Steilas hezkuntzako langileen sindikatua da, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino hartzen ditu bere baitan.
STEILASen baitan etengabeko eztabaida dugu hori. X. Kongresuaren azken ponentzian atal bat sartu zen ildo horretan. Egun, Foro Sozial Iraunkorreko entitate parte-hartzaile gisa eta "Bizikidetza Demokratikoa eraikitzeko Konpromiso Soziala" izeneko prozesu parte-hartzailearen eremuan, horretan sakondu nahi izan dugu honako ekarpena eginez.
Bizikidetza lehentasunezko balioa baldin bada eta hezkuntza bizikidetzan bizitzen ikasteko eta praktikan jartzeko funtsezkoa bada, eskola, familia eta gizartearekin batera, bizikidetza barnean nahiz kanpoan sustatzeko eta zabaltzeko esparru horietako bat da.
Eskola bizikidetza ardatz duen izaera baten sortzaile, forjatzaile eta artisau izan behar du; hau da, finean, gainerako pertsonen eskubideekiko errespetu zorrotzaren eragile, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren agindua da.
Elkarbizitza giroak ezinbesteko oinarria izan behar du ikastetxearen egunerokoan, baita jendartearenean ere, elkarrekin bizi, elkarrekin hazi eta elkarrekin ikasteko. Ildo honetan, giza-eskubideen aitortza eta bakerako kultura elkarbizitzaren oinarrizko baldintzak baino ez dira. Horregatik, elkarbizitzarako eta bakerako hezkuntzari bere tokia eman behar zaio hezkuntza-sistema osoan, eta benetako zehar-lerro bilakatu.
Elkarrekiko errespetua eta elkarbizitza egokia lortzea eskola-komunitate osoaren lana da, ez irakasleona soilik. Irakasle, langile, ikasle, guraso eta inguruko guztiok gara eragile eta hartzaile eskolako elkarbizitzan, eta guztion lankidetza eta elkartasuna behar dira. Elkarbizitzarako plangintzak ezinbesteko tresna izan daitezke; horretarako, eta elkarbizitzak merezi duen ganoraz lantzeko, beharrezkoa da ikastetxeek horretarako dituzten baliabideak nahikoak eta egonkorrak izatea.
Eskolak elkartasuna, senidetasuna, enpatia, bestearen minarekin bat egitea eta bitartekotza bezalako balioak sustatu behar ditu, eta baztertu eta arbuiatu gatazkak konpontzeko indarkeriaren bidea; mota guztietako gatazken errealitatea aintzat hartu arren, berauen konponbide baketsua bultzatuz eta helburuak bitartekako justifikatzen dituelako ideia zalantzan jarriz.
Proposatzen dugun hezkuntza sisteman, horiekin batera, giza-eskubideen ezagutza –Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala oinarritzat hartuta –, haien inguruko hausnarketa eta defentsa nabarmendu behar dira.
Biktimek hezkuntza-sisteman izan behar duten trataerak aipamen berezia merezi du, azken boladan hika-mika eta erabilpen politiko ugari gertatu baitira horren inguruan. Bestalde, euskal gatazkak eragindako biktimen gaia gure jendartean behar bezala gainditu gabe dagoen erronka dela jakinik, nekez eska dakioke eskolari era egokian bideratzea. Nolanahi ere, edozein plan gauzatu aurretik premiazkoa da zenbait irizpide adostea eta argi finkatzea, baita sentsibilitate, errealitate, iritzi eta eragile guztiak kontuan hartzea ere.
STEILASen iritziz, biktimei eman behar zaien tratuak adostasun zabala izan behar du jendartean zein hezkuntza-komunitatean, eta bazterkeriarik gabe garatu behar da, “ahaztutako” biktima berriak sortu nahi ez baditugu behintzat. Horrez gain, gaia ikuspegi pedagogikotik garatu behar da, eta ihes egin behar da doktrinamendu politikotik eta edozein manipulaziotik.
Lehenik eta behin, onartu behar da biktimak askotarikoak direla, askotariko jatorria dutela, eta haien saminak alde anitz dituela. Aintzat hartu behar dira ETAren indarkeriak eragindako biktimak (hildakoak, zaurituak eta mehatxatuak), estatuaren indarkeriak azken 30 urteotan eragindakoak (hildakoak, torturatuak, sakabanatuak eta desagertuak), baita frankismoak eragindakoak ere (hildakoak, espetxeratuak eta torturatuak).
Eta indarkeriak milaka aurpegi dituenez indarkeria matxistaren biktimak ere bai. Eta horretarako, ezinbestekoa da gertatutako guztiaren berri zuzen ematea, memoria historikoa berreskuratzea eta azalaraztea.
Bestalde, biktimei zor zaizkien aitortza, oroipena eta elkartasuna bideratu behar dira, euren ideiak edo helburu politikoak alde batera utzita. Eskolan, berriz, elkarbizitzarako eta bakerako hezkuntza irizpide pedagogikoetan oinarritu behar da soilik, hezkuntzaren egunerokoan txertatu behar da beste zehar-lerroak dauden bezala, eta ezin da bideratu ekimen bakan eta entzutetsuen bitartez. Auzi honetan “Giza-eskubide guztiak pertsona guztiontzat” printzipioa oinarritzat hartuko bagenu, arazoaren amaierara daraman bidean egongo ginateke, printzipio hori onartzea ezinbestekoa baita bakea eta normalizazio politikoa lortzeko.
Egun, erronka honi ez diote batere laguntzen hainbat arlotik plazaratzen ari diren ekimen eta egitasmo batzuek: herritarron eskubide zibilak murrizteko, adierazpen askatasuna mugatzeko, protestak erreprimitzeko eta debekatzeko, demokrazia ahultzeko, gobernuen kontrako adierazpenak zigortzeko, pentsamendu kritikoa zapaltzekoak... Ekimenok eskolan ere isla izan dute; Giza Eskubideak eta Herritartasunaren Hezkuntza arloa desagerrarazi izanak horren adibide da.
Pentsamendu bakarraren garaira itzuli nahi izateak, alde bakarreko kontrol sozialari berrekiteak, disidentzia isiltzeak, giza eskubideak eta eskubide zibilak, askatasuna eta desberdintasuna ezabatzeak, doktrinamendu ideologikoa saihesteko aitzakiarekin, ez dute laguntzen, inola ere, bizikidetza demokratikoa eraikitzen.
Erakunde politikoek eta gobernuek Giza Eskubideak izan behar dituzte nagusi, eta horretarako behar diren bitarteko politiko eta ekonomiko guztiak jarri beharko lituzkete. Eta eredu izan behar dute etengabe berdintasunean, elkarrizketan, aniztasunarekiko errespetuan eta interes alderdikoien gainetik guztion ongia lehenestearekin lotutako gaietan. Demokratikoa izan nahi duen gizarte batek, bizikidetzaren balioagatik ez ezik, eraginkortasunagatik ere egin behar du; izan ere, bizikidetza demokratikorik eta bakerik gabe, ez dago aurrerapenik.
Eskola zabortegitzat edo gizarteko gatazka guztien (indarkeria, droga matxismoa, delinkuentzia) konponketa-lantegitzat hartzea ez da hutsegite bat bakarrik, baizik eta arduragabekeria eta bidegabekeria ere.
Hezkuntza balioen transmisioan oinarritzen bada, hutsegite bat da, ezin baitugu espero nagusiki trebetasun ezberdinen irakaskuntzarako prestatutako instituzioak bere eremutik kanpo eratorritako akatsak zuzentzeko ardura izan dezala. Batez ere, norberekoikerian, lehian, gizarte arrakasta ekonomikoa edozein preziotan lortzeko helburuan eta desberdina denarekiko, atzerritarrekiko, ahulekiko mespretxuan oinarritutako balioez ari gara. Eta hori ere eskolara dator. Europako instituzio politikoek gerrak eta goseak eragindako errefuxiatuekiko erakusten duten mespretxua beste hezkuntza-adibide negatibo bat da, hiritar batzuei barru barruraino sartzen zaie eta mimetikoki errepikatzen da.
Arduragabekeria da hezkuntza agente bakarraren gain uzten duelako zama guztia, eskolaren esku, gizartearen ardura ere badela ahaztuta (guztion ongia baino, beraien interesak defendatzea nahiago dutela aditzera ematen duten alderdi politikoak, ezbairik gabe desinformatu eta gatazka bultzatzen duten hedabideak, politikari ustelak eta usteldu ekonomikoen beharra duen ustelkeria, indartsuena babesteko politikak etab.).
Horregatik, balioen curriculuma ezin daiteke soilik eskolan garatua izan dadila espero. Benetako bizikidetza demokratikoan bizi den hiritarrez osatutako gizartea nahi badugu, ezinbestekoa da balio politikoen eta politika publikoen aldaketa gauzatzea.
Steilas hezkuntzako langileen sindikatu da, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino hartzen ditu bere baitan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Nafarroan dihardu 1977tik. Ezkerreko sindikatua da, gobernu eta patronalen erasoei erantzuteko eredu sindikal borrokalaria eta dinamika parte hartzailea bultatzen dituena.
Webgunea: steilas.eus
Issuu: steilas sindikatua
Facebook: @SteilasSindikatua
Twitter: @STEEEILAS
Youtube: steilas sindikatua