta, gure ondorioa argia da: legealdi honek Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak betetzen ditu".

Horren ondorioz, Foro Sozialak ekarpenak egin dizkio "Bizikidetzaren Liburu Irekia" delakoari, atariko fase honetan. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak duela gutxi argitaratutako sintesi dokumentuan jasota daude.

Ekarpen horietan azpimarratzen dugu, bizikidetza lortzeko -guk "demokratiko" gisa izendatzen duguna-, beharrezkoa dela indarkerien zikloaren aurreko fasetik bere horretan dirauten korapiloak askatzea.
Bizikidetza demokratikoaz mintzo gara, uste dugulako oinarri sendoak eraikitzeko, ez errepikatzeko bermeekin, funtsezkoa dela herritar guztiek eskubide guztiak bermatuta izatea.

Gizarte ororen legeriatan modu zabalean onartu eta legitimatzeko moduko lehentasunezko zerbait badago, hori giza eskubideen, eskubide zibilen eta sozialen urraketak eragindako sufrimendua saihestearen aldeko akordioa da.

Hori horrela izanik, bizikidetzak beharko luke izan izan gizarte ororentzat lehentasun politikoa. Hau da, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea, eta desadostasuna gainditzeko elkarrizketa baliatzea.

Gaurkoan aurkeztuko dizuegun ekarpen honen bidez, Nafarroan 2016ko ekainean Foro Sozial Iraunkorra sortu zenetik izandako aurrerapenenen eta traben ebaluazioa egingo dugu.

Orduaz geroztik, aurrerapauso sendoak eman dira:

ETAren armagabetze zibila eta desegitea gertatu dira; Parlamentuko osoko bilkuren aretoan ETAren eta Estatuaren biolentziek eragindako biktimen arteko topaketak egin dira, eta bertan, biktimek, eskuzabaltasun handiz jokatuta, elkar aitortzarako bidea erakutsi digute; adostasun zabala lortu da biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan, eta Estatuaren biktima deritzotenek bizi duten diskriminazioa gainditzeko beharraren inguruan; pentsaezinak ziruditen adostasunak lortu dira preso dauden nafarrei dagokienez, eta oraindik bere horretan dirauen salbuespenezko egoera gainditzeko eta espetxe politika normalizatua aplikatzeko beharraren inguruan; torturaren biktimak aitortzeko lehen urratsa eman da Nafarroan torturatutako pertsonei buruzko txostenaren egikaritzarekin, 1960tik 1978ra urte tarteari dagokiona, hain zuzen ere; eta, azkenik, garrantzitsuena, Nafarroako gizarte osoak urrats sendoak eman ditu bizikidetzaren eraikuntzan.

Aldi berean, egia da blokeo handiak egon badaudela:

Lehenengoa, biktimei dagokiena.

Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta kalteordainak emateari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea errekurrituta dago.

Beraz, lege horren ezarpen ezak segurtasun falta handia eragiten du biktimengan, eta erakundeek aitortza osorantz urrats sendoak ematea eragozten du.

Erreparazio instituzionala da horrelako biktimei geratzen zaien itxaropen bakarra, justizia arruntean konfiantzarik ez dutelako. Hori baieztatzen dugu, nahiz eta sektore horietan poztasuna sortzen duen, adibidez, bihar Martin Villa jauna inputatu gisa agertzeak, besteak beste, 1978ko San Ferminetako gertakariengatik, Argentinatik sustatu den kereilaren testuinguruan, Legebiltzar honek berak babestu duen ekimena.

Konstituzio Auzitegiak uztailean Euskal Autonomia Erkidegoko antzeko legeari buruz emandako epaiak itxaropenerako leihoa zabaltzen badu ere, biktima horiek bigarren mailako kontsiderazioa dute oraindik ere, Idoia Zabaltzak Parlamentu honetan bertan azaroaren 26an adierazi zigun bezala.

Aurkeztutako errekurtsoak sortzen duen segurtasun juridiko eza ulertuta, uste dugu beharrezkoa dela biktima mota horien erreparaziorantz urratsak ematea.

Bigarrena. Memoria kritiko inklusiboaren gaia, alderdien artean errelatoaren gaiaren inguruan sortzen den eztabaidak baldintzatzen duena.

Errelatoari dagokionez, zilegizkoa den eztabaida etengabe bueltaka ari den noria baten antzerakoa dela esan dezakegu duela urte batzuetatik hona, argudio berberak errepikatu eta errepikatu eta aurrera egin ezinik, eta gainerako gaietan urrats erabakiorrak ematea baldintzatuaz.

Gainera, azken hilabeteetan eztabaida politikoa gogortu egin da, ETA desagertu zenean zabaldu zen testuinguru berrian horrelako zerbait gertatzea pentsaezina bazen ere. Gure esperientziak adierazten digu alderdien arteko eztabaida legitimoa tenkatzeak zuzeneko ondorioak dituela indarkeria zikloaren ondorioen ebazpenari dagozkion ekimenetan, eta, bereziki, "errelatoaren borroka" deitu izan den horren enkistatzean.

Legegintzaldi honetan adostasun politiko berriak eraikitzea beharrezkoa dela uste dugu. Ezagutzen ditugu errelatoaren gaiak planteatzen dituen zailtasunak, baina hori ez lortzeak gizarteak gai honekiko atxikimendua galtzea eragiten du. Eta horrek arrisku handia du: gaia bizkorregi istea eta bakearen eta giza eskubideen kulturan soilik oinarritutako errepikapenik ezaren oinarri sendoak ezartzeko hain beharrezkoak diren ondorio kritikoak ez ateratzea. Arrisku hori ez da onargarria.
Gure ustez, eraiki beharreko adostasun horietako lehena izan beharko litzateke alderdien arteko eztabaidatik at kokatzea biktima guztien eskubideen aitortza edo presoei politika normalizatua aplikatzea bezalako gaiak, plano pre-politiko batean, eraginkortasunez jorratu ahal izateko.
Hirugarrena. Nafarroan dagoeneko ibilitakoa baldintzatu nahi duten sektoreen iraunkortasuna.

Batzuk iraganeko logiken arabera funtzionatzen jarraitzen duten presio lobbyetatik, irabazle-galtzaile logikak esaterako, emandako pausoak baldintzatu nahi dituzte, politika instituzionalak bereziki.

Alde horretatik, dei egin nahi dizuegu iparra galdu ez dezazuen eta ez zaitezten utzi eramaten iraganean ainguratuta jarraitu nahi duten posizio horiengandik.

Bada laugarren blokeo bat, Plan Estrategikoaren atariko fasean landu ez dena, baina Foro Sozial Iraunkorrean jorratzea beharrezkoa dela uste duguna. Eta honakoa da: premiazko pauso irmoak eman daitezela preso, ihesean edo deportatuta dauden 34 nafarrei espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko.

Idatziz aurkeztutako gure ekarpenean baieztatzen dugun bezala, gure ustez, indarkerien zikloaren ondorio hori konpontzea "bizikidetza demokratikoari ekarpen garrantzitsua egitea da, presoei ibilbide orri berri bat eskainiaz, egungo errealitatera egokitutako espetxe legeria berri baten aplikazioa erreferentzia izanda eta eragindako kaltea aitortzean oinarrituta”.

Alde horretatik, adostasunak zabaltzeari dagokionez, pandemiak eta konfinamenduak oso dinamika interesgarriak sortu dituzte Nafarroan. Esaterako, "SOS Presoak Covid19" dinamikak babes politiko eta sozial (sindikatu guztiak) garrantzitsua lortu du gure lurraldean.

Covid 19ri lotuta, lehen alertak ematen ari dira espetxeetan komunikazioei ezarritako murrizketekin. Ildo horretan, uste dugu beharrezkoa, premiazkoa eta sen onekoa dela une honetan aurrerapauso bat ematea. Hori dela eta, komenigarria litzateke Nafarroako Gobernuak, Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluarekin bat etorriz, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, preso guztiak Iruñeko kartzelara hurbiltzeko plan bat antolatzea, Espetxe Erakundeekin lankidetzan.

Eta hori guztiz posible da Nafarroaren kasuan. Otsailaren amaierako datu ofizialen arabera, 286 pertsona zeuden Iruñeko kartzelan. Kartzela horrek, guztira, 504 ziega ditu, eta 1.000 preso hartzeko gaitasuna. Beraz, badago nahikoa leku plan horri aurre egiteko eta jatorria, ohiko bizilekua edo familia ingurunea Nafarroan duten 184 pertsonak Iruñeko espetxean birkokatzeko.

Atal hau amaitzeko, positiboki baloratu nahi dugu Foru Komunitateari espetxe osasunaren eskumena transferitzeko akordioa. Espero dugu hori lehen urratsa izatea gai horrekin zerikusia duten gainerako eskumenak ere transferitzeko bidean.

Zailtasunak agerikoak dira Nafarroan, baina argi izan behar dugu Nafarroako gizartearen gehiengoa konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko logiketan kokatzen dela.


2016an sortu ginenean, inork ez zigun esan bidea erraza izango zenik. Aurretik adierazi ditugun kezkek urrundu egiten gaituzte gizarte orok merezi duen bizikidetza demokratikotik. Foro Sozial Iraunkorrak bizikidetza hori sendotzeko lanean jarraituko du, "konponbiderako agenda" deituriko horretatik abiatuta; baina badakigu bizikidetza hori gizarte zibilak dituen agenda anitzetatik elikatu behar dela, bizikidetza baketsuaren eredu berrietara igarotzeko, giza eskubide guztiak, politikoak eta zibilak errespetatuz. Testuinguru horretan du birtualtasun osoa I. Bizikidetza Plan Estrategikoaren ekimenak.
Foro Sozialak beti azpimarratu du gizarte zibilaren egiteko aktiboa. Gizarte zibila izan da sarritan erakutsi duena irtenbide berritzaileak bilatzeko gaitasuna duela. Esaterako, azken urteetan konponbidearen agendan emandako urratsak adibide argia dira.
Amaitzeko, gure konpromisoa da jarraitzea diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen eta gomendioak proposatzen, aipatu ditugun gai horiei guztiei irtenbide berritzaileak aurkitzeko.
Erabat sinetsita gaude, hain zuzen ere, sufritu dugunagatik –sufritzen ari garenagatik– gizarte hobe bat eraikitzea ahalbidetuko digun esperientzia metatzen ari garela.